EH Bilduk gizartearen beharretara egokitu nahi du haur eskolen zerbitzua
Koalizio soberanistak legez besteko proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean EAEko haur eskolen gabeziei aurre egiteko. «Bada garaia egoera sozial berrietara egokitzeko», nabarmendu du Rebeka Uberak.
Ion SALGADO | GASTEIZ
EH Bildu koalizioaren legebiltzar taldeak legez besteko proposamena erregistratu du Gasteizko Parlamentuan EAEko haur eskolen gabeziei aurre egiteko. Rebeka Ubera legebiltzarkide soberanistak nabarmendu bezala, ekimen berri honek helburu zehatz bat dauka: «Haurreskolak Partzuergoak euskal gizartearen errealitate eta beharrei eraginkortasunez erantzuten jarrai dezan».
Haur eskoletako matrikulazio datuen eta beken inguruko informazioa aztertu ondoren aurkeztu du legez besteko proposamena EH Bilduk. Datuak ikusita, Uberak Haurreskolak Partzuergoan matrikulatzeko «ordaindu beharreko kuotak» ez direla egun EAEko familiek bizi duten errealitatera egokitzen nabarmendu du. «Herritarrek dituzten oztopo eta zailtasunak areagotu besterik ez dituzte egiten kuotek gaur egungo krisi ekonomiko eta sozialaren baitan», azpimarratu du.
Ohar batean, legebiltzarkideak krisiaren erruz matrikula kopurua jaitsi egin dela nabarmendu du. Bere iritziz, horrek bi ondorio latz ekarriko ditu: batetik, zenbait haur eskola itxi egingo direla, eta, bestetik, emakumearen emantzipazioan eta berdintasunean emandako aurrerapausoak arriskuan egongo direla. Adierazi duenez, «krisi garaiotan, familiaren zaintza lanetara itzultzera behartua izaten ari da emakumea, familia ugari egoera oso prekarioan bizi baitira».
Koalizioak Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako legez besteko proposamenak, haur eskolen zerbitzua eguneratzea aldarrikatzen du, betiere aipatutako «desorekak» konpontzea helburu. «Partzuergoa 2003an sortu zen eta errealitate zeharo aldatu da ordutik. Bada garaia egoera sozial berrietara egokitzeko», nabarmendu du Rebeka Uberak.
Ikasturte honetan hiru haur eskola itxiko dira Gasteizen. Almudena Cid Errota auzoan, Txirrinbil Lakuan eta Andre Maria Zuria Abetxukon.