udate
Jai herrikoien alde euren lana zaildu izana salatu dute Donostiako Piratek
Donostiako Piratek balorazio oso positiboa egin dute Aste Nagusiaz, baina Lakuako Gobernuko Itsas Portuetako arduradunek «segurtasunaren izenean» euren lana zaildu izana salatu dute.
GARA | DONOSTIA
Donostiako Piratak mugimenduko kideek balorazio baikorra egin dute aurtengo Aste Nagusi Pirataren inguruan. 81 ekitaldi gauzatu dituzte guztira, egunerokotasunak bultzatuta Bilboko txupineraren eta jai herrikoien alde egindako elkarretaratzea barne. Ekitaldi horietatik 46 kofradiek beraiek antolatu dituzte, eta, gainera, Eskifaia kofradia bakarra izatetik, egun bost izatera igaro dira. «Parte hartzeak eraldatzailea izan behar du egiazkoa izan behar bada, eta eraldatzailea izateko indarrean dauden balioak irauli behar ditu ezinbestean», adierazi zuten. «Kofradiak izango dira irailetik aurrera jai herrikoien aldeko mugimendua nola eratu eta datorren urteko egitarauak adostu beharko dituztenak. Horretarako, antolaketa ereduaren inguruko gogoetaren bigarren atala garatuko dugu», zehaztu zuten.
Aurtengo arrakasten artean, Abordatzea azpimarratu zuten beste behin, arazo larririk gabe igaro zena. Abordatze Txikiak, berriz, 250 eta 270 parte hartzaile artean izan zituen. Aurten ere hiru jai gune izan dira musika estilo ezberdinez gozatzeko aukerarekin. Zero Zabor mugimenduarekin ere bat eginik, «pausu handiak» egin dituztela azpimarratu zuten.
Balorazioa positiboa izanagatik, Piratek ohartarazpen bat egin nahi izan zuten. «Segurtasunaren izenean, baina baita bestelako aitzakia ulertezinen bidez ere, Donostiako Piratok proposatzen dugun jai eredua auzitan eta zalantzan jartzeari ekin diote erakunde batzuek. Eusko Jaurlaritzaren Itsas Portuetako arduradunek kasu, neurri gabe eta argudio sendorik gabe zaildu dute gure lana», salatu zuten.