GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Eskegi zuk

 


Idazlea | Jon GARMENDIA

Umezurtz sentitzea zer den! Metaforikoki, noski, bere larruan ez bazaude nehoiz ezingo baituzu jakin gurasorik ez duenak sentitutakoa. Baina hitz hori heldu zitzaidan burura Euskaltel Euskadik txirrindularitza uzten zuela iragarri bezain laster. Bestalde, Miguel Madariagak «haur» hitza baliatu zuen taldearen desagertzea adierazteko, semea bahitu eta zortzi hilabete geroago hilda itzuli baliote bezala sentitzen zela erran baitzuen. Izugarria izan zen gaiak sare sozialetan sortu zuen lurrikara, mostra gisa bi aipamen. Lehena, txirrindularitzaz anitz dakien kirol kazetari batena: «Multinazionalak dirua poltsikoan gordetzea erabaki du, eta erakunde publikoetan ez dago sosik halakorik mantentzeko. Aurreikuspen falta izan da, eta ez dute maila apalagoan hasteko saiakerarik ere egin». Bigarrena, kulturako kazetari batena: «Ez dut anitz ezagutzen bizikletaren mundua, baina hau ez al da Athletic edo Reala gabe geldituko bagina bezala?». Kuriosoa da, gaia ezagutu ala ez, anitz jenderi albisteak kezka eragin diola jakitea, eta txirrindulariekin zer gertatuko den, Tourreko maldak laranja kolorez berriro jantziko ote diren... kezkak ehunka ziren atzokoan. Beste askotan bezala, aurten ere, Pirinioetako etapa bat ikusten izan nintzen, Ax Trois Domaineskoa, milaka euskal zaleturen giro apartarekin gozatua hartzen, eta ene lagun baten 8 urteko semeak, Paulek, kamiseta laranja jantzita bere taldea ikusteko ageri zuen irrika hori nekez ahantziko dut. Ziklismoa maite dut, bai, eta, justuki, euskal talde honetatik maite ez nuen bakarra Euskaltel izena zen, enpresa baten promozioa egiten nuela iruditzen baitzitzaidan taldeari aupa! erraten nion aldi bakoitzeko. Orain, txirrindulariak, zaleak... eskegita utzi gaitu denak, bere azken kanpainaren lelo errepikakor eta aspergarri horren baitan. Eskerrak bizi izan ditugun emozioak gure bihotzetik eskegita eramango ditugula bizitza osoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo