UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Cano
Kontraplanoekiko menpekotasuna
Nora Stewart goibel eta nora ezean dabil Didi Larrea arrastorik utzi gabe desagertu denetik. Memodosia memodosiaren atzetik, haren adikzioan aurkitzen du aterpe. Aterpea barik, beste zerbait topatuko du, ordea, oraingoan: ezagutzen du ziztatu dituen oroitzapen horien jabea.
Didik arrastorik utzi gabe alde egin duenetik lur jota dabil Nora. Edozeinen oroitzapenak sartzen ditu zainetan barrena. Memodosi berririk erosteko dirurik geratzen ez zaionez, merkatu beltzera jo behar izan du oraingoan moduzko materialaren bila. Ondotxo daki errumanoideek erabilitako memoria zatien bila arakatzen dituztela birziklapen edukiontziak, eta Jazz Malanda bezalako bitartekariek bigarren eskuko material hura saltzen dutela gero, adulterazio gehiegizkorik izango ez duen garantia minimo batzuekin. %100eko segurtasunik ez dago, jakina; oihana da San Mames Barriaz haragoko eremua –Under Your Responsability Beyond This Point–. Beti dago arrisku bat.
Memounitatean memodosia ziztatu ahala, zerbait berezia sentitu du, ohiko barne-loratze euforikoaz haraindi. Oroitzapen haiek, beste norbaitenak izan arren, ezagunak egin zaizkio. Ispiluaren aurrean dagoen ume hura, adibidez, ez da ikusten duen lehen aldia. Oroitzapenak haurtzarotik gaztarora pasa direnean, garbi ikusi du dena: Didi Larrea da umea. Nora Stewart bera agertzen da beranduago oroitzapen horietan, Didiren eskutik irribarrez paseatzen, edo harekin ohean txortan, plazerezko hasperen artean, eta ez soilik hipnolarrutan. Didi Larrearen oroitzapenak dira, beraz, duela gutxira arte ohe-lagun –sex friend litzateke agian esamolderik aproposena– izandakoarenak. Baobil bezalako hiri handi batean merkatu beltzean zure ohekide izandako norbaiten memodosi erabiliak egokitzeko aukerak zenbatekoak diren kalkulatzen saiatu da Nora Stewart. Urriak, inondik ere. Batetik, Didi Larreak bere oroitzapen horiek baztertu eta zaborretara bota izanak mintzen du, oroitzapen ederrak begitantzen zaizkiolako Norari, baina bestetik, bere egoa puztu egiten du oroitzapen haiek zein bizi eta atseginak diren ikusteak, inoren sekretuaren jabe izateak; bera izanik, gainera, sekretu horretako protagonista eta altxor nagusi. Oroitzapen ederrak dira haiek, Didik estimatzen zuen seinale. Norak berak gogoan gorde ez zituen xehetasunak jasotzen dituzte, gainera (Nora lo zegoela, Didi haren gorputzari begira, izara apur bat apartatu ondoren, begirada egarberaz; edo, are bortitzago: Didi Nora top lessean agertzen zen holoirudi bati begira ezkutuan hipnomasturbatzen). Sentipena oso da gozagarria, zerorren bizitzako kontraplanoen jabe izatearen pareko zerbait. Zoratzeraino adiktibo.
Didi Larrea egun batetik bestera desagertu zen bere bizitzatik, bai, azalpenik eman gabe, eta Nora Stewartek badu oroitzapen haietan Didiren desagerpenari buruzko azalpenen bat topatzeko esperantzarik. Topatu du zerbait, eta ez da esperotakoa izan. Didi Larrea tiro-eremu batean ikusi du, kartoizko txorimaloak tirokatzen polimero gardenezko betaurrekoak soinean zituela. Didi Larrea pisu astunak altxatzen gimnasioan. Didi Larrea ergometroaren proba egiten. Didi Larrea Europoleko egoitzan lanean, bertako langilea dela adierazten duen plaka paparrean duela. Eta ez du bertan Didi Larrea jartzen, inoiz entzun gabeko beste izen bat baizik.
Hor amaitu dira oroitzapenak eta hor hasi dira Nora Stewarten zalantzak. Bizirik ote dago Didi Larrea? Bere borondatez baztertu zuen memoria zati hura, ala norbaitek erauzi zion eta desjabetu zuen bere memoriaz? Azken memolapurretaren ondorioz merkatu beltzera pasatako oroitzapenetarik bat ote zen Jazz Malandak saldutako hura? Ba ote zegoen Didi Larrearen oroitzapen gehiago? Europoleko langilea izaki, arraroa zen, hain informazio sentibera izaki memodosi haiek merkatu beltzean edonoren esku geratzea. Ala ez?
Babes Eremura itzultzeko garaia dela dakien arren, ezin izan dio tentazioari eutsi. Eremu segururantz egindako bidea desegin eta Coca-Cola Zero satelite publizitarioak Eremu Babestutik kanpo proiektatutako argi-itzal luzeetan barneratu da berriz, Jazz Malandari jatorri bereko memodosirik ba ote duen galdetzera.
-Badakizu zein den my policy: ez dut jatorri bereko memodosirik birritan segidan ematen. Too dangerous.
-Non eskuratu zenuen esango didazu, gutxienez?
-Hori informazio strictly confidentiala da, my dear. Gainera, ez dut ondo gogoratzen...
Amnesiaren kontrako doleuro sorta atera du Nora Stewartek patrikatik.
-Orain vaguely oroitzen dut, bai: Sylesiarako txartela nahi zuen.
-Bizirik segitzen du, orduan?
-Litekeena da, baina beste memory eta nortasun batekin.
-Eta baduzu haren memodosi gehiago?
-Bi bakarrik geratzen zaizkit. Erretiratzeko adina lortzea espero dut haien truke, baina ikus dezazun nik ere badudala a piece of heart, bi kopia emango dizkizut zuri-beltzean.
-Ez dira edozer gauza: barrutik iritsi zaizkit, Ertzaintzako elite tropa perutarretan ditudan satorrengandik.
Nora Stewartek Babes Eremuko zaborretan zeutzan memojunkien artean oinez egin zuen leku segururainoko bidea. Haiek ziztatua izango zuten agian berari falta zitzaion puzzlearen pieza. Didi Larrearen bizitzaren zati hori. Bakarren batek, junkie aurpegiarekin barik, desio eta irrikaz so egiten ziola iruditu zitzaion. Didi Larreari maileguan hartutako oroitzapen erotikoetatik Nora ezagutuko balu bezala.
... biharko kapitulua:
MEMORY DUMP