Igor Goikolea | Euskal brigadista
«Israelgo militarrek zigarro bat itzali zidaten behatz batean»
Pasa den ostiralean Israelgo militarrek Igor Goikolea (Gasteiz, 1993) atxilotu zuten Al-Ma'saran, Betleem hiriaren ondoan dagoen herri batean. Bi egun preso igaro ondoren, Hebroneko eta Tel Aviveko komisarietan, gaztea Euskal Herrira itzuli da.
Ion SALGADO | GASTEIZ
Astelehenean ez zenuen parte hartu elkarretaratzean. Zer moduz zaude bi egun preso pasa ondoren?
Oraintxe bertan, Gasteizen egonkortzen. Atzo [astelehenean] iritsi nintzen lehenengo gaua Madrilen pasa ostean, eta oraindik ezustekoa kendu ezinik nago nolabait. Orain han utzi nituen gauza guztiak ekarri nahi ditut, azken batean, bi egunak pasa ditut kamera batekin eta eguzkitako betaurrekoekin.
Zer egiten zenuen Palestinan?
Brigadistek asko daukagu herri horietatik ikasteko. Han biltzen gara eragile desberdinekin, joaten gara hango jendearekin hango egunerokotasuna ezagutzera, gero guk ikusten duguna hona ekartzeko, han erabiltzen dituzten borroka molde ezberdinak hemen erabiltzeko. Halaber, guk, hara joaterakoan, zabaltzen dugu gure herriaren egoera, Euskal Herriko egoera.
Pasa den astean bi gazte atxilotu zituzten Al-Ma'saran. Ezagutzen zenituen?
Hilaren 8an heldu ginen, eta lehenengo manifestazioa 9an izan zen. Atxilotu zituzten gazteak ezagutzen genituen kanpamenduetan dauden gazte elkarteko kideak zirelako. Ostiralero egiten den manifestazio internazionalistara joan ginen, eta bertan atxilotu zituzten. Lehenengo eskutik ikusi genuen guztia, eta era berean bizi izan genuen gero martxan jartzen den prozesua abokatuekin hitz egiteko.
Hurrengo astean izandako manifestazioan atxilotu zintuzten. Zer gertatu zen?
Manifestazioak kolonoen lurren ondoan egiten dira. Pasa den astekoa ez errepikatzeko hitz egin genuen italiarrekin, eta erabaki genuen aurrerapauso bat eman behar genuela, eta saiatu behar ginela kolonoen auzoetara jaisten beste leku batetik protesta egiteko. Militarrek ez zuten espero gu errepidean sartuko ginela, eta urduri jarri ziren.
Bat-batean kamioi batek manifestazioa erditik zatitu zuen, eta ni aurreko taldean nengoen; hogei bat lagun geunden han. Aurrera joaterakoan militarrek beste kordoi bat jarri zuten eta momentu horretan militar batek Aida kanpamenduan ezaguna den gazte bati buruarekin jo zion, eta azkenean bere metraileta buruan jarri zion.
Momentu horretan, aurrera egin zuten bildutakoek, batez ere internazionalistek, bagenekielako ez zigutela ezer egingo, baina niri egia esan momentu horrek shock ikaragarria eragin zidan eta bakarrik geratu nintzen. Orduan hartu ninduten.
Zurekin batera beste hiru gazte atxilotu zituzten israeldarrek. Nora eraman zintuzteten?
Bai, italiarra atxilotu zuten ni baino minutu bat beranduago, eta palestinarrak atzera bueltatzerakoan atxilotu zituzten. Nire ustez, gure atxiloketa ilegala izan zen, gure atxiloketa Israelgo poliziak egin beharrean militarrek egin zutelako. Militarren kamioi batean igo baino lehen kateak jaitsi zituzten hanketan eta eskuetan jartzeko, eta momenturik gogorrena izan zen zinta bat jarri zidatenean. Nahiz eta zinta jarrita eduki, ikusten nituen militarren botak. Momentu batean nabaritu nuen zerbait hanketatik gertu, zigarro bat itzali zidaten behatz batean. Ordu erdi egon ginen gutxi gorabehera kamioi horretan.
Jaisterakoan ez nekien ondo non nengoen. Militar batek bultza egin zidan metrailetarekin, etxola batean sartu arte. Barruan esan ziguten kanpamendu militar batean geundela. Ura eskaini ziguten, baina nik ez nuen hartu mesfidantzagatik. Kendu zizkiguten begietan jarritako zintak ere. Zinta kentzean, mutur ondoan jarri zidaten egunkari bateko portada, Hezbollah taldeak egindako atentatu baten berri ematen zuena. Hasi ziren ingelesez galdetzen ea hori babesten nuen, ea horren alde nengoen. Ez nuela ezer erantzungo esan nien.
Beranduago etorri ziren gure bila eta sartu gintuzten kamioi batean Hebrongo polizia-etxera joateko. Polizia israeldarraren eskuetan geratzerakoan, abokaturik gabe ez nuela ezer erantzungo jakinarazi nien. Hala ere esan zidaten dena grabatuko zutela, eta azaldu zidaten zein zen leporatzen zidaten delitua: Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen (PAHF) bandera batekin militar bati buruan jotzea. Salaketa gezurra zen. Abokatuarekin hitz egin ostean, nire bertsioa eman nuen, eta turista gisa nenbilela azaldu nien.
Egun horretan, ostiralean, kapitainaren eskuetan utzi ninduten. Berak ahal balu hegazkin batean sartuko nindukeela esan zidan. Niri momentu horretan gehien gustatzen zitzaidan ideia zen. Hori esan ondoren sartu ninduten ziega batean. Barruan nengoela sartu zuten gazte italiarra. Gauean ziegako argiak piztu zituzten.
Hurrengo egunean atera ninduten. Espero nuen Jerusalemera eramango nindutela, baina Tel Aviveko aireportura eraman ninduten. Aireportuan dagoen poliziaren eskuetan utzi ninduten, eta beste ziega batera sartu. Eguerdiko hamabietan etorri ziren Mosadeko bi tipo, eta aurkeztu zizkidaten nituen bi aukerak: epaiketa bat nahi nuela esan eta hainbat egun ziega batean igarotzea, edo nire aurrean neukan papera sinatzea. Papera gaztelaniaz zegoen eta Israel nire borondatez uzten nuela zioen. Papera sinatu ondoren esan zidaten egun bat pasata hegazkina hartuko nuela. Hegazkina arratsaldeko bostetan atera zen.
Astelehenean bidali zenuen gutunean, Israelen kontra aurrerapausoak egin behar direla diozu. Zer egin ahal du gizarteak?
Euskal Herritik aurre egin behar diogu Israelgo Gobernuren jarrerari. Horretarako, boikota praktikan jarri behar dugu. Palestinarrek baloratzen dute Euskal Herrian egiten den boikota, haiek ezin dutelako boikota egin. Ura, esate baterako, erosi egin behar diete israeldarrei.
Zein da gaur egungo egoera Palestinan?
Ez dute bake prozesuan sinisten. Batzuek esaten ziguten, «ez dugu bake prozesua nahi». Beraientzat bake prozesu bakarra okupazioa bukatzea da. Okupazioa bukatzerakoan hasiko da benetako bake prozesua.
«Nahiz eta gezurra izan, Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen (PAHF) bandera batekin militar bati buruan jotzea leporatzen zidaten israeldarrek»