GARA > Idatzia > Euskal Herria

Indarkeria sexistaren inguruan gogoeta egiteko mintegia San Telmon

Donostiako San Telmo Museoan Bake-itunaren baitako lehen mintegia egingo dute bihar eta etzi. Filosofia eta ekintzatik abiatuta, gorputza «artxibo politiko eta kultural gisa» ulertzea izango du helburu, eta Beatriz Preciado filosofoa izango da hizlari nagusia.

GARA |

Bihar eta etzi bitartean, «Ekintza eta pentsamendua: indarkeria sexista apurtuz» izeneko mintegia izango da San Telmo Museoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzak bultzatuta. Mintegia Bake-ituna proiektuaren baitan antolatu da, Aliantza izeneko atalean, hau da, proiektuaren gogoeta esparruarekin bat egiten duten beste erakunde eta ekitaldi autonomoekin planteatu diren lankidetzen barruan. Bake-ituna Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren proiektu bat da, 2013tik 2016ra bitartean hainbat proiektu aurrera eramatea aurreikusten duena (erakusketak, argitalpenak, ekoizpenak...).

Beatriz Preciado filosofoa izango da mintegiko hizlari nagusia, Leire San Martin Bake-itunaren proiektu pedagogikoaren arduradunarekin batera. Hauez gain, bertan izango dira Bilgune Feminista, Medeak, Garaipen, Plazandreok eta presoen inguruko ikerketa taldea ere. Gorputza «artxibo politiko eta kultural gisa» ulertzea izango du ardatz mintegiak.

Antolatzaileen esanetan, Bake-ituna eta datozen egunotan egingo den mintegia, «oso garrantzitsuak dira indarkeria sexista birpentsatzeko». Bakearen inguruko diskurtsoek indarkeria «ezkutatu» egiten dutela uste dute. «Hori da, azken batean, indarkeria sexistarekin gertatzen dena; jendeak bakeaz hitz egiten duen bitartean, gure gizarte matxistak emakumezkoak eta beste gorputz batzuk erailtzen eta jipoitzen ditu egunero», diote.

Doakoa da mintegia, eta 300 pertsonek har dezakete parte, gehienez. Izena emateko, leiresanmartin@gmail.com helbidera bidali behar da mezua, mintegiaren gaia («Ekintza eta pentsamendua») eta datu pertsonalak zehaztuta.

Izen-ematea

Doakoa da, eta gehienez 300 pertsonek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko, «leiresanmartin@gmail.com» helbidera bidali behar da mezua, mintegiaren gaia eta norberaren datu pertsonalak zehaztuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo