Inguruko asanbladekin ospatuko du Urruñakoak 5. urteurrena
GARA |
Urruñako Gazte Asanbladak bere bosgarren urteurrena ospatuko du datorren abuztuaren 24an. Ospakizunetan lagun izango dituzte inguruko asanbladak, azken hilabeteetan Azkaine, Donibane-Ziburu, Hendaia, Hondarribi eta Irungo gazteekin bildu baitira. Bilkura hauek elkar ezagutzeko erabili dituzte, baita asanblada eta herrien errealitateak aztertzeko ere. Era berean, kolektiboan eragin eta euskal gazteria «zatitzen» duen muga instituzionala «desegin» nahi izan dute.
Herrirak antolatutako herri bazkariarekin hasiko dute eguna. Triki-poteoa eta gaztetxe eraikuntza egingo dituzte ondoren, plazan, eta, gaua gerturatzen ari delarik, mendira igoko dira, traktorez. Bertan afalduko dute, eta karaoke batekin giroa alaitu ostean, gaua igaroko dute.