GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Genetsek eta Avironek goranzko bidea hasteko duten aukera ezin dute alferrik galdu

Frantziako Ligan ari diren euskal taldeek aspaldiko denboraldietako mailarik apalenetan jokatu beharko dute aurtengoan. Bai Aviron bai Genets, gainera, CFA 2 Mailan arituko dira hastear den denboraldi honetan, eta, horrenbestez, aspaldiko partez elkarren aurka jokatu beharko dute biek.

p023_f01_140x200.jpg

Jon LEUNDA

Bi urtetan jarraian bi maila galdu ostean, aurtengoan CFA 2 Mailan jokatu beharko du aurten Avironek, berriro ere goranzko bidea abiatzeko asmoarekin. Genetsek, berriz, hirugarren ahalegina egingo du aurten CFA Mailara igotzeko. Orain dela hiru denboraldi jaitsi zen, eta ordutik berriro ere igo nahian dabil Angeluko taldea. Baina ez du lortu. Hortaz, Ipar Euskal Herriko bi futbol talde nagusiek aurten berriro ere elkarren aurka aritu beharko dute. Ez dira garairik onenak kirol profesionalarentzat, are gutxiago laguntzarik gehienak errugbiak eramaten baldin baditu. Orain dela dozena bat urte bi taldeak sekulako abiadan irten ziren beheko mailetatik, orain daudena baino askoz apalagoetan ibiltzen baitziren. Profesionalizazioaren bidean ere sartu ziren, orduan inork pentsatzen ez zuen bezala, baina orain geldialdi bat izan dute. Batasunaren hotsak ere gero eta ozenago entzuten dira, baina tartean interes asko daude, eta oraingoz behintzat bakoitzak bere bidetik jarraituko du.

Avironek bi urtetan jarraian bi maila galdu ditu, eta aurten berriro ere goranzko bidea hartu nahi du. Taldea erabat berritu du, jokalari asko joan baitira, baina guztietan bat nabarmendu behar da: futbola uztea erabaki duen Ximun Duhour atezaina. 20 urteko Kevin Lescak beteko du bere lekua, baina beregan itxaropen asko daude jarrita, atezain handia baita. Reala ere ibili zen bere garaian Lesca Zubietara eraman nahian.

Gainerako jokalariei dagokionean, Lalanne, Gradit, Castera, Graciet, Martin Cantero, Dulom eta Lopes Rodriguez dira taldea utzi duten jokalariak. Etorri direnak, berriz, honako hauek dira: Marinari, Khoppy, De Faria, Kahalassane, Louit, Cottebrune, Khangi eta Teixeira Barbosa. Guztien artean bi nabarmendu behar dira: Louit beteranoa -Avironek bere arorik dirdiratsuenean izan zuen ikurretako bat da- eta Teixeira Barbosa -Ginea Bissauko jokalaria lehen ere bi etapa ezberdinetan Baionan egondako aurrelari azkarra da-.

Genetsen, berriz, aldaketa gutxi egin dituzte. Iaz denboraldi ona egin zuen, nahiz eta igoerak azken unean ihes egin zion talde hori-berdeari. Aurtengo denboraldirako fitxaketa oso gutxi egin dituzte, eta iazko jokalariengan konfiantza osoa dute. Etorri direnen artean, hori bai, Lalane eta Giron nabarmentzen dira. Bata Aviron taldetik etorri da, baina lehen ere Saint Jean estadioan jokatutakoa da. Bestea orain bi urtera arte egon zen Baionan, eta aurten Angelun arituko da.

Aipaturiko bi taldeez gain, bada beste bat behetik gora indartsu datorrena, nahiz eta Avironek eta Genetsek dituzten helburuak ez izan. Talde hori Baionako Croises da. Oraintxe bete berri ditu 100 urte eta zuri-urdinak eta hori-berdeak baino maila bakar bat beherago dago; hala, aurten Genetsen bigarren taldearekin batera jokatuko du. Croises talde amateurra da, hori da beraien filosofia, baina Akitaniako Ohorezko Mailan daudela ikusita, jauzia egiteko klub oso aproposa da. Hori dela-eta, jokalari on dezente heldu dira Baionako taldera aurtengo denboraldirako. Tartean Dos Santos dago, Espainiako Ligako hainbat taldetan ibili ostean, aurten Croisesen kamiseta janzteko hautua egin duena.

Hasiera

Liga etzi abiatuko da bi euskal talde garrantzitsuenentzat. Avironek 19.00etan Albi hartuko du. Azken bi urteotan huts egin ostean, Avironek aurten ezin die beste urte txar bat eskaini bere zaleei, eta horretarako irabazten hastea izaten da onena. Gainera, goian ibili behar baldin bada, garaipen batekin ekinda gauzak askoz ere hobeto ikusten dira, bestela urduritasunak azkarregi agertuko baitira Baionako hiriburuko talde nagusian.

Genetsek ez du irteera erraza izango Angoulemen jokatuko baitu etzi, larunbata, 20.00etan. Hala ere, mailaz igotzeko asmoak baldin badituzte, angeluarrek ere garaipen batekin hasi beharra dute, eta horretarako berdin da non jokatzen duten.

Akitaniako Ohorezko Mailan, berriz, derbi batekin abiatuko da sasoia, mailan dauden bi euskal taldeak elkarren aurka arituko baitira. Angeluko Saint Jean zelaian izango da biharko norgehiagoka, 20.00etan, eta hantxe arituko dira nor baino nor Genets B eta Baionako Croises. Partida honek ere ikusle asko erakarriko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo