GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Egia gordina jakinaraztea, delitu larria AEBetan

Oso delitu larria egin zuen Bradley Manningek, AEBetako auzitegi militar batek emandako epaiaren arabera. Herrialde horretako Justiziarentzat oso larria baita egia jakinaraztea. «Etsaiari laguntzea» kargu absurdutik absolbitu badute ere, 35 urteko zigorra eman diote 700.000 ezkutuko dokumentu filtratzeagatik. Gutxienekoa da dokumentu horiek gordetzen zuten informazioak munduko herrialderik boteretsuenak egindako benetako basakeriak biltzen zituela; esaterako, AEBetako soldaduek Afganistanen eta Iraken egindako hainbat hilketa, tortura, bahiketa... beste askoren artean. Larriena, AEBetako agintarien eta Justiziaren ustez, espioitza legea urratu, gobernu-informazioa lapurtu eta Iraken zuen postuaz baliatu izana da; horregatik merezi du Manningek 35 urteko espetxe zigorra eta, jakina, Armadatik desohorez egoztea.

Egia esan, ohorea izan behar du horrelako Armada batetik egotzia izateak, horrelako Justiziaren zigorra jasotzeak. Horrek ez du ezkutatu behar, ordea, Manningek jasandako bidegabekeria ikaragarria: hainbat egia, egia gordinak, jakinarazteagatik horren zigor luze eta ankerra jaso izana. Ezin du ezkutatu, halaber, dokumentuek jakinarazi zituzten basakerien egileak, eta are gutxiago haien erantzule militar eta politikoak, ez dituela inork epaituko. Horiek ez baitira delitu larria, antza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo