Ana Etxarte | Alternatibaren Bilboko Asanblada
Sotanak eta arrosarioak Aste Nagusian
Oraindik ere Bilboko Udalak publikoa pribatuarekin nahastearen alde egiten du apustu, sinesmen batzuen nagusitasuna besteen gainetik jarriz.
Gizarte bat benetan berdintasunean oinarrituta dago, ez bakarrik berdintasuna erretorikaz defendatzen duenean; berdintasun hori efektibo egingo dituen jarduera politikoak, prozesuak eta ekimenak martxan jartzen dituenean baizik. Zoritxarrez, egun bizi dugun garai honetan, administrazio publiko askok, berdintasunaren bermatzaileak izan beharrean, ez adituarena egin eta boteretsuen interesei men egiten diete.
Boteretsu hauen artean Eliza Katolikoa dago, bere doktrina beste doktrinen gainetik kokatzeko betiko gogo biziaz, erakunde publikoak bere estrategiaren parte-hartzaile zuzen bihurtzen dituena. Horrela, eta gizarte laiko eta akonfesionalean bizi bagara ere, administrazio askok eta askok jarraitzen dute erritu erlijiosoak, katolikoak gehienbat, bultzatzen eta hauetan parte hartzen.
Honen adibidea Bilboko Udala dugu. Orain dela hilabete batzuk, harriduraz Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasun gisa aitortzeko EAJ eta PP kontserbadoreen arteko hitzarmen baten lekuko izan ginen -PSEren ez beharrezko abstentzioaz lagunduta-; Udalaren lokaletan eta eremu publikoetan hileta zibilak ospatzeko proposamena atzera botatzen zuten garai berdinean.
Zerrenda luze bateko bi adibide baino ez dira hauek, konfesio erlijioso zehatz baten -katolikoa- interesen alde «egiten uzteko» eskuinaren ohitura agerian uzten duena, sinesbide eta erlijio aniztasuna dagoen arren. Preseski, sinesmen aniztasun honekiko errespetu kezkatsuak bakarrik, inolako lehentasunik gabekoa, ahalbidetuko luke berdintasunean, pluraltasunean eta baldintza berdinetako bizikidetzan oinarritutako gizarte bat. Laikotasunak, batzuek sinestarazi nahi digutenaren kontra, ez du erlijiozkotasuna gaitzesten, ez eta konfesio erlijioso baten praktika eragozten, guztiz kontrakoa baizik; erlijio pluraltasuna bermatzen du, betiere, praktika hau esparru pertsonal eta pribatura mugatzen bada.
Oraindik ere, Bilboko Udalak publikoa pribatuarekin nahastearen alde egiten du apustu, sinesmen batzuen nagusitasuna besteen gainetik jarriz eta ohitura katolikoak agerraldi publikoetan sartzeko erabaki konfesional hori mantenduz. Honen adibide bikaina, Aste Nagusiko programa bera dugu, ekitaldi eta ospakizunen artean hainbat egintza erlijioso sartu eta Udalbatzari horietara joateko dei egiten diona. Zehazki, abuztuaren 15ean Begoñako basilikan eta abuztuaren 16an Pagasarri eta Artxandako ermitetan egingo diren mezez ari gara.
Zergatik behar dute parte hartu kargu publikoek, herritar guztien ordezkari eta haien sinesmenak edozein direla ere, horrelako ekitaldi erlijiosoetan? Zergatik horrenbesteko burugogorkeria esparru publikoa eta pribatua, partikularra eta erlijiosoa nahasteko? Zergatik sartu Udala, guztiona den instituzio bat, gizartean gero eta txikiagoa den sektore pribatu bakar baten ekitaldietan?
Dimentsio erlijiosoa lan instituzionaletik kanpo mantendu behar da eta edozein praktika erlijiosoren erabilera ezingo da inoiz eremu pribatutik atera. Hau da akonfesionaltasunaren oinarria bermatzeko bide bakarra. Honengatik guztiagatik, eta benetan laikotasuna eta akonfesionaltasuna bermatu nahi badira, Udalak ezingo du hauetan parte-hartzera dei egin, eta kargu publikoek ezingo dute modu ofizialean, inolako konfesio motaren ekitaldietan parte hartu.
Noiz hartu behar du Bilboko Udalak, instituzio publiko bat den heinean, praktikan jarri beharko lukeen akonfesionaltasun hori serio? Noiz arte babestuko ditu ekitaldi erlijiosoak eta jarraitu behar du Aste Nagusiko ospakizunen parte bezala mezak antolatzen? Bilbotarrok Aste Nagusi herrikoia, dibertigarria, alaia eta parte-hartzailea nahi dugu, sinesmenekin eta pertsona guztien eskubideekin adeitsua dena, ez batzuen morala besteon moralaren gainetik gailentzen duen Aste Nagusia.