Daniel Poulouk 2014an berriz ere Urruñan hautagai izango dela egiaztatu du
Ainize BUTRON |
1977tik 2002era artean Urruñako auzapez kargua bete zuen Daniel Poulouk, Michele Alliot-Marie ministro ohiaren ordezko bezala diputatu kargua hartu aurretik. Orain, 11 urteren ondotik, UMP alderdiko kideak 2014ko martxoan iraganen diren herri hauteskundeetara aurkeztuko dela aurreratu du ofizialki. Horretarako, gutun bat bidali die urruñarrei bere hautagaitzaren berri emateko.
Odile de Coral egungo Urruñako auzapezaren hautagaitza ere egiaztatuko balitz, 2008an gertatu bezala, UMPko bi zerrenda lehiatuko lirateke herrian. «Euskal Herriko Kazeta»-ri egindako adierazpenetan, diputatu ohiak argi utzi zuen «Odile de Coral garaitu nahi» zuela. «Herriaren bizia mesfidantza atmosfera baten preso ikusi dut, eta zatitua izateko arriskuan», deitoratu zuen.
Ez hori bakarrik, egungo auzapezaren taldearen kudeaketa ere gogor salatu zuen Poulouk. Ekimenak «askotan arinki» burutu izana, «herritarren jendetasuna asaldatu duten erabaki arbitrarioak» hartu izana eta «jarrera axolagabeak» leporatu zizkien.
Zerrendak, urrian
Urruñako Udala kudeatzeko lehian sartuko diren zerrenda guztiak urrian zehaztuko dira. Alderdi Sozialistaren aldetik, Alderdi Komunistarekin batera aurkeztu beharko luke eta hautagaia urrian aukeratuko dute.
EH Bairen kasuan, hautagaitza oraindik ofiziala ez baldin bada ere, Felipe Aramendi abokatua aipatua izan da zerrendaburu izateko.