260.000 euro erabiliko ditu Lakuak biktimen elkarteak diruz laguntzeko
GARA |
«Terrorismoaren biktimen» elkarteei bideratutako diru laguntzen berri eman zuen atzo Lakuako Gobernuak prentsa ohar baten bidez. Kopurua iazkoaren bera da, hau da, 260.000 euro jasoko dituzte biktimei «arreta, elkartasuna eta babesa» eskaintzen dieten elkarte eta erakundeek. Giza eskubideen alorrean jardun behar dute horretarako, eta EAEn egoitza izan. Hala ere, badira beste modu batzuk ere laguntza jasotzeko.
Hala, nahiz egoitza Arabatik, Bizkaitik edo Gipuzkoatik kanpo izan, herrialde hauetan jazo den gertaera baten ondoriozko biktimaren bat elkartearen kide bada laguntza jasotzeko aukera izango dute elkarteok, baita bakea eta giza eskubideak sustatzen badituzte ere, betiere euren jarduna EAEn burutzen badute.
Elkarteek sustatutako programa eta jarduerek, besteak beste, honako helburuak izan beharko dituzte: «terrorismoaren biktimei» arreta, orientazioa eta giza babesa ematea; biktimak edo bere senitartekoak laguntzea egoera hori bizitzera eraman dituzten ekintzekin lotutako epaiketetara; biktimen «zaintzaile lana» betetzen duten senitartekoei laguntza psikosoziala eskaintzea; eta, oro har, biktimei buruzko eztabaida guneak, ikastaroak edo mintegiak antolatzea.
Gaurtik aurrera eskatu ahal izango dira laguntzak eta hilabeteko epea izango da horretarako. Eskaerak egitea errazteko, https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/asociaciones-victimas-terrorismo helbidea jarri dute baliagarri.
Diru laguntzak aurrez aurre eskatzeko modua ere bideratu dute; horretarako, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bulegoetara gerturatu beharko da