GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Ama, harpa jo nahi dut!

Andoni TOLOSA «MORAU» | Musikaria

Ulertzen dut alabak harpa jo nahi duela-eta ama langile banandu berriak sumatzen duen larritasuna. Ez al duzu nahiko gitarra, pandero edota txirularekin? Bandurria, klarinete edo tronpetarekin? Leku gutxi okupatu eta gurasoengan hainbesteko menpekotasuna sortzen ez duen beste musika tresnaren batekin? Pitokeria galanta!

Zer iruditzen zaizue, oso krudela litzateke lan baldintza kaskarrak zehatz-mehatz azalduz, laster batean pobreziaren mugan ibil daitekeen aldiriko langilearen alaba dela gogoraraztea? Eta kontatu beharko genioke 10 urteko neskatoari, harpak, musika tresna garestienetakoak izateaz gain, bigarren eskuko merkatu oso murritza dutela, eta edozein kasutan, gurasoek milaka euro batzuk lortu beharko dituztela, eta oso normala litzatekeela, gainera, Paris edo antzeko hiribururen batetik ekarri behar izatea, ditxosozko tresnatzarra?

«Aizan, orkestra bakoitzean harpa jotzaile bakarra zegon, zenbat aukera edukiko ditun profesional izateko? Non burutu beharko ditun ikasketak? Ze ibilgailu beharko dinagu harpa alde batetik bestera eramateko?». Hamaika argudio daude, baita krudelkeriaren mugan kokatutako «zenbat agure-atsoren ipurdi garbitu beharko dizkinat hire harparen soka bakoitza ordaintzeko?».

Haurrak bere bizitzako lehen erabaki garrantzitsua hartu du, badaki. Baina, agian, oraindik inork ez dio kontatu musika tresna batzuk egokiagoak direla pobreontzat. Haur pobreentzat ez jakina, hemen ez omen haur pobrerik, haur ez-pobre horien guraso ia-pobreentzat baizik. Ziur naiz, amak dirua nola bildu erabaki duela, dagoeneko. Marx anaien ziklo bat ikustera gonbidatuko nuke gustura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo