GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | BILBOKO ASTE NAGUSIA

Estiballesen eta Paiaren bertsoek freskatu dute Bilboko sargoria

Urtero legez, Alde Zaharreko Santiago plaza bete egin zen, bertso bazkari bikainaz gozatzeko asmoa zuten lagunez. Eguerdiko bero astunari aurre eginez, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia arduratu ziren algarak eragiteaz.

Mikel PASTOR | BILBO

Infernua zen atzo Bilboko erdialdea. Eguzkiak gogor, gelditu gabe jo zuen ordu luzeetan, eta Santiago plaza, Alde Zaharreko bihotza, sutan dagoen eltze bihurtu zen, bildutako bertsozaleen sufrimendurako.

Beroa izan zelako atzoko protagonista nagusia. Bertan bildutakoek zuhur jokatu zuten, eta ia denek burua estalia zuten eguzkiaren kolpetik babesteko. Batzuk, lastozko txano klasikoekin; beste batzuk, kaleko saltzaileei erositako kapela arraroekin; beste batzuk, konpartsaren kamisetarekin; eta azken batzuk, eguneko egunkaria erabilita. Plazaren iturrira joan-etorriak ere ugariak izan ziren, nahiz eta batek baino gehiagok onartu behar izan, beroaz gain, aurreko egunean botatako parrandak ere zerikusia zuela.

Egoera ikusita, bazkaria aurrera joan ahala, mahaikideak plazaren alboetarantz irristatzen joan ziren, gerizpearen freskotasunaren bila. Bertan hartu zituzten kafea eta kopa, bi bertsolariek mikroa hartu arte.

Algorta-Galdakao lehia

Arkaitz Estiballesek eta Fredi Paiak saio txukuna egin zuten Bilbon. Bertso txapelketetako seriotasun eta arduratik urrun, kale giroan berehala sartu ziren, espero bezala, eta hainbat okurrentziarekin algarak eragin zituzten bertaratuen artean.

Umorea gidari, lehia estu bati eutsi zioten biek bazkaloste osoan. Galdakoztarra oldarkor aritu zen hasieratik algortarraren kontra, altuera eskasa edo gehiegizko kiloak izatea egotziz. Paia ez zen atzean geratu, eta era bikainean erantzun zion hiru-lau bertsotan, txalo zaparrada eraginez.

Bi bertsolariak Otxarkoaga auzoko Pa...Ya konpartsako kamisetekin aritu ziren. Paiaren abizenak horrekin duen antzekotasunari ere txinpartak atera zizkioten. Estiballesek algortarrari galdetu zionean aita izan behar ote zuen, berak semeari «Eki Paia» deituko ziola erantzun zion, «motxilan eraman ahal izateko». Arratsaldeko une gorenetako bat izan zen.

Halere, onena etortzear zen. Bi bertsolariek saltsarako eta adarra jotzeko berezko erraztasuna badaukate ere, Paiaren lehengusu sevillarra, Luismi, bertan izateak bien ahalmenak biderkatu zituen. Andaluziarrak, nahiko galduta, irribarre batekin hartu zituen txantxa guztiak. Estiballesek erdaraz bota zion bertso bat eta Apirileko Feriara jaitsiko zirela agindu.

Saioaren azken txanpan, biak publikoaren artean ibili ziren, denentzako «mezutxoak» utziz. Basaurik egurra jaso zuen, eta Enkarterrikoak ere jipoituak atera ziren. Noski, Galdakaok eta Algortak ere hartu zuten berea, eta pertsonaien artean, Carlos Urquijo berriro ere izan zen izar nagusia, inolako duda barik.

JAIETAKO IRUDI GEHIAGO

Fredi Paiaren lehengusu andaluziarra bertan izan zen, eta zenbait bertso entzun behar izan zituen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo