Ernaiko sei inputatuek ez dute deklaratzeko dei ofizialik jaso
Eloy Velasco epaileak sei gazte eta Periko Solabarria militante abertzale historikoa Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dituela azaltzen duten berriak irakurri ondoren, Ernai gazte antolakundeak Espainiako Gobernuak bere kideen kontra abian duen «kriminalizazio kanpaina» salatu du.
Ion SALGADO |
Madrilgo Gobernuak Ernaiko kideen kontra abian duen «kriminalizazio kanpaina» salatu zuen atzo gazte erakundeak. Halaber, atzo bertan argitaratutako berriak irakurri ondoren -Eloy Velasco epaileak sei gazte eta Periko Solabarria militante abertzale historikoa Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dituela azaltzen dute berriok-, Ernaik ustez deklaratzera deitutako kideetako inork ez duela oraingoz jakinarazpen ofizialik jaso adierazi zuen.
Argitaratutakoaren arabera, Periko Solabarria eta Gotzon Elizburu, Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Jon Button Ernaiko kideak deitu ditu Velascok deklaratzera. Antza, «terrorismo gorazarre» egitea egotzi die. Konkretuki, Angel Figeroari eta martxoan Estatu frantsesean espetxean hil zen Xabier Lopez Peña euskal presoari egindako omenaldietan terrorismoa goratzea egozten zaie. Buttoni maiatzean Auzitegi Nazionalaren aginduz itxitako Ernaiko webgunearen arduraduna izatea ere egotzi dio epaileak.
Gazte antolakundeak salatu duenez, Gotzon Elizburuk, Mikel Jon Buttonek, Mikel Morenok eta Irati Sienrak Ernaiko webgunearen harira deklaratu beharra izan zuten jada uztailean. Era berean, Maialen Etxeberriak, Aitor Andak eta Garazi Mugerzak abuztuan bertan jakin dute Ernaiko kide izateagatik inputatu dituztela. Aipatutako azken hiru gazteek hurrengo egunetan deklaratu beharko dute Hego Euskal Herriko epaitegietan, izan ere, Gazte Danbadan terrorismoa goratu izanaren erantzule gisa inputatu ditu Espainiar Estatuko aginte judizialak.
Egoeraren aurrean, eta udazkenean Madrilen 80 euskal herritarren aurkako bi makroepaiketak hasiko direla jakinik, Ernai gazte erakunde abertzaleak dei argia egin dio Espainiako Gobernuari: «Gaur-gaurkoz, jakinarazpen ofizialik gabe eta zitazioaren arrazoiak zein diren jakin gabe, honakoak dira Ernaik Espainiako Gobernuari egin nahi dizkion galderak: Zein da zuon benetako asmoa? Zer ezkutatzen da ustez `terrorismoari gorazarre' egitearen akusazioaren atzean? Zein da azken helburua? Lan eskema berdinarekin jarraitzen al du Espainiako Gobernuak?».
Indarrak bildu
Ernaik salatu duenez, Euskal Herrian ireki den garai berrian konponbidearen alde urratsak eman ditzakeen edozein mugimendu «zangotrabatzeko prest dago» Espainiako Gobernua. Egoera horri aurre egiteko, gazteriari dei egin dio, «oztopoak oztopo, lan politikoarekin jarraitzeko, indarrak biltzen jarraitzeko, hori izango baita Espainiako Gobernua bere posizio atzerakoitik mugiaraziko duen berme bakarra».
Sorturen iritziz, Ernaiko kideen eta Periko Solabarriaren aurkako zitazioak logika jakin bati erantzuten dio: «Estatuak prozesua apurtzeko daraman jarrerari hain zuzen, judikatura horren zerbitzura jartzen duelarik».