GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Oraingoan gizonezkoak eta emakumezkoak baldintza berdinetan jokatuko dute apustua

Joakin Garmendia eta Irati Astondoa bihar arratsaldean neurtuko dira Anoetako ikastolaren ondoko belardian. Bakoitzak ordu erdiko lana egin beharko du, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen duen segalariak irabaziko du. Alde bakoitzak 600 euro jokatzen ditu dirutan.

p031_f01_68x96.jpg

p031_f02_140x96.jpg

Jon LEUNDA

Aspaldian ez da emakume bat sega apustu batean ikusi. Orain dela ia 50 urte izan zen azkenekoa, baina oraingoan berriro ere neska bat lanean ikusi ahal izango da. Irati Astondoa prest dago Joakin Garmendiari aurre egiteko. Aurrekoetan gizonezkoek emakumearen belar kilo bikoitza ebaki behar izaten zuten, oraingoan, aldiz, baldintza berdinetan arituko dira.

1967. urtean jokatu zuen Maria Asuncion Azeok lehen apustua, eta aurrean Antonio Larraza izan zuen. Ordubeteko lanaren ostean, mutilak neskaren belar kilo bikoitza ebaki behar zuen. Larrazak 2.325 kilo ebaki zituen, Asuncionek, berriz, 1.896 kilo, apustua irabaziz. Hilabete batzuk geroago garai hartako segalaririk onenetakoa zen Polipasorekin jokatu zuen, aurreko apustuaren baldintza berdinetan. Polipasok 2.193 kilo ebaki zituen, eta, Asuncionek, aldiz, 1.652 kilo, berriro ere garaipena eskuratuz. Ordutik ez da ofizialki neska bat apustu bat jokatzen aritu.

«Egia esan apustu hau egindakoan enteratu naiz Maria Asuncion ere aritu zela. Uste dut gauza polita dela, emakume bat ere apustu munduan ikustea. Niri hasieratik egin dit zirrara», esan zuen Irati Astondoak. Iratiren eta Maria Asuncionen artean, ordea, badago alde handi samar bat: Asuncionek 37 urterekin jokatu zuen lehen apustua, eta, Iratik, aldiz, 22 urte besterik ez ditu oraindik. Lana ere ezberdina da, ordu erdira jokatuko baitute, eta belar kilorik gehien ebakitzen duenak irabaziko baitu. Alde bakoitzak 600 euro jokatzen ditu dirutan.

Joakin Garmendia oso beteranoa da, dagoeneko 68 urte eginak baititu. Hala ere, berak bota zion desafioa. «Badakizu, mundu hau asko gustatzen zaigu, eta ongi bazkaldu genuen batean pentsatu genuen berari jokatzea. Euskal Herriko Txapelketan ere bigarren geratu zen, eta ongi jan eta edan ostean errazagoa izaten da honelako gauzak egitea. Bera ere animosa agertu zen, eta aurrera», esan zuen Garmendiak.

Iratik ere ez zuen zalantzarik izan. Bera Pabi Astondoaren alaba da. Bere aita aski ezaguna da herri kirol munduan, aizkoran, segan edo trontzan, beste batzuen artean, aritzen baita. «Niri ideia hasieratik gustatu zitzaidan. Nire ingurukoekin hitz egin, eta baietz esan zidaten. Nire aita ezinbestekoa da, asko laguntzen dit. Gero, Bixente Mitxelena ere asko ari zait laguntzen», dio neska gazte bizkaitarrak.

Normaltasuna eta animoak

Garmendia apustu txikiren bat edo beste lehen ere egindakoa da, baina horrelakorik inoiz ez. Hala ere, bere ingurukoek normaltzat hartu dute berak egindakoa. «Batzuek adarra jotzen didate, ea nola daitekeen 68 urterekin apustu bat jokatzen ausartu eta horrelakoak, baina, nolakoa naizen ezagututa, ezin esan sinesgaitza egiten zaienik», dio Anoetako segalari beteranoak.

«Nik denetatik entzun behar izan dut. Ea nolatan egin dudan apustu bat, ea zoratuta nagoen, baina bestelakoak ere entzun ditut eta animo asko ere jaso ditut», dio Iratik. Biharko apusturako, biek garbi dute zer egin behar duten. «Nik nire erritmo bat hartuko dut, eta horri jarraituko diot. Ordu erdia ahalik eta ongien bete, eta apustua irabazten saiatu», dio Joakinek. «Nik nire erritmoa hartu eta jarraitu behar dut. Euskal Herriko Txapelketan besteei asko begiratzen nien, eta nire erritmotik kanpo ibili nintzen; azkenerako, sekulako betekadarekin amaitu nuen. Ez dut nahi hura errepikatzerik», dio, berriz, Astondoak.

Garmendiari ez dio kezkarik sortzen larunbateko apustuak. «Nik nire lana egingo dut. Irabazten badut ongi, eta, galtzen badut, bera zoriondu eta kito». dio. Iratiri, berriz, bere maila ez emateak eragiten dio beldurrik gehien: «Entrenamenduetan oso ongi ari naiz, eta horixe egin nahiko nuke. Ahal badut irabazi, baina, hori lortu ez arren, entrenamenduetan egiten dudana egiten baldin badut, konforme geratuko naiz», dio.

Belarra arin samara omen dago. Azkenaldian ez du euri asko egin, eta, beraiek diotenez, kilo asko ez omen da izango. Bietako inork ez du nahi euririk, eta biak ados daude onena ateri izatea eta eguzki handirik ez egitea izango litzatekeela esaterako orduan. «Nik euririk egiterik ez dut nahi inondik inora ere. Bero egitea nahiago dut, euria baino. Dena dela, arratsaldeko seietan dugu jokatzeko ordua, eta ordurako eguzkiak ere indar apur bat galduta izango du. Bestela, onena hotzik ez, eta eguzkirik ere ez. Horrela guretzat lanerako aproposa izango litzateke, eta ikusleentzako ere bai», dio Joakin Garmendiak.

Izan ere, ikusmin handia piztu du neurketa honek, eta, eguraldiak laguntzen baldin badu, jendetza handia bilduko da Anoetako herriko ikastolaren ondoan dagoen belardian. Biek, gainera, jarraitzaile mordoa izango dituzte albotik animatzen. Garmendiak abantaila izango du, herrian arituko baita, eta Anoetan oso maitatua den gizona da Jokin. Sasoiaren aldetik, ordea, Iratik irabazten dio, oraindik 22 urte besterik ez baititu, eta sasoi betean dagoen neska baita. Auzia, bihar 18.00etatik aurrera erabakiko da, eta orduantxe jakingoa zeinek irabaziko duen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo