UDATE
Musika, estiloa gorabehera, sentimendu bat denean
Nagore BELASTEGI
Ken Zazpi taldeak Twitter bidez maiatzean igorri zuen mezu xume baten bidez jakin genuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kolaborazio bat egingo zuela. Ordutik jakin-mina piztu du gaiak, baina atzora arte ez genituen xehetasunak ezagutu. Batzuk, ez denak, azken uneko sorpresak ere gorde behar dituzte-eta. Orkestrak herenegun jaso zituen partiturak eta orduantxe hasi ziren pop-rock taldearekin batera Miramongo egoitzan entseatzen. Biolinak bizi entzuten ziren, beste hari instrumentuen oihartzuna atzean zutela. Haize instrumentuek eta perkusiozkoek, berriz, intentsitatea ematen diote Fernando Velazquez konpositoreak moldatutako musikari. Adi-adi egonda ere ezinezkoa zen jakitea Ken Zazpiren zein kanta jotzen ari ziren.
Halako batean, Velazquezen batutak airean marrazkiak egiten zituen bitartean, Eñaut Elorrieta, Ken Zazpiren ahotsa, kantatzen hasi zen alboan. «Haizea bezala, eskuen artetik ihes egiten duzu...». Orduan bai, «Haizea» kanta zela argi gelditu zen guztiontzat. Jarraian «Noizbait» jo zuten, eta bertan gelditu zen abenduan Euskal Herrian zehar eskainiko dituzten kontzertuetan entzun ahal izango dugunaren aurrerapena. Horiekin batera beste bost kanta berreskuratuko dituzte Ken Zazpi taldearen errepertoriotik eta beste hiru berri sortuko dituzte («Bihotz», «Gereziondoa» eta oraindik izenik ere ez daukan beste bat). Horiek aukeratzeko Velazquez eta taldearen artean aritu dira lanean. Lehendabizi, Ken Zazpik orkestrarentzat aproposak izan zitezkeen kantak proposatu eta konposatzaileak moldaketak egin zituen. Ondoren, horietatik gehien gustatu zaizkienak hautatu dituzte. «Haizea» eta «Noizbait» izenburuak aipatu baditugu ere, Fernando Velazquezi beste batek ihes egin zion: «Betiko kantuek ez dute zerikusirik orain arte entzun dugunarekin, adibidez, `Zapalduen olerkia' oso desberdina da».
Beste lau kantak zeintzuk izango diren ez dakigu, baina Ken Zazpiren abesti arrakastatsuenak kontuan hartuta, «Ilargia» horien artean egongo dela pentsa dezakegu (edo sorpresa hartuko al dugu?). «Ilargia» benetako hit-a bilakatu zen Euskal Herrian zein gure lurraldetik kanpo 2003an «Bidean» diskoan argitaratu zenean. Katalunian, adibidez, Ken Zazpi oso talde ezaguna da egun. 2006an Camp Nou estadioan kontzertu txiki bat ere eskaini zuen 70.000 pertsonaren aurrean Euskal Herriko eta Kataluniako futbol selekzioen arteko partiduaren atsedenaldian. Arrakasta hori, neurri handi batean, «Ilargia» abestiari zor dio taldeak. Izan ere, katalanera itzuli zuen Ken Zazpik abestia «La lluna» izenpean, bertako milaka ahotsen gozamenerako. «Cada nit tinc un desitg, la lluna per tu robaria» esaldia bikote askoren lema erromantikoa bilakatu zen. Raidrop punk-rock talde katalanak, gainera, beste ukitu bat ere eman zion «La lluna» abestiari erritmo askoz biziagoko bertsio baten eskutik.
Abendura arte itxaron beharko dugu lankidetzaren emaitza epaitzeko, baina momentuz esperientzia «oso baikorra» izaten ari dela aipatu zuen konpositoreak, eta, bere ustez, emaitza «oso ona edo historikoa izango da». Eñaut Elorrieta eta Ken Zazpiko gainontzeko kideak ere pozik daude. «Duela bi urte proposatu ziguten zerbait elkarlanean egitea -kontatu zuen Elorrietak-; interesgarria iruditu zitzaigun gure musika, pop-rocka, musika sinfonikoarekin fusionatzea».
Ken Zazpiren abestiak kontzertu sorta batean biluzteaz gain, disko bat ere kaleratuko dute. Oraindik ez dute erabaki zein izenburu izango duen, baina argi dute bi estiloen batura izango dela. «`Ken Zazpi sinfonikoa' deitu beharrean, agian `EOS pop-rock' deituko diogu», esan zuen txantxetan Velazquezek. «Edo agian entzule klasikoak besaulkietatik altxatzea lortuko dugu!», gehitu zuen Jon Fresko Ken Zazpiko bateria jotzaileak.
Musikarientzat erronka interesgarria den proiektu hau, beraz, publiko desberdin bat erakartzeko bide ere izan daiteke. Ken Zazpiren jarraitzaileak auditorio batean musika klasikoa entzuten ikustea edo kamerako musika gustuko dutenak Ken Zazpiren kantak abesten ikustea ez da ohikoena, baina musikariek ez dute desberdintasun handirik ikusten. «Guretzat ez da sinfonikoa edo rocka, guretzat musika da», nabarmendu zuen konpositoreak. Honen esanetan, orkestran bertan gustu eta jatorri desberdinetako jendea dago, eta haiek ere musikaren aldeko apustu soila egiten dute musika tresna esku artean hartzen duten bakoitzean, musika estiloen ur ilunetan murgildu gabe. Ken Zazpiko kideen artean, Eñaut Elorrietak berak rock musika nahiago du, Iñaki Zabaleta piano jotzaileak musika klasikoari gustua hartua dion bitartean. «Furgonetan bidaiak egiten genituenean Chopinen diskoak jartzen zizkigun!», esan zuen abeslariak.
Egunotan Ken Zazpiko musikariak Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideekin batera entseatzen ari badira ere, datozen egunetan orkestra bakarrik arituko da lanean euren soinua grabatzeko. Gernikako taldea irailaren 2an hasiko da grabazio estudioetan lanean. «Ez da posible dena batera grabatzea, gitarra elektrikoa, adibidez, orkestrarentzat erabiltzen diren mikroekin grabatuz gero, gaizki entzungo litzateke. Hobe da gauzak ondo egitea», azaldu zuen Elorrietak.
Fernando Velazquezek estimu handia dio Euskadiko Orkestra Sinfonikoari. Azpimarratu zuenez, ekonomikoki latzak diren garaiotan proposamen interesgarriak eskaintzeko ahalegina egitea oso txalogarria da. Velazquez bera EOSren luxuzko kolaboratzaileen zerrendan agertzen diren izenetako bat da. «El orfanato» telesailari musika jarri ostean, pasa den urtean Donostiako Zinemaldian estreinatu eta Goya zein Oskar sarietan arrakasta lortu zen «Lo imposible» filmaren soinu banda egin zuen.
Bestalde, EOSk Ken Zazpirekin grabatuko duen diskoak baditu antzeko aurrekariak: Benito Lertxundirekin «Auhen sinfonikoa» grabatu zuten 1998an eta Kepa Junkerarekin «Ipar haizea» 2012an. Kirmen Uriberekin, ordea, poesia errezitaldi bat prestatu zuten. N.B.