GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Cano

Egiaren zapore mingotsa

Goi Sylesiako zulo eta zoko guztiak miatu ditu Nora Stewartek Didi Larrearen bila. Ez du, momentuz, haren arrastorik topatu. Badaki, gainera, amnesiko baten bila dabilela. Ez dela berarekin akordatu ere egingo, bere oroitzapenak saldu baitzituen hara ihes egiteko.


Goi Sylesiako hiriburuko kaleak behin eta berriro zeharkatu zituen Nora Stewartek. Didirekin Lurrean egondako lekuen antzekoak gogorarazten zizkioten tokietan harrapatzen zuen askotan egunsentiak. Ez zen kale, zubi, callcenter edo orgasmotekarik bisitatu ez zuenik. Eta patrikan zeramatzan beti memodosi preziatu haien kopiak, egunen batean Didi topatuko zuen esperantzan. Ez zuen, ordea, zorterik izan.

Zortea izan zuen arte.

Anbienteko orgasmoteka batean izan zen, musker hominidoez gain lurtarrak ere biltzen ziren «Earth friendly» leku batean. Urrunetik begiratzen ziola jabetu zen. Letra txikiak distantzian irakurtzeko gaitasunaren jabe jarraitzen zuen, beraz. Ez zuen ehiztariaren begirada galdu.

-Happy Christmas... Buy you something?

-Jakina..., zergatik ez? Lagun zaharrak gara, azkenean.

-Old friends? Zu eta ni? Topatu dugu inoiz elkar before? No way... Neska politen aurpegiak ez zaizkit hain erraz ahazten.

Harrituta zirudien gizasemeak. Oroneteko artxibategian ari zen Noraren irudiaren antzekoen bila, nabarmen. Begiradan neoi gorriak: «No matches found». Azpitituluak jarrita zeuzkan.

-Dnabook-en ibili naiz zure bila, can´t find you...

-Ez nauzu topatu Dnabook-en, ez nagoelako Dnabook-en.

Ismaelek oroitzapen solteren bat erauzia zuen aspaldi ez dela, baina ez zuen uste emakume harekin zerikusirik izango zuenik ezabatze partzial eta selektibo hark. Kontua zen... ez zegoela modurik ezabatutakoa zer zen gogoratzeko, ahazteko ezabatzen baitzen, hain zuzen. Horregatik ez zuen oroitzapenen ezabaketa selektiboaren esperientzia hura errepikatu. Jende askori bost axola zitzaion arren, kontrola galtzea zen beretzat: bizitza guztia kili-kolo jartzea. Zeure garunean zulo beltzak ereitea. Flirt estrategiatzat hartu zuen, beraz, emakumearena. Ziur samar zegoen ez zutela elkar ezagutzen.

-Ez zara nitaz gogoratzen? -setatu zen Nora Stewart.

-Ez, barkatu... should I? -tentsio puntu bat nabaritzen hasi zen gizasemea.

-Ezagutu zintudan garaian beti kexatzen zinen hipnobozketan sekula ez zutelako zure gustuko kanturik hautatzen orgasmotekan.

-Sorry, nola zen zure izena?

-Ez dizut esan. Nora Stewart naiz. Harritu egiten zinen batuan mintzatzen nintzelako eta ez bilbatuan...

-My inner thoughts irakurri dizkidazu, egia esan... -irribarre egin zuen lehen aldiz Ismaelek, baina atezuan jarraitzen zuen.

-Reseteatu zaituzte inoiz?

-I´m afraid not... Disappointed? Aitortzen dizut konponketaren bat egin izan diodala nire memoryari, operatuta nago, baina ukitu txikiak baino ez dira izan, here and there, inoiz ez erauzketa traumatikorik...

-Reseteatu izan bazintuzte... jakin nahiko zenuke zeure aurreko bizitzaz?

-Of course, baina ez da kasua... Badakizu derrigorrezkoa dela reseteatu orokor guztien ziurtagiri bat uztea halakorik nozitu duenari... eta nik ain´t got halakorik.

-Ziurtagiriak, jakina. Denok daukagu nor garen jakiteko eskubidea, baita nor izan ginen gogoratzen ez dugula jakitekoa ere. Hori legea betetzen den kasuetan... Legetik at ere bada bizitzarik, ordea...

-Why hainbeste misterio? Nik ez dakidan zerbait dakizu? Jakin behar nukeen something?

Nora Stewartek bi memodosi atera eta barra gainean utzi zituen.

-Nire eguberrietako oparia zuretzat.

-Memodosiak? Used stuff, gainera? Zuri-beltzezko kopiak? Come on!

-Primerako materiala...

-Merkatu beltzean erosia, ikusten dudanez. Ez zenuke denon bistan utzi behar, for Christ´s sake!

Memodosiak hartu eta Norari sartu nahi izan zizkion patrikan Ismaelek. Nora erretiratu egin zen, ordea, eta gizasemeak ez zuen beretzat hartu beste aukerarik izan. Esku ahurrean gorde zituen lehenbizi, jakako patrikan gero, dado misteriotsuen ondoan.

-Seko crazy zaude. Zaborretara botako ditut!

-Egin nahi duzuna, zureak dira. Ez beste inorenak.

-Ez dut halakorik kontsumitzen, baina if you want zerbait hartzera gonbidatuko zaitut...

-Bull on blue, no ice?

-Right! Nola asmatu duzu?

-Zenbait gauza ez dira hain erraz aldatzen. Gainera... betazal ertzeko oronet operativearen azpitituluak aktibatuta dauzkazu orain ere.

-Excuse me...

Gorritu egin zen gizasemea.

-Didi Larrea zen zure izena ezagutu zintudanean. Baina agian bazenituen beste izen-deitura batzuk ere. Emaztea eta semea ere bai, beranduago jakin dudanez. Orain bezain ikusmen gaitasun ona zeneukan. Ehiztariaren begirada. Zure lanagatik, agian.

-Nire jobagatik? Beste norbaitekin nahasi nauzula esango nuke. Enbaxadan lan egiten dut, Ismael da nire izena... Zenbakietarako zorrotza naizelako hartu...

Nora Stewartek kontsumitu ez zuen lurrina ordaintzeko dirua barra gainean utzi eta hanka egin zuen handik.

-Horrela utzi behar al nauzu? Ez al duzu sintesia bukatu nahi, anyways?

Elurprogramatua hasten zuen kanpoan.

... biharko kapitulua:

IZOZTU ALA EZABATU?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo