GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

koldo larrea itxina | Algorta

Uholde aldarrikapena

1983ko abuztuaren 26ko gaua kandelen argipean eman genuen amamarekin barraskilo oskolak pernil eta txorizo puska txikiz betetzen. Aldika leihora hurbiltzen ginen Nerbioi ibaiak jaietako egun handiaren bezperan ekarritako zuhaitz, auto, bidoi, altzari eta abere desfilea ikusteko; herrian zendutako sei pertsonen gorpuak, ordea, ez genituen ikusi. Amamak «Jaungoikoaren zigorra» ikusi zuen fenomeno fisiko hartan. Artean jende gutxi mintzatzen zen klima aldaketaz edo ibaien ibilgua berreskuratzeaz.

Ondoko egunetan herri batzordeak eratu ziren gure jaioterria berpizteko. Arrotz uniformedunez gain, inguruetako ehunka boluntario batu zitzaizkigun lokatzetan. Nire ume begiek herria martxan ikusi zuten Laudion uda hartan. Naturaren lezioa bera baino irudi are boteretsuagoa izan zen auzolanarena.

Etsaiak etsai, sistema irauli nahi dugunok helburuak lortzen ez baditugu, lagun nahikok beharrezkoa den kemenarekin irrikatzen ez ditugulako baino ez dela pentsatu dut maiz harrezkero. Ama Lurraren eta klase herritarron egoeraren okertzea ikusita, ordea, 1983koa baino elkartasun eta borroka erakustaldi are indartsuagoak egiteko gai garela sinetsi behar dugu. Bizitze ona helburu, gure esku dago kapitalismoak suntsipen eta miseria handiagorik ekarri baino lehen, behetik gora, eskala txikitik abiatuta, gure bizimodua aldatzea eta sistema itoko duten herri-uholdeak eratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo