udate | ipar ekhian
Harrigarria
Jon GARMENDIA | Idazlea
Harrigarria da batzuetan. Udako beroek ukanen dute erantzukizuna igual, baina ostatu batean lasai-lasai zaude aldizkari bat irakurriz eta bat-batean zalantza etortzen zaizu burura, gaur zer egun da? Asteazkena? Osteguna? Eta noski, ez diozu ondokoari galdetuko, hau ez baita ordua galdetzea bezala, hemen lotsa pasa behar da. Gainera, badakizu memento bat iraunen duela, etorriko zaizula haria, udan elurrak baino zentzu gutiago baitu oporretan zaudelarik egunaren gorabeherakoaz kezkatzeak. Eta hor zaude denbora pasa, asperduraren ertza guztiak miatzen, asperduraz aspertuta. Lehen ez zen hala, kostata pasatzen zenuen astea zereginetan bildurik; orain, egunek ihes egiten dizute eskuetatik, baina zer egin duzun ohartu gabe ia. Eta une honetan, oraintxe, zerbait atzeman behar duzu, entretenitzeko, eta erantzunik gabeko galderei ematen diezu bide; badakizu itsasoa gazia dela, baina zergatik ote da? Zein ote da arrazoi zientifikoa? Eskatu beste garagardo bat. Erre zigarreta bestela. Mugikorrari behatzen diozu gero, ez da mezurik sartu, baina badaezpada berriz sakatzen diozu mezuen aplikazioari, ez ote da nehor zurekin oroitzen? Agian hobe, dei bat jasoko baituzu bestela, eta hor jada zure pentsamenduak ez dira zureak izango; deiaren arabera pentsatzen hasi beharko duzu. Bueno, ez da aukera txarra, zerau hasiko zara besteen pentsamenduan eragiten. Eta aspaldian haien zain zaudela erranen diezu. Zerbait pentsaraziko diezu horrekin. Denbora ez dela pasatzen utzi behar, hori erranen diezu, bizitza gastatu egin behar dela, eta, zein egunetan bizi diren ez baldin badakite, zuk erranen diezula.