GARA > Idatzia > Kultura

Jean-Pierre Jeuneten filmaren estreinaldiak itxiko du Donostiako Zinemaldia

p045_f02.jpg


GARA | DONOSTIA

Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioa «The Young and Prodigious T.S. Spivet» filmaren munduko estreinaldiarekin amaituko da irailaren 28an. Filma Jean-Pierre Jeunet zinemagile frantziarraren azken lana da, eta bai bera eta baita Kyle Catlett eta Helena Bonham Carter protagonistak ere Donostian izango dira.

Jean-Pierre Jeunet 2001. urtean egin zen ezagun «Amelie» filmarekin eta bereak dira, halaber, «Delicatessen» (1991) eta «La cité des enfants perdus» (Haur galduen hiria, 1995) -biak ere Marc Carorekin batera eginak-; «Alien Resurrection» (1997); «Un long dimanche de fiançailles» (Ezkongaietako igande luzea, 2004), eta «Micmacs à tire-larigot» (2009). Jeunetek berak aurkeztuko du filma Kursaal auditoriumean eta Antonio Elorza belodromoan.

Pelikula hiru dimentsiotan filmatuta dago, eta T.S. Spivet du protagonista, Montanako arrantxo batean bizi den 12 urteko jenioa. Kartografiarako eta asmakarietarako duen talentu izugarriak laster izango du ordaina: zientzia-erakunde batek prestigio handiko saria emango dio eta herrialde erdia zeharkatu beharko du haren bila joateko.

Bestalde, zinema ikasleen nazioarteko topaketa irailaren 25etik 27ra izango da Donostian, Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatuta. Deialdi honen helburua mundu osoko zinema eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da. Hamabigarren topaketa honen lehen aukeraketan 26 herrialdetako 63 eskolek aurkeztutako 138 film laburrek hartu dute parte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo