GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | elgoibarko jaiak

San Bartolome jaiek irailera arte jarriko dute dantzan Elgoibar

Gaur hasten diren jaiekin hartuko dute iraila elgoibartarrek. Hain zuzen ere, 13:00etan emango diete hasiera San Bartolome jaiei. Bihar, soka dantzaren txanda izango da, baita pilotalekuaren 150. urteurrena ospatzekoa ere. Hurrengo asteburuan gazteak izango dira protagonista goitibeherekin, sokamuturrarekin edota Hesian taldearen eta Oihan Vegaren emanaldiekin.

p050_f02.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Euskal Herriko frontoirik zaharrena den Elgoibarko pilotalekuaren berritzearen 150. urteurrena ospatuko dute bihar San Bartolome jaietako lehen asteburuan. Alabaina, gaur hasiko dira bertako jaiak, 13:00etan Elgoibarko Izarra euskara taldeak botako duen txupinarekin. Ondoren, irailaren 1era arte luzatuko dira jaiak. Bertan, besteak beste, jada 79 urtez jarraian egingo duten soka dantza ikusi ahal izango da berriz ere.

Gaurko txupinaren ostean Mauxitxa txarangak alaituko ditu kaleak, eta, arratsaldean zehar, quad-ak, umeentzako parkea, buruhandiak eta erraldoiak izango dira. Gauean, bost bat urtetik egiten ez ziren gaueko ikuskizun eszenikoak berreskuratu dituzte. Gaur, Dantzaz konpainiaren eskutik, «Chameleon» eta «Naufragos» ikuskizunak izango dituzte aukeran herritarrek 23:00etan, Kalegoen plazan.

San Bartolome eguna

Bihar izango da, ordea, jaietako egun nagusia Elgoibarren. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da 11:00etan egingo den soka dantza nabarmentzea, tradizio handia baitu herrian. Horrez gain, pilotalekuaren eraberritzearen 150. urteurrena ospatuko dute. Ez nolanahi, gainera, profesionalen arteko esku pilota partidak hartuko baititu frontoiak.

Arratsaldean zehar, umeek, bezperan bezala, egitarau zabala izango dute jolasez jolas gozatzeko. 19:00etan, berriz, Kalebarren plazan, Trapu Zaharra antzerki konpainiak «Gezurtiak» obra taularatuko du. Ondoren, Pitanga taldeak zirku akrobaziak egingo ditu Kalegoen plazan, 23:00etan.

Hurrengo asteburuan, berriz, gazteek hartuko dute Elgoibar. Lehenik eta behin, hori bai, Gazte Eguna ospatuko dute ostiralean. 08:00etan dianak esnatuko du herria, baita goizean goiz egingo den sokamuturrak ere. 12:30ean goitibehera lasterketa izango da, eta, lehen hiru sailkatuek, gainera, sari bikainak izango dituzte. Dirusariak banatuko dituzte ere 17:00etatik 19:30ak arte zezen bolaztatuekin jokatuko diren futbol partidek. Gazteei zuzendutako egitarauari amaiera ezin hobea emateko, Hesian nafarrek eta ZZ Blues Band taldeak joko dute. Hurrengo egunean, bestalde, Oihan Vegak txikienak dantzan jarriko ditu disko festarekin 19:30ean. Ondoren, 23:00etan, nagusien txanda izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo