GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | BILBOKO ASTE NAGUSIA. kronika: kontzertua txurdinagan

Europa parkea jendez lepo kontzertuetako lehenengo gauean

Jendez mukuru bete zen asteazken gauean Txurdinagako Europa parkea. 10.000 pertsona baino gehiago hurreratu ziren Aste Nagusiko kontzertu «handien» lehen pasera. Amaitu eta berehala hasi ziren lanean garbitzaileak.

p052_f01.jpg

p052_f03.jpg

Jonebati ZABALA

Bilboko Aste Nagusiko gaueroko su artifizialak isildu ondoren hasi zen hurreratzen jendea Txurdinagara. Lekuaren eskuragarritasun ezak garraio publikoaren erabilera ezinbesteko egin zuen, eta Bolueta zein Basarrateko metro geltokietan jendea pilatzen hasi zen. Santutxukoa hautatu zuten beste batzuek. Sekula Europa parkean egon gabeak asko, aurretik zihoazen kuadrillei jarraituz iritsi ziren batzuk, auzokideen argibideei esker, berriz, besteak.

Agertoki pareko gune berdea hartuz joan ziren gazteak, taldeka lurrean eseriz. Batez besteko adina hogei urte ingurukoa zen. Areatzako txosnagunetik urrun, Europa parkean bertan bi barra jarri dituzte, hala ere, prezioak ez dira ez batere «herrikoiak». Kalimotxo edo garagardo katxiek, hurrenez hurren, 8 eta 6 euro balio dituzte. Dena dela, lehen kontzertura bertaratutakoek bazuten nahikoa eurek eramandako edariekin. Plastikozko poltsak eskuetan, txinga eroatean ari balira lez, agertokiaren ezkerraldeko aldapa betetzen hasi ziren, 23.30ak aldera.

«Balorazio positiboa»

Iaz Karola guneak sortutako arazoen ostean, eztabaida handia piztu zuen Europa parkea kontzertuetako agertoki gisa aukeratu izanak. Auzokideek, konpartsek eta talde ekologistek, besteak beste, gogor kritikatu zuten erabakia. Itziar Urtasun Udaleko jai zinegotziak, aldiz, lehen egunaren balorazio positiboa egin zuen atzo. «Normaltasun osoz igaro zen irekiera kontzertua», adierazi zuen. Udal iturrien arabera, 10.000 pertsona baino gehiago batu ziren Txurdinagan. Musika bukatu eta ordu erdira hustu zen kontzertu eremua eta handik gutxira hasi ziren lanean garbitzaileak. Urtasunen esanetan, goizeko lehen orduan «normaltasun osoa» zen nagusi parkean.

Auzokide batzuek ez dute iritzi berbera. Hala, kexatu egin dira kontzertuaren ondorengo goizean parkeak azaltzen zuen egoera dela-eta. Birziklatzeko hainbat edukiontzi jarri dituzten arren, bildutakoek zaborrak lurrera bota zituztela salatu dute, baita belarra hondatuta dagoela ere.

Gero eta gutxiago...

Kontzertu kopurua murriztuz joan da azken urteotan Bilboko jaietan. Orain dela bi urtera arte, zortzi kontzertu «handi» eskaintzen zituzten Aste Nagusian. Iaz sei izan ziren, eta, aurten, aldiz, lau baino ez dira izango. Bart, Aste Nagusi Dance kontzertua izan zen Dani Moreno DJarekin. Gaur, berriz, La Pegatina kataluniarrak ariko dira, «Eureka!» tourraren baitan. Bihar, azkenik, kontzertu egitaraua ixteko, Auryn pop taldearen txanda izango da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo