GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | BILBOKO ASTE NAGUSIA

Bihotzeko omenaldia jaso du ikurrinak konpartsen eskutik

Iruñeko sanferminetako txupinazoko ekintzaren ikusgarritasunetik urrun, baina sentimendu berarekin, Bilboko Konpartsek omenaldia xumea eskaini zioten atzokoan «euskaldun guztiak batzen gaituen sinboloari». Konpartsa bakoitzeko kide batekin osatutako taldeak dantzatu zion agurra Arriaga aurrean berriro igoarazi zuten ikurrinari.

p054_f02.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Azken urteotako Aste Nagusi guztietan bezala, Bilboko Konpartsek omenaldia egin zioten atzo ikurrinari Arriaga antzokiaren aurrealdean. Ekitaldi xumea izan arren, bildutako askoren artean emozioa nagusitu zen, sentimenduak pil-pilean zirela.

Ekimena arratsaldeko sei eta erdietarako zegoen deituta, baino, dezente lehenago, jende ugari zegoen Areatzako bulebarrean kokatutako ikurrina handiaren inguruan bilduta. Independentistak sareak manifestaldia zuen deituta omenaldia burutu osterako, eta, hala, sarearen bereizgarri diren zapi eta banderola berde ugari ikus zitezkeen nonahi.

Puntualtasun handiarekin, Mamiki konpartsa feministako kideek Marijaia eraman zuten Arriaga aurrealdera, berak ere omenaldian parte hartzeko. Aste Nagusiko erregina ez zen bakarrik izan, momentuan Jone Artola txupinera agertu zelako bere babesa emateko. Parte hartzen duen ekimen guztietan bezala, Txori Barroteko konpartserarentzako txaloak, muxuak eta besarkadak izan ziren, irribarre zabalarekin hartu zituenak.

Omenaldia bera nahiko laburra izan zen. Konpartsa bakoitzeko kide batekin osatutako taldeko dantzariak ikurrinaren hiru koloreak zituzten puxika erraldoiekin agertu ziren, eta, behin agurra dantzatu ostean, puxikak askatu zituzten. Hala, Bilboko zerua hartu zuten ikurrinaren koloreek, jendeak «ikurrina bai, espainola ez!» oihukatzen zuen bitartean.

«Euskaldun guztion sinboloa»

Konpartsek adierazi zutenez, ikurrina «euskaldun guztien sinboloa da, guztiok ordezkatzen eta batzen gaituena». Horregatik, Bilbon historikoki banderen inguruan izandako istilu, ika-mika eta arazoak albora batera utzita, «gurea dena aldarrikatu behar dugu. Gaur omenaldirako egun berezia da, ez eztabaida edo polemiketarako».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo