GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

barañaingo herri harresia

«Luisek eta `Xapo'-k herri bat dute atzetik»

Ezinegona. Horrela definitzen dituzte egun hauek Izaskun Arraizak eta Olaia Bariainek, Luis Goñiren neska-laguna eta Xabier Sagardoiren kuadrillako kidea, hurrenez hurren. Barañaingo bi gazteek duela hilabete erabaki zuten ezkutatzea, sei urteko espetxe zigorra jaso ostean.

p005_f02_32669.jpg

Aitor AGIRREZABALA

Gaur bost urte atxilotu zituen Guardia Zibilak Xabier Sagardoi eta Luis Goñi. Bost urte igaro eta gero, baina, beraien egoerak ez du hobera egin, eta bi gazteak gordeta daude egun Auzitegi Gorenak euren aurkako sei urteko espetxe zigorra baieztatu ostean. GARA Izaskun Arraiza Goñiren neska lagunarekin eta Olaia Bariain Sagardoiren kuadrillako kidearekin egon da, egoerari aurre nola egiten dieten jakin asmoz.

Barañaingo taberna batean gaudela, ur trago bat hartu eta lehen hitza bota du Izaskunek: «Ezinegona». «Suposatzen dugu ongi daudela, baina ez dakigu deus ere», gehitu du. Ez jakite horrek egoera zaildu egiten du. Ezkutatzea kondena luzatzea dela pentsa liteke, baina hori da bi gazteek euren militantzia politikoarekin jarraitzeko hartutako erabaki eta konpromisoa. «Familiei kosta egin zitzaien ulertzea, erabaki oso gogorra baita. Baina ulertu dute euren erabakia dela desobedientziaz aurre egitea», azaldu du Olaiak.

Emozioei eustea ez da erraza, are gutxiago agurraren unea gogoratu dutenean. Luisek eta Izaskunek elkarrekin pasa zituzten azken orduak; Olaiak, aldiz, oporretatik bueltan jakin zuen Xapo ezkutuan zela. Hala ere, uztailaren 7an, San Fermin egunean, Iruñetik Barañainera elkarrekin egindako bideak agur zentzu hori izan zuen. «Hitzik gabe jakin genuen, denbora luzean, une hura izan zitekeela askatasunean elkar ikusiko genuen azkena».

Orain, fisikoki ez, baina kuadrillakoen hitzetan beti agertzen dira. Ez dago ordurik haien inguruan solas egin eta pentsatzen ez dutenik. Argi dute haien tokia zein den. «Hemen egongo gara beti, haien ondoan, nahi eta behar duten guztirako», nabarmendu dute, bi gazteek egindako lanaz harro. «Gordetzea erabaki dute, eta haiek egin ezin duten lana guri egitea egokitzen zaigu», baieztatu du Izaskunek, Barañainek, Iruñerriak eta oro har Euskal Herriak lekukoa hartu behar dutelakoan. Herri Harresia lantzen eta osatzen ari dira lurraldean barna. Ekimenera jende asko ari da batzen. «Gero eta argiago du jendeak epai hauek ezin direla onartu», erantsi du Bariainek, datozen kasuei esperantzaz helduz. Eta euskal gizarteari deia helarazi nahi diote, aurre egiteko «aukera bakarra lana eta borroka» direla azpimarratuz. Emaitzak ere jasotzen ari dira Euskal Herri mailan burutzen ari diren ekimenetan. Esker oneko hitzak ditu Arraizak: «Hunkigarria da edozein herriko festetan haien argazkiak eta haiekiko elkartasuna ikustea».

«Aurrez aurre topatuko gaituzte»

Elkartasunetik konpromisora salto egiteko deia egin zuen Herri Harresiak, eta horren zantzuak argi ikusi dira azkenaldian. Hori bai, auziaren amaiera, historia luze baten beste atal bat besterik ez dena, nahiko barneratuta dute bi neska barañaindarrek. «Atxilotze agindua dute. Lanean ari gara, baina espetxean amaitzeko aukerak handiak dira», onartu du Olaiak. Ongi daki zer den hortik pasatzea: «Berriz ere kilometroak errepidean, ukitu ezina, kristal batek bananduta elkar ikustea...».

Izaskunek bi urte eta zortzi hilabete eman zituen Luis bisitatzeko ehunka kilometro eginez, Madril zein Alacanteraino. Patua onartuta duen arren, borrokarako grina bizi-bizirik du: «Lanean jarraitu behar dugu. Estatuek ikus dezatela Xapok eta Luisek herri bat dutela atzetik, eta haien bila badatoz aurrez aurre topatuko gaituztela». Ez dira egun errazak, baina horrek berak ematen die aurrera egiteko indarra, amorrua. Euskal Herriko askatasun politikoen alde borrokan jarraituko dute: «Ezin gara triste egotera mugatu. Buelta eman behar diogu egoerari. Herri indarra, Herri Harresia zabaldu, borobildu, indartu behar dugu».

Atxiloketaren bosgarren urteurrena

Gaur bost urte, 2008ko abuztuaren 24an, gauez, atxilotu zituen Guardia Zibilak Xabier Sagardoi eta Luis Goñi. Bost egun eman zituzten inkomunikatuta eta torturak jaso izana salatu zuten. «Horiek izan ziren egunik latzenak», dio Luisen neska-lagunak. Orain ez dute hortik berriz pasa beharko. Hala ere, egun bizitzen ari diren egoerak ahaztu nahi zituen oroitzapenak berpiztu dizkio. Inkomunikazio egunetan lortutako autoinkulpazioak dira haien kontrako froga nagusia.

Olaia Barianen hitzetan, «barneratuta ditugu jada egoera eta prozesu hauek, egunerokotasunean bizi ditugulako. Horrek ezin du horrela segi. Aldatu egin behar dugu». Bost urte igaro dira eta agertoki politikoa aldatu egin da. «Teorian egoera berri batean gaude, baina ez dago aldaketarik», uste du. Hainbat gauzatan «atzerapauso nabarmena» ere ikusten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo