GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Cano

Izoztu ala ezabatu?

Bere buruari Ismael deitzen dion gizonak zalantza handi bat dauka: bere iraganaren atea irekiko dion memodosia ziztatu ala ez. Materiala adulteratua egon daitekeela susmatzen du. Bere senaren esku utzi beharko luke erabakia, ala zoriaren esku?


Zalantzan geratu nintzen une batez. High and dry. My libido erabat down neukan dagoeneko. Emakume hura burutik zegoen. What the fuck? Zer egin memodosi haiekin? Kopia kaskarrak ziren, gainera! Goi Sylesiako policefriendak ez ziren txorakeriatan ibiltzen. Etxera bidean kontrolen batean geratu eta arropa barrenak arakatuz gero, arazoak izan nitzakeen. Areago orain, Lurreko memory centerretako lapurreten kontuak pil-pilean zeudenean. No shit. Komunera sartu eta bertan zizta nitzakeen dosiak, harekin guztiarekin for good amaitzeko. Ala komuneko zulotik behera bota. Emakume hura ez nuen ezertatik ezagutzen. Ala bai? Trust ote nezakeen her? Stuff adulteratua bazen, zer? Merezi zuen nire burua at risk jartzea? Nire memojunkie garaiak aspaldi ahaztuak nituen, almost forgotten. Berriro ere zintzilik geratu eta rehab prozesu batean sartzea zen nahi nuen azken gauza.

Tentazioan ez erortzeko modurik onena tentazioan erortzea zelako teoriari amore ematea erabaki nuen azkenean. Oscar Wildentzat royaltiak sortzen, orain ere, Ismael. Memokatatoniko geratzea bakarrik behar nuen. Izan dira halako kasuak. Bad trip, bad luck. Behin egingo nuen eta kito. Hura izango zen ziztatuko nuen azken gauza. Memodosiak ziztatu eta gerta zedila gertatu behar zuena: whatever. Gero puskak batu eta izoztera.

Goi Sylesiako hiriburuan ere bada bizitzarik Eremu Babestutik at. Mundu basan nago orain. Ez galdetu zergatik, baina nahiago dut hemen ziztatu. Elurrak asko zailtzen du oinez ibiltzea. Errumanoideak doleuroen eske. Txatarra anywhere pilatua. Oh my gosh, Macbook Air bat al da hori? Urteak ziren halako junk zaharrik ikusten ez nuena! iPad tabletak ere nonahi. Zalantzan egon naiz, materiala ziztatu ala ez. Ziztatu dut azkenean. Memodrive unitatean leun-leun sartu da gailua. Loratze euforikoa etorri da berehala. Koloreak entzuten eta usainak ikusten dituzuneko sentsazio cyberlisergic hori. Heaven, I´m in heaven. Damn it! Frank Sinatrari royaltiak sortzen orain ere, Ismael... Horrela ez dago doleuro bat aurreztuko duenik.

Ez dut denbora larregi behar izan bi gehi bi how many diren jakiteko. Frankotiratzaile batena da memoria. Isozaki towerretako apartment batean dago, mira luzeko arma teleskopikoa zehaztasun handiko argazki-sentsore sakagailuarekin aktibatzeko prest. DNA spray-inhibidorearekin garbitu du bere burua, baina badaezpada ere, painelu estu bat dauka buruan lotuta. Komunera sartu denean Ray-Ban demodéak erantzi ditu. Can´t believe it. Nire burua ikusi dut ispiluan. Fuck. Mezu bat idazten ari naiz bertan, letra larriz: HANKA EGIK FROM HERE, NOW! Eskularru beltzak jantzi eta fusilaren zementuzko oinarria finkatu dut, horretarako damned beharrik ez dagoen arren. Armaren bidez teleskopikoki jasotako Guggenheimeko sutunpa-tren geltokiko sarrera anplifikatua daukat over the white wall, eta eskala errealean baino are handiago ikusiko dut bertan nire targeta. Memounitatetik dosia kendu nahi nuke, baina beranduegi da...

Lur jota esnatu naiz. Dena ulertu dut derrepente: nire harrokeria, zehaztasunaren gaineko obsesioa. «Bista ona, zure lanagatik», hala esan zidan Nora Stewartek. Filologoak, idazleak, hiltzaileak. Zehaztasuna maite duen jendea. Euskaltzaina nintzen, beraz, in my former life. Eta hiltzailea. Nork manipulatua, baina? Bigarren memodosia ziztatzeari uko egiteko indarrik gabe nago. I give up. Ziztatu dut hura ere. Donostian nago orain. Hipnomusika Hamabostaldiko sarreran lortu nuen Isozaki towerretan lortu ez nuena. Ikus nezakeen hilketa burutu ondoren memounitatea nork kendu zidan ere, from behind, that fucking bastard: Mustafa Bergara, ekonomia sailburua. My friend, my brother... Euskaltzaindiko Bilbatuaren Batzorderako eskatu adina diru ematen zidana... Best friend? Lekutan! Nire true personalitya zurrupatu zidana. Uste izan nuena baino askoz ere enkargu zikinagoak eginarazi eta gero nire memorya zatiak erauzten zizkidana. Damned heldulekurik gabe geratu nintzen, nora ezean, dazed and confused. Egia zen, orduan. Barrutik etorri zen lehendakaria erailtzeko konspirazioa eta ni nintzen hiltzailea. Soldatapeko sagarraren adarraren puntaren puntako bihozgabe koitadua.

Justizia eta revenge egarri nintzen, it goes without saying. Baita down abailduta ere.

Euskal Protektoratuko buruzagi berrien aurrerapena ematen ari ziren oronetean: Mustafa Bergarak hartu zuen lehendakaritza, surprise surprise. Aintzane Obereyskere zen lehendakariorde. Kultura, guess what, Front Nationaleko Domeinu Daborden esku geratzen zen. Biribil atera zitzaien. Manifestaldiak sortu ziren kaleetan, Abdul Gerrikagoitia Anaia Musulmanen aldekoagoa zelako eta Mustafa Bergara fake muslimtzat hartzen zutelako. Traidorea omen. Beharko, mundu honetan irauteko.

Orgasmotekan Bull on Blue bat eskatu nuen zer egin pentsatzeko. Egia esan, Sylesian ez zuten Lurrean bezain ongi prestatzen. Izotz gutxiegi. Zer egingo nuen orain? Ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu? Nekien guztia jakinda izoztu eta bukle mingots batean sartuta bizi till the end of time? Ez ote zen hobe zuzenean eutanasiatzea?

Nekagarria baita beti oraina, baina are akigarriagoak iragana eta etorkizuna.

Eutanasiatu ala izoztu? Azken finean enpresa berdinak arduratzen dira bi zerbitzuak emateaz. The West Wing edo The East Wing?

Pokerreko dadoak hartu ditut. Erabaki dezala zoriak nire ordez. The music of chance. Ukabila itxi eta putz egin dut esku ahurrean dadoak jaurti aurretik.

... biharko kapitulua:

EPILOGOA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo