GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Estatuaren jazarpenaren «beste» biktimak

Terrorismoaren» aitzakia edozer zuritzeko erabili izan du Estatuak, baita areagotuz joan den gazteen aurkako jazarpena bera ere. Datorren urrian, esate baterako, dozenaka gazte epaituko dituzte Auzitegi Nazional espainolean beren militantzia politikoa dela eta. Luis Goñi eta Xabier Sagardoi gazteak, berriz, epaituta daude dagoeneko. Epaituta eta seina urteko espetxe zigorra jasota. Baina jazarpen hori ez da azken asteotako kontua, duela bost urte hasi zen-eta, Guardia Zibilak atxilotu zituenean. Bost egun bakartuta eman ondoren, behin-behineko kartzelaldian izan ziren hiru urte eta erdiz. Eta espetxetik irtenda ere, haien bizitzan ziurgabetasuna nagusitu zen, Auzitegi Goren espainolak gazteon aurkako seina urteko espetxe zigorra berretsi zuen arte. Duela hilabetetik gordeta daude, egoera gogorrean, zalantzarik gabe. Baina egoera horrek, jazarpen horrek, ez dio gazteon bizitzari bakarrik eragiten. Haien senide eta lagunengana ere zabaltzen da, haien ingurura oro har. Hil honen hasieran hogei guardia zibil, metrailetak eskuan, Barañaingo etxe batera sartu eta miaketa egitea horren erakusgarri nabarmena da. Hurkoen sufrimendua ez da horren agerikoa, baina bai benetakoa, egunkari honi Goñiren neska-lagunak eta Sagardoiren kuadrillako lagun batek emandako lekukotasunak erakusten duen bezala. Horiek ere Estatuaren jazarpenaren biktima dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo