GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

«Dualitatearen» aurka, malgutasuna

Uste dut inoiz -383 bider edo- esan dudala, baina errepikatu egingo dut gaurkoan: enpresarien helburua ez da lana sortzea, ahalik kosturik txikienarekin etekinik handiena lortzea baizik. Eta helburu hori lortze aldera, batzuetan lanpostuak sortzen dituzten bezala, bestetzuetan hondatu egiten dituzte. Azken urteetan, erruz.

Orain, ordea, lanpostuak sortzea enpresarien lehentasuna omen da. Eta nik ez dut batere zalantzarik hala dela. Gobernuak enpresaburuen gustuko lan erreformak -«fardel» asko gainetik kentzea erraztu dietenak- egin ondoren, lana sortzeko garaia da. Lana eta aberastasuna. Lana miserableentzat eta aberastasuna eurentzat.

CEOE enpresaburu espainiarren bandako presidente Joan Rosellek argi eta garbi azaldu berri du lana sortzeko premia hori. Eta, nahikoa argi ez bazegoen ere, are argiago utzi du morroi ezin eskasagoa dela. Dioenez, lan merkatuko dualtasuna eragotzi egin beharra dago. Dualtasun madarikatu hori arazo handia da-eta, gero eta aldi baterako kontratu gehiago baitago... A, ez, arazoa ez da hori, «Rosell-kopetaren» ustez; aitzitik, dualtasun hori onartezina egiten duena mugagabeko kontratuak izatea da, eta horrelako «pribilegioak» desagertu egin beharko lirateke. Kontratuak enpresen beharretara egokitu behar omen dira, «erabat mundu malguan bizi gara-eta». Bitxia gertatzen da honen mundu malguan zehar horrelako azal gogorra erakustea.

Baina kontratuak erabat malgutu artean, hau da, langileak egun osoan lanerako prest eta lanaren truk zentimorik ez jasotzeko prest egotea lortu arte, langabeak ere izango dira. Eta Rosell eskuzabalak «laguntza txikiena» eskatu du haientzat, «bizirauteko laguntza txikien eta premiazkoena». Berak «bizirauteko» beharko lukeen bestekoa akaso?

Lana beharra, eskubidea, are batzuen ustez duintasun bidea izatetik, pribilegio izatera igaro da, kontratua mugagabea denean, behinik behin. Eta martxa honetan, soldatarik jaso gabe lan egitea luxua izango da, kontratuak aldi baterakoak zein Rosellen kopeta bezain mugagabeak izanda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo