GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Protesta eskubidea ukatzeko aitzakiak

Kexatuz ez dugu mundua aldatuko, ados, urrats ausartak egin behar dira beste zerbait eraikitzeko, baina kexatu gabe, etsipenaren bidetik ez dago etorkizunik, hondamendia baizik

Baina zu, zer dela-eta kexatzen zara? Lana duzu, beraz...». Gero eta gehiagotan aditzen dira halakoak. Alferrikakoa da zabor-lana izatea, lana da eta, horrenbestez, gero eta pertsona gehiagoren eskuetatik at gelditu den luxua. Eztabaidaren oinarriak hala ezarririk, zaila da urrutira iristea.

Jada, hainbat girotan, gaizki ikusita dago lan edo bizi baldintzen kontura kexa egitea, makurrago daudenak ez mintzeko edo. Erraza da horrelako jarreretan erortzea, nabarmena baita egoera larriak ditugula inguruan.  Tragediaz jositako jendartean bizi gara, batzuk besteak baino ikusgarriagoak, baina hierarkizazioaren legea nagusitzen delarik, tarte eskasa gelditzen da ñabarduretarako.

Konturatu gabe, zentzurik gabeko errua gureganatzen ari gara, egoera honen erantzuleek sentitzen ez dutena, hots. Lan makurrak dituztenek ez diete ezer ere lapurtu lanik gabekoei, lan baldintza duinak gorde dituztenek lan makurragoak dituztenei lapurtu ez dieten bezala.

Ez zuen Bourdieuk kasualitatez idatzi neoliberalismoaren xede nagusia kolektibitatea haustea dela. Langileriaren fragmentazioaz asko idatzi, pentsatu eta aztertu da dagoeneko. Jakina da eredu kapitalistak bere menpekoak zatitu nahi dituela: zatitu eta garaitu.

Zatiketaren hamaika adierazpenetatik, asko irensten ditugu, irenspenaren garrantziaz jabetu gabe sarritan. Egoerak kezkatzen gaitu eta elkartasunak zirraraz astintzen. Eta errudun sentiarazten gaituzte eta errudun sentitzen gara. Eta zepoan sartuta bukatzen dugu, gauzak horrela.

Baina zepotik aterata, gauzak bestela ikustea erraza da. Bai, lan makala duenak badu kexatzeko eskubidea, beste batzuk lan gabe badaude ere. Hortzetako min jasanezina sufritzen duenak oihu egiteko aukera duen moduan, inguruko norbaitek minbizia izan ala ez. Horixe bera falta genuen, hau eragin dutenek ezartzea kexatzeko eskubidearen mugak!

Finean, kexatzeko eskubidearen atzean protesta egiteko aukera dago. Ez badut kexatzerik, nola izanen nuke protesta egiterik? Honelako joeren bultzadaren atzean estrategia argia dago, protesta zailtzea.

Lanik ez duenak ez du protestatu behar, hori ez baita lana lortzeko biderik onena, eta lan eskasa duenak are gutxiago, elkartasun eza adieraziko lukeelako. Laburbilduta, inork ez du protestatu behar, eta kitto! Esan bezala, konturatu gabe, halako pozoiak irentsi eta zabaltzen ditugu. Eta egoeraren arduradunak pozik, zatiketaren bidez zama herritarren sorbaldetan utzi baitute.

Denak batera protesta egitea da, berriz, zerbait aldatzeko lehen baldintza. Kexatuz ez dugu mundua aldatuko, ados, urrats ausartak egin behar dira beste zerbait eraikitzeko, baina kexatu gabe, etsipenaren bidetik, edo nahiago baduzue, kristau etsipenaren hamaika formulen bideetatik, ez dago etorkizunik, hondamendia baizik.

Kexa gaitezen, beraz, eta entzun ditzagun arretaz eta begirunez besteen kexak. Bazter dezagun, berriz, kexatzeko eskubidea mugatu, hierarkizatu, debekatu edota baldintzatzeko tentaldia! Bazter dezagun, beraz, luzatu diguten amua!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo