GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Kanporaketa

Bigarren Mailarako bidean azkenengo geldialdia, Lakuntzan

Kinatana, Kortxero, Irazabal, Eraso, Pellejero, Eneko Saralegi, Beltza, Resano eta Kastro neurtuko dira bihar Hirugarren Mailako azkeneko kanporaketan.

p036_f01_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Hirugarren Mailako bigarren eta azkeneko kanporaketa jokatuko da bihar 18.00etan Lakuntzako plazan. Bertan arituko diren hiru aizkolaririk onenek lortuko dute finalerako txartela.

Kintana, Kortxero, Irazabal, Eraso, Pellejero, Eneko Saralegi, Beltza, Resano eta Kastro neurtuko dira. Erdozia ere jokatzekoa zen, baina min hartuta dago, eta, ondorioz, bihar ez da Lakuntzako kanporaketan jardungo. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko ebaki beharko ditu.

Hiru izango dira aurrera jarraituko dutenak, eta Aian orain dela bi aste jokatu zen kanporaketako hiru onenekin batera jokatuko dute finala, nahiz eta azken saio horrek oraindik ez daukan datarik. Eneko Otaño, Telletxea eta Mieltxo Mindegia izan ziren finalerako bidea egin zuten lehenengo hiru aizkolariak, eta haiek ere bihar ezagutuko dituzte Bigarren Mailara igotzeko borroka horretan zeintzuk izango dituzten aurrean. Faboritoak aipatzerakoan, Kastro, Resano, Eneko Saralegi eta Beltza agertzen dira, baina faborito izate hori bihar erakutsi beharko dute. Lana ere laburra da, eta edozein deskuidu edo egur txar bat ateratzea nahikoa izango da kanpoan geratzeko ere.

Txapeldunen Liga

Herenegun jokatu zuten Bilboko Areatzan Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako jardunaldi berri bat, eta oraingoan Floren Nazabalek mendean hartu zuen Aitzol Atutxa.

Nafarrak eta bizkaitarrak egindako lana bikaina izan zen, bi aizkolariek lan handia egin baitzuten; amaieran minutu erdiko tartea bakarrik egon zen bion artean. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko lehen lana, eta bakoitzak 40 kolpean ebaki zuen 45 ontzako enborra.

Jarraian, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta minutu bat eta bi segundoan bota zuen Atutxak. Nazabalek bi segundo gehiago behar izan zituen. Hirugarren saioan, 45 ontzakoa zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta 1.35 izan zen Nazabalen denbora eta hamar segundo gehiago behar izan zituen Atutxak.

Laugarren lana 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu zen, eta Atutxak irabazi zuen. 5.22 izan zen bere denbora, eta hiru segundo gehiago behar izan zituen Nazabalek. Bosgarren ekinaldian, aizkolari bakoitzak 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita ebaki behar izan zituzten, eta hori Nazabalek irabazi zuen. 3.21 izan zen bere denbora eta 3.42 Atutxarena. Iraupen proban, berriz, Nazabal gailendu zen; 9.24 izan zen bere denbora eta 9.29 Atutxarena. Nazabalen azken denbora 21.29 izan zen, eta 22.00, berriz, Bizkaiko txapeldunarena.

Nafarroako Herriz Herri Txapelketako laugarren saioa jokatuko da Gorritin

Nafarroako Herriz Herri Txapelketako laugarren jardunaldia jokatuko da, bihar, 12.30ean, Gorritiko pilotalekuan.

Lehen konbinatuan, lokotx-biltzea, zaku-lasterketa, aizkora, korrika eta trontza izango dira, eta bigarrengoan, berriz, txinga-eroatea, ingude-altxatzea eta harri-jasotzea izango dira.

Azkeneko jardunaldian Bera gailendu zen bi saioetan, baina lehia ikusgarriak izan ziren. Txapelketa honek, gainera, herri kiroletako kirol ezberdinak batzen ditu, eta horrek saioa oso polita eta ikusgarria bihurtzen du. Bera, Menditarrak, Arraioz eta Berriozar dira bi konbinatuetan lanean arituko diren taldeak. J.L.

Finala

Euskal Herriko Hirugarren Mailako bigarren eta azken kanporaketa bihar izango den arren, finala noiz eta non jokatuko den oraindik ere ez da ezagutzera eman.

saio bikaina

Floren Nazabalek eta Aitzol Atutxak saio bikaina eskaini zuten Bilbon jokatu zen Txapeldunen Ligako jardunaldian. Amaieran nafarrak irabazi zuen, minutu erdiko tartearekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo