GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Estibalitz EZKERRA, Literatur kritikaria

Zerrendak (II)

Batek pentsa dezake literatur zaleenak diren hamar unibertsitateen zerrendaren helburua dela literaturaren alde lan egiten duten erakundeak saritzea eta, zerrendan agertzen ez diren aldetik, literaturarekiko interes handirik agertzen ez duten horiek irrigarri uztea. Hala ere, lehia beste metodorik ulertzen ez duen Mendebaldeko gizarte hauetan, ez zait aukera hori batere sinesgarri egiten.

Aitzitik, nago literatura ere lehiarako arrazoi bilakatzeko bidean dela, ez bada jadanik puntu horretara heldu. Beste modu batera esanda, literaturaren beraren balioa ulertu eta defendatu beharrean –jakin badakit eremu labainkorra dela hori, literaturaren balioa eta erabilgarritasuna zeintzuk diren, baliorik eta erabilgarritasunik duenik onartzekotan, kontu nahaspilatsuak direlako–, ematen du literatura irakastea beste produktu bat bihurtu dela erakunde pribatuetatik gero eta gertuago dagoen unibertsitateen munduan.

Gaur egun unibertsitateen egitekoa ez baita hezkuntza eskaintzea, baizik eta ikasleak ahalik eta ondoen trebatzea lan merkatuaren beharrei erantzuteko gai izan daitezen. Egiteko horretan fin ibiltzen badira –hau da, ikasleak dagokien epe mugaren barruan graduatzen badira eta lana topatzen badute–, kalitatezko Q-a jasoko dute. Batek ez du genio bat izan behar berehala ohartzeko zientzien arloan agian errazagoa dela formula hori betetzea –eta horrekin ez dut esan nahi haren alde nagoenik–, baina humanitateen kasuan, batez ere literaturari gagozkionean, esango didazue hain sinplea ote den... Are gehiago, kalitatezko Q-ek bultzatzen duten eredua humanitateen espirituaren kontra doa erabat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo