Top 14
Biarritzek ezin du berriro Agileran hutsik egin
Baionako Aviron taldeak Tolosan jokatuko du, Stade Toulosainen aurka.
Jon LEUNDA
Egoera oso ezberdinean ekingo diote Avironek eta Biarritzek Top 14ko bigarren jardunaldiari. Baionakoak sailkapeneko lehen postuan daude, bakar-bakarrik, eta Biarritzek, berriz, defentsan lortutako puntua besterik ez dauka. Hala ere, liga hasi besterik ez da egin, eta, gaurko jardunaldiaren ostean, gauzak erabat alda daitezke.
Biarritzek berriro ere etxean jokatuko du, Agileran, 18.30ean, Montpellierren aurka. Zuri-gorriek ligako lehen bi partidak etxean jokatu behar dituzte, eta ezin dute garaipenik lortu gabe hasi hirugarren jardunaldia, bestela kolpe handia litzateke. Clermonten aurka gutxiago izan ziren, baina aurrean liga irabazteko faboritoetako bat izan zuten. Gaurkoa, berriz, ustez, zuri-gorrien atzetik beharko lukeen taldea da. Lehen jardunaldia etxean jokatu eta berdindu egin zuen. Biarritzek puntu bakar bat dauka, baina, gaur aurrean izango duen taldeak, bi besterik ez ditu.
Pasa den astean garbi ikusi zen Biarritzek hobetzeko asko daukala. Bere unerik onenean egon ez arren, berriro ere Yachvili izan zen onena, eta denboraldi bat pasa eta bestea hasi, zuri-gorriek bere menpekotasun handia dutela nabarmendu zen berriro ere. Gaurkoan hasieratik ekin beharko diote aurrean presioa egin eta entseguen bila. Zigorrak leku onean lortzea ere ez da txarra, Yachvilik oraindik ere baloia erraz sartzen baitu.
Hamabostekoari dagokionean, pasa den astetik aldaketa batzuk izango dira, eta horien artean Goiaren estreina izango da. Idiazabalgo jokalariak, azken orduko aldaketarik ez bada, lehenengo aldiz jokatuko du Biarritzekin. Pasa den astean ere deialdian zegoen, baina gaur hamabostekoan izango da. Gauzak horrela, eta ezustekorik ez bada, Couet Lannes, Goia, Gimenez, Traille, Thomas, Waenga, Yachvili, Lakafia, Guyot, Furno, Dubarry, E. Lund, Gomez Kodela, Genevois eta Barcella izango da Biarritzen hamabostekoa. Hori baieztatzen bada, Hegi, Menini, Taele, Fono, Lesgourgues, Peyrelongue, Burotu eta Broster geratuko dira aulkian aukera baten zain.
Neurketa zaila
18.30ean jokatuko du Avironek ere, baina kanpoan izango da, Stade Toulosainen zelaian. Norgehiagoka oso zaila izango dute zuri-urdinek. Baionakoak bakar-bakarrik daude sailkapeneko lehen postuan. Pasa den astean, garaipenaz gain, erasoko puntua ere lortu zuten, eta beste inork ezin izan zuen hori errepikatu. Gaur, ordea, gauzak oso bestelakoak izango dira. Tolosako taldea Top 14a irabazteko beste talde faboritoetako bat da, eta gaur ikusi ahal izango da, Avironek zer egin dezakeen. Orain bi aste lagunarteko partida jokatu zuten Baionan, eta orduan lapurtarrak nagusitu ziren.
Entrenatzaile zuri-urdinek ez dute eman ezagutzera zein izango den gaurko hamabostekoa, baina bai deialdia, eta honako hauek joan dira Okzitania aldera: Van Rensburg, Igiñiz, Muller, Tialata, Roumieu, Etrillard, Gayraud, Boutaty, Fa'aoso, Marmouyet, Puricelli, Monribot, Haare, Fonua, Rouet, Brett, Ugalde, Ahotaeiloa, Lovobalavu, Gerber, Rokocoko, O'Connor, Fuster, Bustos Moyano eta Spedding. Salem Attalah izango da epailea.
Julen Goia gipuzkoarrak gaur lehen aldiz jokatuko du hasieratik Biarritzekin, azken orduko ezusterik ez bada. Berri ona da alde batetik, Hego Euskal Herrian ere gauzak ongi egin eta jokalari onak ateratzen ari diren seinale baita. Baina orokorrean, Europako Ligarik handienean, euskal jokalarien presentzia oso txikia da, nahiz eta bi talde lapurtar izan hamalau talde horien artean. Gauzak asko aldatzen ez badira, gaur bi euskal taldeek jokatuko dituzten bi partidetan, bi euskal jokalari bakarrik izango dira hasierako hamabostekoetan. Goia gipuzkoarra Biarritzen, eta Igiñiz lapurtarra Avironen. J.L.