GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Hondoratzetik salbatu zen ur gaineko museoa

Euskaldunak izate hutsagatik uste dugu dena dakigula gure kulturaz, gure inguruaz. Baina ez da hala. Itsasoa parez pare dugu, ontziak askotan ikusten ditugu, arrantzaleak ere... baina zer dakigu euren bizitzaz? «Mater» itsasontzi-museoak horren berri izateko aukera aparta eskaintzen digu.
p045_f02.jpg

p045_f03.jpg

p045_f04.jpg

Nagore BELASTEGI

Gauzak ikasteko modurik onena bertatik bertara ezagutzea da, eta hori da normalean Pasaiako portuan egoten den «Mater» itsasontzi-museoak eskaintzen duen aukera. Jendeak ingurugiroa zaintzeko dagoen beharra barnera dezan ahalegintzeaz gain, gure marinelen bizitza nolakoa den azaltzen saiatzen da benetako atunketari baten eskutik. «Mater» ontzia ez da oso zaharra, 23 urte besterik ez ditu, baina badauka bereizgarri bat: egurrezkoa da. Egun ia ez dago egurrezko barkurik, are gutxiago arrantzarako erabiltzen direnen artean. 1990. urtean eraiki zuten Asturiasko La Parrilla ontziolan, baina Getariakoa da berez. 2003an «Mater 2» ontzia eraiki zuten eta arrantzarako berri hori erabiltzen hasi ziren. «Mater» zaharrak, horrenbestez, ez zuen etorkizun oparorik: beste norbaitek eskuratu ezean, zulatu eta hondoratu egingo zuten, egurrezko ontziekin egin ohi duten bezala, itsaso iluneko ur lasaietan ustelduz joan zedin.

Itsasgela elkarteak, aldiz, «Mater» zaharraren kaskoa berreskuratzea erabaki eta gobernuz kanpoko erakunde gisa eskuratu zuen. Behin ontziaren jabe eginda, «Mater» zaharrari zenbait moldaketa egin zizkioten Itsasgelako kideek falta ziren piezak berritu eta museo izateko beharrezko segurtasun baldintzak bermatzeko. Izan ere, bertako langileek berezko duten itsasoarekiko maitasuna elkarbanatzeko prest zegoen Itsasgela. Urte osoan zehar bisita daiteke «Mater», baina egunotan Donostiako portuan dago, hilaren 30era arte, aurretik ezagutzen ez zutenek bere berri izan dezaten. Euskaraz eta gazteleraz egiten dituzte bisita gidatuak, txandaka. Horrez gain, aldez aurretik abisua emanez gero, ingelesez, frantsesez, alemanez edo italiarrez ere egin daitezke bisitok.

Xabier Iturria beratarra da «Mater» ontziko patroia. Aurretik «Mater 2» ontzian arrantzale gisa ibilitakoa da, beraz, badaki zertaz ari den barkuan aurkitzen ditugun txokoez mintzatzen denean. Ontziratu eta segituan, zubia erakutsi digu Iturriak. Bertan egoten dira kapitaina eta bigarren kapitaina guztia behar bezala doala kontrolatzen. «Mater» ontzian bi lema daude, bata egurrezkoa eta bestea burdinazkoa. Bigarrena erabiltzen dute ababorrera eta istriborrera joateko, baina lehena ez da dekoraziozkoa bakarrik; ezinbestekoa da, argindarrik gabe geldituz gero ontziaren norabidea mantentzeko bide bakarra baita.

Aurrera eta atzera joateko palanka bat dago, eta motel joateko beste bat. «Martxa geldoa ez dugu asko erabiltzen. Hegaluzeak arrantzatzeko baliagarria da, arrainen parean joan daitekeelako ontzia, beraiei jarraituz», azaldu zigun Iturriak «Mater» ontzira egin genuen bisitan.

Itsas-arrosa (ipar orratzaren antzekoa) itsaso zabalean ontzia zein norabidetan doan jakiteko erabiltzen da karta nautikoarekin batera. Iturriak Bidasoatik Getariarainoko itsasertza irudikatzen duen bat erakutsi zigun. Bertan ageri dira itsas-hondoko sakonera desberdinak, itsas-argiak, portuak eta lurzoruan dauden materialak. Latitudea eta longitudea neurtzea ere garrantzitsua da ez galtzeko. Hori bai, GPS teknologiarekin dabilen ordenagailu bat ere badute badaezpada.

Zubian hainbat pantailatxo ere ikusten dira: radarra (ontziaren inguruan dagoen ura eta lurra identifikatzen ditu), eta zunda eta sonarra (sakonera neurtu eta bertatik pasatzen diren arrainak identifikatzen dituzte). Larrialdi egoeretan may-dei ospetsua eskatzeko erabiltzen den irrati zaharra ere badu «Mater»-ek, baita eguraldiaren informazioa eskuratzeko hainbat tresna ere.

Ontzia hotel bat balitz, ohorezko suitea zubiaren ondoan legoke. Bi ohek, mahai batek eta komunak, dutxa eta guzti, osatzen dute kapitainaren eta bigarren kapitainaren logela. Gainontzekoek brankako gela handiago batean egiten dute lo, binakako ohatzeetan. «`Anaia Handia' bezalakoa da hau -esan zuen Iturriak txantxetan-. Lagunak egin egiten dira itsasoan, baina hainbeste denbora elkarrekin pasatzean, hain leku txikian, istiluak ere sortzen dira».

Jatorduak ere elkarrekin egiten dituzte arrantzaleek. Egun bakarrerako itsasoratzen direnean, berdela edo antxoa harrapatzera joaten direnean kasu, norberak bere janaria eramaten du, baina hegaluzeak arrantzatzera ateratzen direnean egonaldiak bizpahiru astekoak izaten dira. Orduan, tripulazioko kide bat sukaldari gisa aritzen da eta jangelan txandaka bazkaltzen dute.

Euskal arrantzaleek batez ere bi arrantza teknika jasangarri erabiltzen dituzte: inguraketa sarea eta beita bizia. Lehena berdela, antxoa, sardina eta, noizean behin, txitxarroa harrapatzeko erabiltzen da. Gehienez ere 700 metroko sarea erabiltzen dute, baina normalean txikiagoak izaten dira jasotzeko errazagoak direlako, eta, horrenbestez, aldi gehiagotan bota ditzaketelako. Sarea laukizuzen formakoa da, eta, behealdean, berunak dauzka. Honela, ababorretik botatzean hondoratu egiten da, eta, jarraian, txalupa edo aingura bati esker, arrainak inguratzen dituzte. Ondoren, tira egiten diote sareari zaku bat sortu arte eta jaso egiten dute. Arrain bizienak ontzian bertan dituzten zenbait haztegietan gordetzen dituzte beita moduan erabiltzeko. Gainontzekoak xurgagailu batekin jasotzen dituzte.

Hegaluzeak, ordea, beita biziarekin harrapatu behar dira, banan-banan. Aurretik gordetako arrainak kanabera soilen amutik zintzilikatzen dituzte eta kanabera uretara jaurtitzen dute. Bitartean, pato bezala ezagutzen duten aparailua martxan jartzen dute uretan zipriztinak sortzeko eta hegaluzeek bertan janaria dagoela pentsa dezaten. Hegaluzeak gerturatzean, arrain batzuk botatzen dituzte, amurik gabe, ahalik eta hegaluze gehien erakartzeko, eta, halako batean... hiru eta hamabi kilo arteko arraintzarrak hozka egingo dio amuari!

Hegaluzeak oso handiak direnean, kako bat erabiltzen dute ontzira jaso ahal izateko. Itsasotik atera eta berehala, hozkailuan gordetzen dituzte animalia hilak, lehorrera itzuli arte ahalik eta ondoen mantentzeko.

Egun, «Mater» ontziko hozkailua egongela modura dago prestatuta, bertan tailerrak, festak eta jokoak egiteko. Izan ere, ontzia itsasoaren inguruko heziketa emateko baliatzen dute. Eskolekin ekintzak prestatzen dituzte urte osoan zehar, eta, enkarguz, itsasora bidaiak ere egiten dituzte. Izaskun Suberbiola Itsasgela elkarteko zuzendari eta «Mater»-eko bigarren patroiak azaldu bezala, hamabi pertsonako talde bat osatzean, data zehaztu eta euren gustuetarako egokitzen den programa bat hautatzen dute. «Hau ez da `Ciudad San Sebastian' bat, ez da bidaiari moduan etorri behar. Bisitaria inplikatu egin behar da. Ariketa praktikoak egiten dituzte eta ikasi egiten dute», azaldu zuen. Besteak beste, marinelentzako prestatutako ohetan lo egin eta itsasoan bazkaltzeko aukera ere izango dute. Arrantza tailerrak ere ez dira faltako, eta, zortea badute, hegaluze bat harrapatuko dute. Hala ere, irteerarik erakargarriena duela gutxi martxan jarritakoa da: zetazeoak ikusteko aukera eskaintzen duena.


Arrantza jasangarriaren aldeko apustua

Modu didaktiko baina dibertigarri baten bidez, «Mater» itsasontzi-museoak arrantza jasangarria sustatzen du. Izaskun Suberbiola Itsasgelako zuzendariak azaldu bezala, «ontzi handi batzuek sare oso handiak erabiltzen dituzte, arraste teknikak erabiltzen dituztelarik edozein motatako itsas animaliak harrapatzeko. Horietatik %30 besterik ez dira bizirik iristen ontzira, eta, hala, hildakoak itsasora botatzen dituzte. Arrain kantitate handia lortzen dutenez, ez dute dirurik galtzen, baina, aldiz, ingurunea kaltetzen dute». Horrela arrantzatutako hegaluzeak merkeagoak dira beita biziaren teknikarekin harrapatutakoak baino. Horregatik, Itsasgela elkarteak jendea sentsibilizatu nahi du, garestiagoa izan arren, banan-banan arrantzatutako hegaluzeak erosi eta arrantza tradizionalari bultzada emateko. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo