GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Txoriñoa

Jon GARMENDIA | Idazlea

Gure etxeko teilatu azpian ez gara soilik gu bizi. Duela aste zonbait, teila gorrien babesean habia egin zuten txolarre batzuek, eta bizitza gehiago ekarri zioten gure etxeari. Zoragarria baita goizero txorien kantuarekin esnatzea. Halakoetan, halakorik gozatu ezin dutenak heltzen zaizkit burura, ez hondeamakinen laguntzaz harrizko herri amaigabeak eraiki dituztelako txoriak haietatik urrunduz, baizik eta egoerarik okerrenetan bizitzera kondenatuak izan direnei halakorik bizitzea debekatu zaielako. Burura heltzen zaizkidan horiek ez dira txoriak bezain libre. Gauza da, orain egun batzuk, etxeko atea zabaldu orduko txoriño bat topatu nuela hankapean. Habiatik erori zen. Eta hor, hainbestetan ikusi ditudan filmak etorri zitzaizkidan oroimenera, baina galdera bakarra: «Zer egin txoriñoarekin?». Kanpoan utziz gero, banekien ez zela gai izanen bere kabuz aitzina egiteko; lurretik zebilen eta oraino ez zekien hegan, eta katuak hamaika dira inguruotan, naturaren legea da bestalde... Baina bihotz bigunegia dut naturaren legeetan sinesteko, eta nigana patuak hala nahita iritsi zela barneratu nuen; ez neukan argi, hori bai, biziarazteko gai izanen nintzen, sarri, nahia eta ahalmena ez baitatoz bat. Beraz, kutxa batean gorde, ogi apur batzuk jarri eta eguna eta gaua etxean pasa zituen. Goizeko lehen gauza izan zen ea bizirik zen ikustea; leihoak zabaldu eta bat-batean txioka hasi zen, kaxa barnean kanpora atera nuen, eta, nire sorpresarako, bere ama txoria agertu zen han denbora gutxira, mokoan ogi apur bat zuela. Amak ez zuen ahantzi, ez eta abandonatu ere. Honela pasa dira azken egunak, eta gaur hegan joan da, libre utzi dut. Agian, oroituko du gizaki batek zaindu zuela beharra zeukan garaian, edo, seguruenik, gizakiak eskutan hartu, kutxa batean gorde, harri-burdin artean giltzapetu eta egun batzuez bahiturik ukan zuela oroituko du.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo