GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | BILBOKO ASTE NAGUSIA

Urtero legez, elkartasun keinu erraldoia presoen senideen aldeko bazkarian

Gainezka egin zuen atzo eguerdian Bilboko txosnetako Euskalguneak. 900 lagun baino gehiagok parte hartu zuten jada ohitura bilakatu den euskal preso politikoen senideen aldeko bazkarian. Elkartasun hitzordua izateaz gain, Bizkaiko senide eta lagunen topalekua izan zen berriz ere Areatzako kaia. Elkartasun keinuz betetako aurtengo Aste Nagusiaren zazpigarren eguna zen atzokoa, eta, bazkaltzera bildutakoek, Gobernu Zibilera egindako kalejirarekin bukatu zuten urteroko zita.

p053_f01_250x120.jpg

Jonebati ZABALA | BILBO

Bilboko Aste Nagusiko ezinbesteko hitzordua bilakatu da jada presoen senideen aldeko bazkaria. Orain dela 30 urte hiriburuko senide eta lagunak baino ez ziren batzen elkartasun ekimenean; 1990eko hamarkadatik aurrera, ordea, Bizkaia osoko jendearen bilgune bilakatu da. Helburua, hasierako berbera: jai giroan, senideei elkartasuna adieraztea.

Mahai luzeek txosnetako Euskalgunea guztiz hartu zuten atzo eguerdian. 900 lagun inguruk gozatu zuten menu gozoaz; pasta entsalada, sukalkia, eta, bukatzeko, izozkia. Sukaldaritza lehiaketako sari banaketan egon ostean, txalo artean hartu zuten Jone Artola txupinera bazkarian. Omenaldi gisa agurra dantzatu eta gero, azken urtean kartzelatik atera diren presoei Aste Nagusiko zapi urdina jarri zieten soinean. Behin ondo bazkalduta, Sabin Etxera joan ziren bildutakoak, bertatik atera baitzen Andaluziara doan autobusa. Amaitzeko, kalejira egin zuten Gobernu Zibilera arte.

Topaketa berezia

Urteroko bazkari hau elkartasuna adierazteko modu ezberdina dela nabarmendu zuen Roberto Noval Herrirako kideak. «Segur aski, urte osoan Bizkaiko senide guztiok elkar ikusteko dugun aukera bakarrenetarikoa da, lasai elkartu eta gozatzeko, hitz egiteko... Giro polita sortzen da eta jendeak disfrutatu egiten du». Espetxeetan edota bestelako egoera askoz zailagoetan topo egitera ohituta, ederra da presoen senideentzat Bilboko Aste Nagusiko zita. Izan ere, senideen arteko ezinbesteko hitzordu bilakatu da jada. «Benetan zaila da senide guztiak elkartzea, eta, horregatik, ostirala erreserbatzen dugu bazkaria egiteko, gehienok bisitak izaten baititugu asteburuetan», azaldu zuen Novalek.

Egoitz Coto semea du preso Txusa Etxeandiak, eta, ama bezala, ez du bazkarira hutsik egiten: «Urte osoko pozak eta minak elkarbanatzeko unea da, eta, era berean, borrokan jarraituko dugula eta eurei babesa ematen jarraituko dugula erakusteko modua». Hitzordu gazi-gozoa izaten dira jaiak, izan ere, horiez gozatu ezin dituztenak izaten dituzte gogoan, eta, batzuetan «malkoren bat» erortzen zaien arren, festetako poza transmititzen saiatzen dira.

Dispertsioa kari, senideek «nahi baino gutxiago» ikusten dute elkar Etxeandiak onartzen duenez, kartzeletarako bidaiak «etengabeak» baitira. Senitartekoez gain, bazkarian bildutako asko presoen lagunak direla azaldu zuen Ana Mari Larrañagak, Agustin Almaraz Larrañaga presoaren amak: «Astero-astero laguntzen diguten horiek, errepideetan jartzen diren lagunak, hainbeste kartzelatara doazenak... Guretzako horiek guztiak hemen batzea itzela da». Angel Almaraz Agustinen aitaren ustez, «guztiak kalean izan arte» egin beharko lirateke horrelako ekimenak, «bakarrik egon ez daitezen».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo