GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

LIGAKO LEHEN DERBIA ANOETAN | KRONIKA: GIROA

Bizkaitar eta nafar abordaia Donostian

Astebete igaro da jada Donostian Aste Nagusia bukatu zenetik, baina, hala ere, abordaia bat geratzen zen oraindik egiteko. Izan ere, Donostiako Parte Zaharrak nafar gutxi batzuek eta bizkaitar askok aurrera eramandako abordaia pairatu eta gozatu zuen atzo.

p008_f02_222x222.jpg

p008_f03_148x084.jpg

p008_f04_250x136.jpg

p008_f05_199x112.jpg

p008_f06_333x333.jpg

Aitor AGIRREZABAL

Realak atzo ez zuen partidarik Anoetan, baina futbol eta jai giroak guztiz hartu zuen hala ere Gipuzkoako hiriburua. 20.000 bat bizkaitar iritsi ziren Athletic animatzeko asmotan. Nafarrak, aldiz, 300 bakarrik ziren, eta, ondorioz, espartarren moduan eutsi behar izan zieten Bilbotik iritsitakoen kantu eta oihuei.

Termopiletako guduan baino giro askoz atseginago izan zen atzo, hori bai, Parte Zaharrean. Trago eta trago artean kantuak nagusitu ziren. Bilbotarrek bota, eta iruindarrek erantzun. Orduek aurrera egin ahala, batzuen eta besteen oihuek bat egiten zuten, futbolari garrantzia kendu eta elkartasunari tokia eginez. Denak ziren ostiral arratsalde on bat pasatzeko irrikatan, eta, gainera, atzokoak ez zuen Ligako beste edozein partidaren antzik. Athleticek Donostian jokatzen zuen, baina, ohi ez bezala, «etxeko» partida zen bizkaitarrentzat.

Eta hala ikustarazi zuten arratsaldeko lehen orduetan Athleticeko zaleek. Osasunako zale gutxi batzuk ere baziren arren, irla txikiak baino ez ziren Donostia hartu zuen uholde zuri-gorriaren baitan. Abestiek ere norabide bera izan zuten. Gipuzkoako hiriburua, egun batez, zuri-gorria izan zen. Hala ere, Athleticeko zale guztiak ez ziren pozik. «Ez al dugu beste zelairik? Realak utzi behar al digu?», zioen Miren Ibarra bilbotarrak. Baziren bestelako pentsamoldea zutenak ere. «Zelairik ez dugun bitartean, hobe Champions-eko batean aritzea», defendatu zuen Oihan Zabalak. Bi aburu desberdin, baina helburu bakarra: tragoz trago ongi pasatzea eta behin zelaira iritsitakoan hiru puntuak eskuratzea.

Realaren eta Athleticen arteko lehiak tirabiraren bat sor zezakeen partida Anoetan jokatzen zela-eta, eta, hala, nabaria izan zen donostiar gehienak nafar zaleen alde zeudela. Athleticeko zaleak gehiago baziren ere, gorritxoak etxean sentitu ziren une oro. Horrela zioen Arbizutik iritsitako Xabik, esaterako: «Egia da askoz gehiago etorri direla, baina bertakoak gurekin dira. Animo ugari jaso ditugu goizean goiz iritsi garenetik». Etxekoak, beraz, balantza orekatzen saiatu ziren, kaleak zuri-gorriak ziren-eta.

Dena den, Osasunako zaleek sarrerak eskuratzeko izandako zailtasunak eztabaida bat baino gehiago sortu zuen. Ez ziren gutxi izan Iruñetik Donostiara iritsi eta sarrera erosi ezinik partida tabernaren batean ikusi behar izan zutenak. «Lotsagarria da jendeak etorri nahi izatea eta Athleticek hala nahi izan duelako 10.000 aulki hutsik geratzea», esan zuen haserre Txema Garridok. Berak, Iruñean hiru orduz ilaran itxaron eta gero lortu zuen Anoetan izateko sarrera, baina asko izan ziren horrelako zorterik izan ez zuten Osasunako zaleak. Batzuk Donostian izan ziren, baina askok hartu zuten partida etxean ikusteko erabakia. «Hau da gaur egungo futbola. Diruak eta emaitzak ongi pasatzeak baino askoz gehiago balio du», gaineratu zuen Garridok. Oihu bat baino gehiago entzun zen zentzu horretan. «Athletic, non daude sarrerak?» leloaren oihartzunak burrunba egin zuen kaleetan barrena.

Iruñean asko geratu ziren Donostiara gerturatu ezinik, baina Bilbotik nahi adina zale hurbildu ziren Anoetara; 20.000 inguru guztira. Eta hori Bilboko Aste Nagusian murgilduta daudela kontuan hartuta. Marijaia Donostian zela defendatzen zuten bilbotarrek, eta Parte Zaharrean sortu zuten giroa ikusita hala zirudien. «Hara, hara, hara, gure Marijaia...», behin baino gehiagotan entzun zen. Gorritxoak, hori bai, ez zuten esperantza galtzen. «Marijaia dago kaleetan, baina partidan San Fermin nagusituko da», zioen ziurtasun osoz Markel Azkona hiriberritarrak.

Zelaian ere giroak norabide bera izan zuen. Gehiengo zabala zuen Athleticek, eta nafarrak entzutea ez zen batere erraza suertatu. Isiltasuna egiten zen Osasunak aukeraren bat zuenean, baina, berehala, zuri-gorrien oihuak gailentzen ziren berriz ere. Inoiz ez dute horrelako txalo zaparradarik jaso Anoetan Athleticeko jokalariek. Zaleek ere gozatu zuten Anoeta «konkistatuta».

Marijaia, ordu batzuetarako, Donostiara gerturatzeak on egin zien Parte Zaharreko tabernariei ere. «Etor daitezela astebururo, ez datorkigu-eta batere gaizki», nabarmendu zuten Bartolo jatetxekoek, batek baino gehiagok pintxoak ez ordaintzeko ohitura hartu zuen arren. Ordu luzeak izan ziren kaleetan jan eta edateko, eta, antzeman zenez, batek baino gehiagok egarria ongi ase zuen. «Donostiari derbi bat oparitu diogu», defendatu zuen harro Ibon Gartzia santutxuarrak, garagardoa sendo eutsiz.

Denak ziren emaitza on bat eskuratzeko esperantzaz, nahiz eta Ligako bigarren jardunaldia izaki, guztiek garrantzi handiagoa eman zioten egunean zeharreko giro onari. Bilbotarrak izan ziren nagusi zenbakiz, baina Iruñeko 300 espartarrekin batera lortu zuten Donostiak, astebete geroago, abordaia berri bat bizitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo