UDATE | IZOZTEKO ADINA, Harkaitz Cano
Epilogoa
Elurra elurraren gainean. Izotza izotzaren gainean. Paraje glazialean barrena, giza-talde txiki bat doa, basamortu zuria zeharkatu nahian. Baina begiradak ematen duen eremu osoan ez dago inon bizitza arrasto mendrenik ere...
Kometen bidez haizearen indarrak bultzaturiko elur-motoetan iritsi dira Oñatiko glaziarraren erpineraino. Ez dira asko. Dozena bat, asko jota. Ispiludun betaurrekoekin batera, txano ilunak daramatzate soinean eta animalia ezberdinen larruz egindako jaka luzeak. Hartzak. Zebrak. Otso larruaren adabakiak. Larru kolore eta ehundura ezberdinak bereiz daitezke. Batek daki: zoo batetik pasa dira agian espedizioari ekin aurretik. Eremu Babestuak indargabetu zirenetik oihaneko legea da nagusi leku guztietan. Elurrez eta izotzez zuri-zuri dago ingurunea eta deigarriagoa da larru ezberdinen kontrastea. Eguna oskarbi esnatu da, ordea. Izotz-kandela urdinak eta burruntziak apurka-apurka urtzen hasiko dira geroago, akaso. Zuhaitz bakar bat ere ez da bistan. Basamortu zuria. Isiltasuna bezain zuri.
-Ziur hemen dela?
-Hori dio iparrorratzak...
Iparrorratza eta izarrak. Bi horien menpe daude aspaldion haien mugimenduak. Palen laguntzarekin hasi dira elurra zulatzen. Zenbaitek txanoak kendu dituzte izerdia botatzen hasi ahala. Eskertzen dute ariketa fisikoa. Musker hominidoak dira haietatik hiru. Lurtarra dute begiratua gainerakoek. Baina bada elkartzen dituen zerbait. Denek dute tatuaje berbera eskumuturrean: sablea eta muskerra, berde eta zuri, lau hostoko hirustaren gainean. SAM siglak azpian: Sylesia Askatzearen aldeko Mugimendua.
Glaziazioak ezustean harrapatu zituen denak. Ipar Polotik Kariberainoko urak izoztuta geratu ziren. Esan liteke, dena geratu zela erdi bidean. Dena erdi eginda. Edo, hobe esan, erdi egin gabe. Energia iturri guztiak etenik. Artifizialki gordailatutako informazio oro galdurik. Goopple? Hutsaren hurrengo zen orain. Milaka urtetako informazioa, jakinduria. Dena galduta. Sateliteekiko konexio oro etenda. Lurretik kanpoko horniketa bide oro apurtuta. Asmamena inoiz baino garrantzitsuago bilakaturik. Nork berea. Nork beraren baliabideak.
-Hemen ez dago ezer, Stewart komandantea.
-Ez dezagun etsi. Senak esaten dit gertu behar duela trebatu behar dugun jendeak.
Zulatu eta zulatu segitu dute, etenik gabe. Tarteka haietako batek pospolo batekin sua piztu eta tea berotzen du atseden hartzeko. Liluratu egiten ditu oraindik isurkinak ezpainetan egiten dien laztanak. Ez dira ohitzen. Dena da berri eta zoragarri. Dena dago egiteko. Bost zentzumenekin arnastu, edan, jan, ukitu eta zurrupatzen dute mundua.
Kanpamendu batentzat ez da han abarorik. Elur-motoak bultzatzeko erabili dituzten kometekin inprobisatu dituzte nola halako kanpin-denda batzuk. Hirugarren egunera arte ez dute ezertxo ere topatu. Antzinako artearen imitazioz egindako irudi batzuk. Hamalau buru oso primitibo, sudur karratuekin. Haien hamalau gorputz enborrak agertu dira gero, elur gehiago kendutakoan. Harria hustuta egindako eskultura tribalak. Hura da sarbidea.
-Oteizaren apostoluak, azkenik! Hau da atea!
Atexka batetik jaitsi dira barruraino. Gizonezkoek a capella abestutako doinu lodien oihartzuna iritsi zaie harrizko korridoreetan barrena.
-Gregorianoa da -argitu die harrera egin dien gizonak.
Nora Stewart komandanteak hartz larruzko berokia erantzi du. Eskuz eta xehe-xehe marraztutako mapak hormetan. Territorio okupatua hari gorriz eta iltzez markatua. Borrokarako prest dagoen jendea.
-SAMen zein asanbladatakoak zarete? -jakin nahi izan du fraideetako batek.
-Sextakoak.
Zuria ez beste edozein kolore da elurpeko gordeleku hartan begientzat eskergarri. Arkume errea eskaini diete. Ardo gorri nafarra. Liburutegira sartu denean ezaguna egin zaion gizonezko bat topatu uste izan du Norak. Betaurreko biribilak. Ileak zuri, bizarra luze, muturra inkunable batean murgilduta. Noiz edo noiz, bi dado ateratzen ditu patrikatik eta mahai gainera jaurtitzen. Dadoek emandako zenbakiaren arabera irakurtzen du inkunable bat edo beste, hautatzen harako edo honako orrialdea. Zoriaren menpe lagatzen du jakinduria.
-Didi...? Ismael...? -ausartu da Nora Stewart-. Zu al zara?
-Nora?
-Betaurrekoak? Non da garai bateko bista zorrotza...?
-Nire ikusmena ez da old timesetakoa...
-Azkenean ez zenuen KAI protokoloa jarraitu...
-I changed my mind... Zu berriz... sasoi betean zaude...
-Denbora larregi Sylesian... han grabitateak gutxiago eragiten digu. Motelago zahartzen gara. Baina orain hemen nago.
Urtezahar gaua da. Ez da lehendakariaren mezurik orobistan. Ez dagoelako ez orobistarik eta ezta lehendakaririk ere.
Nora Stewartek dardaraka dauzka ezpainak.
-Seko izoztuta nago -esan du irribarrez, txantxetan agian.
-Zatoz sutondora...
Aro berri baten atarian daude.
Elkarren laguntza eta elurraren amnesia. Ez daukate besterik.