GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Herritarron Epaia», herriz herri dabilen liburu ibiltaria

Euskal Herrian zehar dabilen liburu ibiltaria da Herrira mugimenduak abiatu duen «Herritarron Epaia» ekimena. Bere helburua, argia; 197/2006 doktrinaren aurka dagoen gehiengoa azaleratzea, gizarteari «merezi duen protagonismoa» emanez. Hala, era guztietako ekarpenak ari dira jasotzen.

p016_f01.jpg

p016_f02.jpg

p016_f03.jpg

p016_f04.jpg

p016_f05.jpg

p016_f06.jpg

p016_f07.jpg

Aimar ETXEBERRIA

Gaur egun 74 dira 197/2006 doktrina aplikaturik espetxean diren euskal presoak. Horietatik 57 zigorraren luzapena betetzen ari dira, eta beste hamabosti kondena bete aurretik aplikatu zitzaien doktrina. Bost kalean daude, baina doktrina ezarrita dute.

Pasa den urteko uztailean du bere abiapuntua Herrira mugimenduaren «Herritarron Epaia» ekimenak, hau da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Ines del Rio euskal presoari aplikatu zitzaion 197/2006 doktrinarekin Gobernu espainiarrak giza eskubideak urratzen dituela ebatzi zuen unean. Epai hori oinarri hartuta, «beharrezkotzat» jo zuen Herrirak dinamika iraunkor bat abiatzea, aipatu doktrina indargabetu asmoz.

Afera honen inguruan adostasun «zabal» bat badagoela iritzita -urtarrilaren 12an Bilbon eta azaroaren 10ean Baionan egin ziren euskal presoen aldeko manifestazioak aipatuz-, herriz herri antolatzeari ekin zioten mugimenduko kideek, eskubideen urraketen aurrean gizartearen protagonismoa indartu nahian. Ekainaren 8an jarri zuten martxan ekimena, Tafallan -Ines Del Rio bertakoa da-, eta, udan zehar, ia 80 herri zeharkatuko ditu «Herritarron Epaia» liburuak, 197/2006 doktrinaren aurkako atxikimenduak jasoz han eta hemen. Irailaren 14an emango zaio amaiera dinamikari, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egingo den ekitaldi batekin; «Herritarron Epaia» ekimenaren azken plaza izango da. Amaiera ekitaldia eta gero, hori bai, 197/2006 doktrinaren eta gainontzeko salbuespen neurrien aurka lanean jarraitzeko asmoa du Herrirak.

Liburu handi batean oinarritzen da ekimena, non norbanako zein eragileek euren ekarpena egiteko aukera duten, nahi duten adierazpidea erabiliz horretarako. Era guztietako ekarpenak jaso dituzte gaur arte: olerkiak idatzi izan dituzte, baita bertsoak ere, doktrinaren aurka ateratako argazkiak itsatsi izan dira liburuan, sinadura soilak egin dira... Finean, bakoitzari hobekien datorkion adierazpen bidea erabiltzeko beta ematen dio dinamikak.

Ekimena bera antolatzeko orduan ere, formatu ezberdinak ibili izan dituzte. Batzuek herriko jaiak probestu izan dituzte, besteek, aldiz, propio egun bereziak antolatu dituzte ekimena burutzeko, Tolosan kasu. Herrietan jarri nahi izan dute indarra antolatzaileek, «gertuagoko harremanak egiteko aukera ematen dutelako, jende ezberdinarekin lan egiteko bideak ahalbidetzen dituztelako...». Gasteizen, adibidez, zinegotzi ezberdinek hartu zuten parte ekimenean, egin zuten harreman lanketaren ondorioz.

70 preso etorkizun hurbilari so

Gaur egun 70 preso politiko inguruk dute doktrina aplikatua, eta, Ines Del Rioren aldeko Europako uztaileko sententziaz geroztik ere, aplikatzen jarraitu du Gobernu espainiarrak, «sententziari muzin eginda». Estrasburgoko Areto Handiak emango duen ebazpena mugarri bat izango dela uste du Nagore Garcia Herrirako kideak, «aldekoa ala kontrakoa izan», nahiz eta «guk uste aldekoa izan beharko litzatekeela». Hala suertatuko balitz, «zalantzan jarriko luke momentu honetan bai espainiar zein frantses gobernuek indarrean mantentzen duten salbuespeneko espetxe politika».

Kontrakoa izatekotan ere, ordea, salbuespenez aplikatzen den espetxe politikaren aurka lanean jarraituko dutela argi dauka Garciak. «Ez da soilik 197/2006 doktrinaren kontua. Hor daude, era berean, gaixo larrien afera, sakabanaketa...», nabarmendu du. «Herritarron Epaia» bera aurrera begirako lanerako tresna bat izatea espero du, «dinamika hau baita 197/2006 doktrinaren aurka dagoen gehiengo horren nahia eta adostasuna biltzen duena». Egun ez dago garbi Estrasburgok Del Rioren aldeko sententziaren aurka Gobernu espainiarrak jarritako errekurtsoaren epaia noiz aterako den, baina aurreikuspenen arabera ez da gehiegi luzatuko. «Guk ahalik eta azkarren izatea nahi dugu, azken sententzia berresten baldin bada preso batzuk modu ilegalean espetxealdi askoz luzeagoak betetzen ari direlako argi geratuko baita», desio du Garciak.

Nahiz eta ekimenak oinarri nagusia Euskal Herrian duen, bertan biltzen den «testigua» nazioarteko komunitateari bideratzeko asmoa du Herrirak, «euren konpromisoa hartu eta doktrina indargabetzeko beraien esku dagoena egin dezaten». Horrez gain, Euskal Herrian ere abiatu dute harreman bira bat, eragile politiko, sindikal eta sozial ezberdinekin, herriez gaindi, liburuan euren ekarpena egiteko beste aukera bat izan dezaten. Horren harira, ekitaldi «xume» bat egingo dute datorren irailaren 4an Bilboko Kafe Antzokian, non eragile eta norbanako ezberdinak gonbidatu dituzten ekimenean parte hartzera euren ekarpena egin dezaten.

Nazio mailan irekita duten harreman birari bide ematea du xede Bilboko Kafe Antzokian egingo duten ekitaldiak eta hainbat eragileri bertan parte hartzeko deia egiten ari dira, 197/2006 doktrinaren aurka euren ekarpena egitera anima daitezen. «Hau izango da beraien ekarpena egiteko izango duten eguna», Herriraren esanetan. Harreman biran adostasunak biltzen jarraitzeko asmoa du mugimenduak, dinamikak ibilbide bat izan dezan. Horregatik, instituzio ezberdinei zein nazioarteko komunitateari begira ari dira lanean. Orain arte egin duten lanketaren balorazio «positiboa» egiten dute momentuz, «nahiz eta oraindik ere lanean gabiltzan», horregatik, ez dute Bilboko ekitaldian parte hartuko duten eragileen aurrerapenik egin nahi izan.

 

Liburuaren bi orrialde Tafallan betetzeko helburua, lortuta

«Herritarron Epaia» liburuaren bi orrialde betetzea hartu zuten helburutzat Tafallan eta aurrez zehaztutakoa, behintzat, lortu zuten. Bertan eman zitzaion hasiera ekimen nazionalari, ekainaren 8an, Ines del Rio bertakoa dela-eta. Hala ere, ez zuten dinamika harengan zentratu nahi izan eta herrian beste hiru preso eta bi iheslari dituztela aldarrikatu zuten.

Aurretiko lanketa modura, herriko eragile sozialekin bilkurak egin zituzten, eta «Herritarron Epaia» dinamikan euren ekarpena egiteko eskatu zieten. Hala, eragile esanguratsuen babesa lortu zuten; futbol taldeko kapitainaren sinadura lortu zuten, baita Baigorri abesbatzarena ere, Trinkete mendi taldearena...

Alor ezberdinetako jendea Tolosan: Kike Amonarriz, Garbiñe Biurrun...

Euskal preso eta iheslariek bizi duten egoera jendarteratzeko asmoarekin ekin zioten «Herritarron Epaia» dinamikaren lanketari Tolosan. Egun bat antolatu zuten espresuki ekimena burutzeko, uztailaren 13a hain zuzen ere, eta sektore ezberdinetako eragile eta norbanakoen babesa jaso zuten.

Hala, libre utzi zuten bakoitzaren parte hartzea gauzatzeko adierazpidea; batek testu bat idatzi zuen, beste batek kanta bat abestu zuen, bertsoak ere egon ziren... Elkarren arteko loturarik ez zuten eragileen parte hartzea lortu zuten eta aurrera begira fruituak eman ditzakeen abiapuntu bezala definitu zuten ekimena, herriko eragileekin harremanak «landu eta iraunkortzeko» aukera eman dielako.

Baztandarren biltzarreko karrozak ere, 197/2006 doktrinaren aurka

Baztandarren Biltzarra baliatu zuten Baztanen «Herritarron Epaia» ekimena burutzeko. Modu horretan, bailarako herri guztiei ospakizunean aterako zituzten karrozetan «Bizi arteko kartzela zigorraren kontra. Iñaki Erro eta besteak kalera» lelo hartuta kartel bat eramateko eskatu zieten, egun horretan desfilea ikustera bertaratzen diren milaka pertsonengana iristeko aukera baliatuz.

Era berean, Baztango Udalari eta Biltzarra antolatzen duen elkarteari ere euren ekarpena eskatu zieten. Lehenak udaletxeko balkoian jarri zuen kartela; bigarrenak, aldiz, agertokian bertan. Bailarako herri batzuek argazkia ere atera zuten. Hurrengo asteburuan, liburua oinarri, ekitaldia egin zuten.

Zortzi orduko elkarretaratzea Gasteizen, sektoreka txandatuz

Urtarrilaren 12an Bilbon egin zen manifestazioa igaro bezain pronto hasi ziren lanean Gasteizen 197/2006 doktrinaren inguruan. «Herritarron Epaia» ekimenaren baitan, zortzi orduko elkarretaratzea egin zuten hiriburuko Andra Mari Zuriaren plazan, sektore ezberdinen artean erreleboka, aurrez eginiko lanaren emaitza izan zena.

Parte hartzaileek liburuan euren testigantza ere utzi zuten eta ekimena Herriraren eta doktrina aplikatua duten senideen testigantzarekin amaitu zen. Azpimarratzekoa da sektore batzuk doktrinaren aurkako adierazpenak egitetik ekimen publikoetan parte hartzera pasatu zirela, Udaleko EAJko zinegotziak kasu.

80  herri

Euskal Herriko 80 herri inguru igaroko ditu «Herritarron Epaia»dinamikak udan zehar. Ekainaren 8an abiatu zen Tafallan etairailaren 14an emango diote amaiera Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

74 197/2006

Gaur egun 74 dira 197/2006 doktrina aplikaturik espetxean diren euskal presoak. Horietatik 57 zigorraren luzapena betetzen ari dira, eta beste hamabosti kondena bete aurretik aplikatu zitzaien doktrina. Bost kalean daude, baina doktrina ezarrita dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo