udate | ipar ekhian
Trumoi hotsa
Jon GARMENDIA | Idazlea
Trumoi hotsa da kanpoan nagusi, eta tximistaren argia doi-doi sartzen da zure logelan barrena; zuk, buelta erdi eman, eta oheari atzaparrekin eutsi diozu, tinko-tinko, alde egingo duen beldurrez. Tipidanik, izua eragin dizute naturaren danbatekoek; batzuek plazerez bizi omen dute halako momentua, zuri, dardara sorrarazi dizute beti. Kontuez oroitzen zarenetik, hala izan delako zoritxarrez. Batzuek maite dutena zuk gorroto, eta, seguruenik, zuk maite duzuna ez du nehork maite; koloreak, gustuentzat eginak, eta zu, daltoniko. Beti diferente, beti besteetarik desberdin, eta, haien hitzetan, pertsona arraro. Normala izateko gehiengoarekin bat egin behar baita, eta zu bakarrik, nehoiz ez zara gehiengo izango. Eta udako ekaitzak laburrak direla kantatzen dute zure disko zaharrek, baina hau luze doa, luzeegi. Gainera, desberdina litzateke ohe ondoan norbait bazeneuka. Orduan, maitatua sentituko zinateke, eta zein xarmagarria zaren entzunen zenuke, eta eder, eta lerden, eta lirain, eta zeinen ondo egiten duzun, eta zein ulerkorra zaren, eta «maite zaitut» ere entzunen zenuke, eta zuk, «nik ere bai» erran ordez, badakizula erantzunen zenioke, eta maite duzula gero, eta zure bizitza berekin batera eraiki nahi duzula, eta bihartik aitzina gaurik ez balego bezala biziko duzuela eguna, elkarrekin, eta desirak betetzen direnean ez direla desirak desagertzen, eta bere besoetan lokar zaitzala eskatuko zenioke, eta bere laztanekin iratzarri. Baina ezinezkoa da, eta ez da kanpoan trumoi hotsa dagoelako, ez eta bakarrik zaudelako; arraro bat zarelako da.