GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Apustua

Joakin Garmendiak hasieran erabaki du norgehiagoka

Irati Astondoak behetik gora egin zuen, baina ez zuen Anoetan irabazterik izan. 700 ikusletik gora batu ziren.

p038_f02_097x108.jpg

p038_f03_199x108.jpg

Jon LEUNDA

Joakin Garmendiak irabazi zuen atzo Anoetako ikastola ondoko belardian Irati Astondoaren aurka jokatu zuen sega apustua. Ordu erdia eta gero, Anoetakoak 380,5 belar kilo ebaki zituen, eta segalari bizkaitarrak, berriz, 340,5 kilo moztu zituen.

Sekulako ikusmina piztu zuen atzoko apustu honek. 46 urte ziren azkeneko aldiz emakume batek apustua jokatu zuela, eta horrek berak ere ikusmina areagotu egin zuen. 700 ikusletik gora batu ziren Anoetako ikastolako belardira. Belarra, aurrez esan zuten bezala, arina zegoen, eta amaierako kiloetan hori argi eta garbi nabaritu zen.

Atzoko apustuko gakoetako bat hasieran egon zen. Irati oso urduri hasi zen, eta hor kendu zion ilara bateko tartea Joakinek. Hori erabakigarria izan zen amaieran. Garmendia ongi hasi zen. Bere erritmoari ongi eutsiz, nahiz eta azkenerako nahikoa beteta amaitu zuen.

Irati, berriz, urduri hasi zen. Bixente Mitxelena zuen erakusle lanetan, baita sega zorrozten ere. Asko animatu zuen neska, eta bizkaitarrak behetik gora egin zuen, baina Joakinek hasieran lortu zuen abantaila horri ongi eutsi zion, eta amaieran garaipen ederra lortu zuen.

Ikusleen erantzuna

Emaitzaren gainetik, ordea, atzokoan Anoetan ikusi zen ikuskizuna nabarmendu behar da. Joakin Garmendiak 68 urte, eta Irati Garmendiak, 22 besterik ez. Biek eman zuten zuten guztia, eta zaleen erantzuna, berriz, ikaragarria izan zen, 700 ikusletik gora batu baitziren.

Amaieran, gainera, bertaratu zirenak oso gustura atera ziren, bi segalariek emandako ikuskizuna oso ona izan baitzen. Horrez gain, bi kirolarien artean oso tarte txikia izan zen.

«Oso gustura nago. Irabaztea zen helburua, baina lehenengo nire lana egin nahi nuen. Hasieran ongi hasi naiz, eta tarte bat kendu diot. Uste dut hori erabakigarria izan dela», esan zuen Joakin Garmendiak. «Jendeak eman duen erantzuna ere ikaragarria izan da, eta honelako apustuak behar dira sega berriro ere indartzeko», gehitu zuen Anoetako segalariak. Galdu arren, Irati Astondoa gustura zegoen. «Oso urduri hasi naiz, eta hasieran kendu dit tartea. Amaieran erabakigarria izan dela uste dut», esan zuen Iratik. «Dena dela, egindakoarekin gustura nago. Nuen guztia eman dut, etxeko lana egin dut, eta ez dago gehiago eskatzerik», esan zuen Zeanuriko neska gazteak.

Anoetako segalaria, era tradizionalean

Oraingo segalariak galtza motzekin eta tirantedun kamisetarekin aritzen dira, baina Garmendia lehengo eran aritu zen; kamiseta, mahonezko galtzak eta abarkak, buruko painelua ahaztu gabe. Belardira, gainera, bere traktorean agertu zen, segak ondoan zituela.

Kiroltasuna nagusi beste guztiaren gainetik

Apustuak apustu izaten dira, baina atzokoan kiroltasuna nagusi izan zen beste guztiaren gainetik. Amaieran bi kirolariak elkar besarkatu ziren, eta Iratik gazta bat oparitu zion Joakini; honek, berriz, lora sorta bat eman zion segalari bizkaitarrari, zaleen txalo artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo