GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Pottoka trostan dabil berriz ere

Europako zaldirik zaharrena izan daitekeena suspertzeko lanean dihardu Euskadiko Pottokazaleen Federazioak, hipika eskola ezberdinen laguntzarekin. Arantzazun izan zuten atzo animalia honen maitaleek zita, oraindik galzorian den pottokari buruzko jardunaldion lehen hitzordua izan baitzen bertan Pottokaleku zentroak bultzatuta.
p049_f03.jpg

p049_f05.jpg

p049_f06.jpg

Amaia GARTZIA

Euskaldunok zaldiek bezala eta izen berarekin irrintzi egiteak, euskaldunak erromatarrek estimatutako zaldunak izateak edota gure mitologian Zaldiko bezalako pertsonaia bat izateak zerbait esaten dute Euskal Herriak mendeetan zehar zaldiekin izandako harreman estuaz. Eta gure artean zaldiren bat nagusi izan bada, hori pottoka da zalantzarik gabe. Ez oso urruti, bere ahaide hurbilak ditugu zaldi nafarra, Euskal Herriko mendiko zaldia eta Auritzeko zaldia ere. Pottoka da, baina, Euskal Herri osoan aurki dezakegun bakarra, nahiz eta Iparraldekoa -pottok bezala ezagutua- beste arraza bat bezala hartua izan. Ekaingo historiaurreko margoetan irudikatuta agertzen diren zaldiek ere antzekotasun gehiegi dituzte egungokoekin beste zaldi mota bat direla esateko. Egun, bi sekzio edo sailetan banatzen da pottokaren liburu genealogikoa: pottoka -beltzak edo gaztaina kolore ilunekoak dira eta gehienez ere 130 zentimetroko altuera dute- eta pikarta -ilajea kolore horretakoa dute eta gehienez ere 130 zentimetroko altuera dute-. Halere, badira pikarta kolorea pottokaren berezkotzat aitortu ez eta benetako pottoka beltza baino ez dela esaten dutenak ere -«ezaugarri inportatutzat» jotzen dute pikarta kolorea-.

Mundu mailako bioaniztasun galeraren aurrean, pottoka bezalako arraza autoktonoen zaintza eta babesa arazo horri aurre egiteko erarik eraginkorrena da. Izan ere, tokiko populazioen kontserbazioak, bioaniztasun dibertsitatea ahalbidetzen du, konbinazio genetiko bakarrak mantenduz eta lurralde bakoitzeko baldintzetara egokitzeko aukera eskainiz. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak berak ere aipatzen duenez, arraza autoktonoek gaixotasunak edo aldaketa klimatikoa bezalako larrialdiak gainditzeko ezinbestekoak dira. Milaka urtez hobetutako pottokaren genetika gal ez dadin, elkarlanean ari dira Euskal Pottoka edo Euskadiko Pottokazaleen Federazioaren baitan Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako hiru elkarte ezberdin, lurralde bakoitzeko bat. 2004ean sortutako elkarte horrek 112 abeltzain ordezkatzen ditu, galtzeko arriskuan dagoen pottokaren zaintzan eta sustapenean lan egiten dutenak. Arabak sei bazkide ditu -47 behor eta lau zaldi dituzte-. Bizkaiak, 31 bazkide -158 behor eta 24 zaldi-. Gipuzkoak, azkenik, 75 bazkide -526 behor eta 57 zaldi-. Orotara, 816 pottoka daude egun elkartean zerrendatuta. Beste gauza askoren artean, arrazaren hazkuntza, hautaketa, hobekuntza eta purutasuna bultzatzean datza euren lana.

Pottokaren aldeko interesa ez zen bene-benetan 1996ra arte piztu, FAOk galtzeko zorian zeuden animali autoktonoen zerrendan sartu zuenean. Haatik, Euskadiko Pottokazaleen Federazioa osatzen duten hiru elkarteak lehenagotik ari dira pottokaren alde lanean. Pottoken jabeak dira bazkideak, eta, arrazaren jarraipena ziurtatzeaz gain, bazkideei «zerbitzu bat» eskaintzen diete, Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteko eta Euskadiko Federazioko juntakide den Aitor Iraetak nabarmentzen duen bezala: «Administrazioarekin lan egiteaz gain, diru laguntzak eskatzeko aholkularitza ematen dugu, baita animaliek hiru urterekin lortu beharreko izendapena eskuratzeko ere».

Arabak dauka pottoka buru gutxien, denak Gasteiztik gora, Izarra edo Aramaion adibidez. «Arabako mendietan pottoka sartzeko arazoak ditugu, ez baitute haragitarako zaldiekin nahasterik nahi. Horregatik daude hain gutxi», argitu du Arabako Pottoka Elkarteko Javier Garciak.

Pottokaren aldeko lana egiteaz gain, euskal zaldi mota honekin lan egiten den zonalde kopurua areagotzeko saiakeratan dabil federazioa. Pottoka Lagun Nafarroako Pottoka Hazleen Elkartearekin eta Iparraldeko pottoka zaleekin harremanetan jartzea ere badu helburu. Bestetik, arraza honetako animalien merkaturatzea antolatzen dute; esaterako, hipika mundura bideratzen dituzte buru batzuk azken urteotan, ekitazioan hasiberriak diren umeentzako pottokak ezin aproposagoak baitira. «Umeentzako altuera oso aproposa du pottokak, eta, gainera, oso animalia otzana da, umeekin pazientzia handia duena», nabarmentzen du Lemoizko Goikomendi Hipika Klubeko Elixabete Meabek. Klub hori umeei dago zuzenduta batez ere, eta pottokaren erabilera sustatzen lan asko egin du: «Guk egiten duguna pottokaren erabilera bultzatzea da, hazleek zaintzen dituzte, eta, ondoren, guri ekartzen dizkigute guk hezi eta eskolan sartzeko». Pottokez gain beste arraza bat ere erabiltzen dute klub horretan, halere, duela gutxi arte bertako zaldiak izan duen «erabilera oso txikiagatik» izan dela zehaztu du Meabek: «Gero eta gehiago erabiltzen ditugu pottokak, eta horretan gabiltza». Pottokaren etorkizuna iraultzen ari dira horrelako hipika klubak, eskarmentu handiko amazona honek nabarmendu duenez: «Orain arte, elkarteek hazi egiten zituzten, baina, hipiken eskaririk gabe, gehienek hiltegian amaitzen zuten». Animalia hauen etorkizuna kiroletik igarotzen dela ziur dago Meabe: «Badakit abeltzainek purutasuna ardatz dutela, morfologikoki animalia ederrak egitearen alde daudela, baina, gero, ekitazio eskoletan erabilgarriak ez dira pottoka horiek».

Lemoizko hipika kluba ez da pottokekin lan egiten duen bakarra. Izan ere, azkenaldian, gero eta gehiago dira zaldi mota hauen kopurua handitu nahi duten ekitazioa eskolak, Aguraingo Hipika bezala, zeinak pottoka eskola bat sortzeko ideia duen. «Beste arraza batzuekin egiten den bezala, denborarekin pottoken liga bat egiteko asmoa daukagu, baina oraindik ez gara ezertan hasi», azaldu du bertako Carmen Pradok. Gogoko dute pottoka Aguraingo Hipikan: «Orain arte ez da asko erabili izan, mendian hazten baino ez da eduki izan pottoka, baina erabilera anitzak izan ditzake eskola zein lehiaketetarako».

Pottokaren aldeko proiektua aurreratuago dute arestian aipaturiko Goikomendi hipika klubean. Bizkaiko Pottoka elkartearekin batera, animalia hauentzako harrera etxe sistema bat jarri dute abian. Helburua, berez oso gizartekoiak diren moxalak sei hilabete betetzen dituztenetik gizakiekin harremanetan jartzea da, etorkizunean berezko duten ezaugarri hori hobetzeko eta kirolean pottokon erabilpena errazteko. Bizkaiko elkartetik, kanpoko arrazak ekarri beharrean, bertakoak harrera etxe hauetan sei hilabetez uzteko dei egiten dute. Horrez gain, Pottokak harreran emandakoek deskontuak lortzen dituzte umeentzako Goikomendi hipika eskolan.

Pertsonekin adiskidetze lotura sendoak izateko gaitasuna dute zaldiok, fidelak dira oso. Aski ondo daki hori Jon Elortzak. Duela urte batzuk langabezian geratu ostean, zaldien mundua zabaldu zitzaion parez pare ekinoterapia eta coaching-a bezalako jardueretan sakontzen hasi zenean. Jarraian, Oñatin zalditegi bat ere zabaldu zuen, aurretik zeukan pottoka taldea oinarri hartuta. Zaldiaren ezaugarriak gizakiarekin lotzean datza, hain zuzen ere, ekinoterapia. «Zaldiaren berotasuna, inpultso erritmikoa eta aldaketatik ezartzen digun mugimendua bezalako estimuluak sentitzea da», azaldu du. Terapia mota hau jende orori zuzenduta dagoen arren, elbarrituentzako oso aproposa dela nabarmentzen du berak, izan ere, «zaldiaren mugimenduak oinez ibiltzen ari zaren mezua bidaltzen du burmuinera», pertsonen ibileraren kadentzia eta zaldiarena oso antzekoak baitira. Zaldiekin kontaktu sakona izatea bermatzen da Pottokalekun. Animalia ezagutu eta harremanetan jartzeko, lehenik eta behin zaldia orraztu beharra dago; bere ondoan jarrita, animalia lasaitzeko astia hartu behar da, eta, pixkaka, presarik gabe, bere gainean ibiltzeko zingila eta gainontzekoak jarri. Zaldian zuzen ibiltzen erakusten du Elortzak ere. «Ia gihar guztiak lantzen dizkizu eta ondo ibiltzen bazara, bizkarrezurra makila bat baino zuzenago uzten dizu!», aitortu du.

Arantzazuko Parketxeak eta Pottokalekuk euskal zaldia ezagutzeko jardunaldiak antolatu dituzte. Atzo izan zen lehen topaketa. Hilaren 31n eta irailaren 7an errepikatuko dute ekimena.

Lemoizko Goikomendi Hipika Kluba pottokaren erabilera bultzatzen ari da: «Elkarteek hazi egiten zituzten, baina, hipiken eskaririk gabe, pottoka gehienek hiltegietan amaitzen zuten»

EKINOTERAPIA eta «COACHING»-a

Ekinoterapiaren edo zaldien bidezko terapiaren funtsa honakoa da: bakoitzaren ezaugarri fisiko, psikiko eta sozialek zaldiak dituenekin bat egitea. Hori da, hain zuzen ere, Pottokalekun egiten dutena. Terapia osagarri honek medikuntza ohiko osasun zentroetatik ateratzea ahalbidetzen du, hipoterapiak zaldia bera erabiltzen baitu sendabide: bere mugimendu lasaien bidez, pasiboki estimulatzen dira gizakiaren alderdi fisiko eta kognitiboak.

Coaching-a, bestetik, zaldiak duen harrapakin izaerarekin lotuta dago. Izan ere, arriskua aurreikusteko zein beste izakien egoera hautemateko sentiberatasun handia du zaldiak. Beste animaliekin alderatuz, inteligentzia ezberdin bat, pertsona bat nolakoa den antzemateko gaitasuna, aitortzen zaio zaldiari. «Ikaragarri sentiberak dira zaldiak, gure gogo-aldartea zein den igartzeko gai dira eta horren araberako erantzun fidela ematen dute», esaten dute Pottokalekutik. A.G.

Historiaurreko zaldi gogorrak

Gaur, etzidamu eta irailaren 7an egingo diren «Bizi Pottoka!» jardunaldiak Jon Elortzak bultzatutakok dira. Bertan, adin ezberdinetako pottokak ikusi ahal izango dira, Ekaingo irudietan agertzen direnekin zenbaterainoko antzekotasuna daukaten frogatzeko. «Nahiz eta DNA frogak falta, orain arte egin diren froga apurrekin, eta, dauden aztarnekin, demostratu da gurutzaketa gutxien daukan arraza dela». Alegia, purutasun gehien daukaten zaldiak direla pottokak. «Historiaurreko zaldien oinordeko zuzenenak dira», erantsi du Elortzak.

Pottokaren ezaugarriengatik galdetuta, «bizirik irtendako animalia» dela erantzuten du boteprontoan Elortzak, «oso landakoa da, gure mendietan oso ohitua dago eta ekonomikoa da: ez du ezer behar, ez dago parasitoak kendu beharrik, aporik jarri beharrik... Bertakoa da».

Hemen dauden beste zaldi motak askoz ere «makalagoak» direla aipatzen du. Anemiak hartu eta neguak pasatzeko zailtasunak izaten dituzte. «Hauek ez dira hiltzen nola-hala... ez dira ez hiltzen!», barre egiten du Elortzak. «Txikienek aurrera egin dezaten zain zaude, eta, bitartean, zaharrek hor diraute, ‘ea noizbait hiltzen diren!’ esateraino». Negu gogorrak eta janari eskasia gainditzeko gai ere badira pottokak. Elortzak azaltzen duenez, argal-argal ikusi izan ditu bere pottokak, negua igaroko ez zutela pentsatu ere izan du, baina baita zera ere: urtea igarota moxalak gizen-gizen topatu ditu. «Beste zaldiek ez lukete inolaz ere baldintza berdinetan aguantatuko».

Hiru urteko zaldi arabiar polit bat oparitu ziotenekoa gogoan du: pottoka batekin utzi zuen uda osoa lagun baten terrenoan, baina, lehenengo izotzaldia heltzearekin batera, desagertu egin zen. «Aizu, zaldi arabiarrak ihes egin du, hemen ez dago!», joan zitzaion laguna. «Baina hori ez da posible, batek bakarrik ezin du ihes egin», erantzun zion Elortzak. «Han topatu genuen, zulo batean hilda, lehenengo izotzekin!». Jarreran ere bereziak dira pottokak, berak azpimarratzen duenez: «Beste zaldiek ez bezala, ez dute tratu txarrik onartzen. Onean ondo, eta txarrean... ahaztu». 

Horrez gain, bere amatasun senagatik, ikasteko gaitasunagatik, esker onekoa izateagatik eta kemenagatik bereizten da pottoka. Adi bedi bere irrintzia gure mendietan berriz!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo