UDATE
Gaurko Artegunak eta hilaren 31ko Hitzahats egunak Hazparne hartuko dute
A.B. | BAIONA
Hazparnen urteko bi kultur hitzordu nagusi iraganen dira abuztu bukaera honetan. Ehiartzea kultur etxeak Arteguna kale arteen bestaren IV. edizioa eskainiko du gaur. Eguerdiko bazkaritik gauera bitartean, arte diziplina ezberdinak proposatuko dituzten ikusgarriak aldizkatuz joango dira. Arratsaldean zehar azalduko diren emanaldiak gehienbat haurrei zuzenduriko ikusgarriak izango dira.
«Artegunaren laugarren edizioak betiere ber xedea du: harridura, irria, emozioak eta ametsak sortzea», nabarmendu zuten antolatzaileek. Horretarako, umorezko zirkua, objektu-antzerkia, akrobatak, musika eta esku dantza ikusgarriak izango dira. Eguerdian, Le P'tit Balu buhameen swing eta jazz taldea izango da Ehiartzeko parkean Artegunari ateak zabaltzeko. Bazkari musikalaren tenorea izango da jarraian, eta, jazz taldearen erritmoekin batera, trikitilariak ere bilduko dira.
Ikusgarriak, arratsaldeko ordu biak aldera hasiko dira, Zygote familiaren zirkuarekin. Eguneroko tresnak eskuetan hartu eta horiekin zirkua egiten du Zygote familiak. «Umorez beteriko zirku eskaintza izango da», argitu zuten antolatzaileek. Ondotik, beste lau konpainia agertuz joango dira. Kataluniako Estropicio konpainiak, akrobaziak, dantza eta antzerkia elkartzen dituen «Entropia» ikusgarria emanen du. Ondotik, Colas Rouanet eskuketaria eta zurezko kubo batekin akrobaziak eta dantzak egiten dituen Psirc konpainiaren txanda izango da. Arratsaldeko emanaldiak, La Conserverie pailazo konpainiaren «La tête en Confiote» ikusgarriarekin amaituko dira. Arteguna, berriz, Le P'tit Balu taldearen kontzertuarekin bukatuko da.
Hitzahats eguna
Hitzahats Zazpi Seme Alabak izeneko elkarteak, euskara eta euskal kulturaren inguruko eguna antolatu du datorren abuztuaren 31n, Hazparnen bertan. Eguerditik gauera arte, bertsolariak, trikitilariak, dantzariak, kantariak eta kontzertuak izango dira Hitzahats egunean. «Belaunaldi guztiei euskal kulturarekin lotutako zerbait euskaraz proposatuz, euskara karrikaratzea da gure xedea», esan zuten antolatzaileek.
Lehen ediziorako, hamaiketatik arratsaldeko bostak arte, Xabi Soubelet, Pantxix ta Marie, Beñadin Lohiague eta Jojo ta Ramuntxo entzuten ahal izango dira, besteak beste. Gaueko kontzertuan, berriz, Kolpez Blai, Txakun, DJ Pistoletak, Elisa Do Brasil eta Renaud Was Punk taldeak agertuko dira. Horiekin batera, egunean zehar, kale animazio ugari izango dira.