GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Polifonia

Aurkako gauzak esaten dituzten ahots ezberdinekin batasun eder bat sortzeko gai da. Baldintza batekin, armoniaren arauak errespetatzea

Greziar klasikoek musika medikuntzaren baitan ikasten zuten. Pitagorasentzat errealitate fisikoaren proportzioak ulertzeko erarik behinena zen. Keplerrek, astronomiaren aita alemaniarrak, bere hirugarren liburuan, garrantzitsuenean, Munduko armoniak izenekoan zera dio: «Zeruaren mugimendua ez da ahots askorentzako kanta bat besterik».

Musikak mundua ulertzeko balio du. Pasaporte internazionala da, belarri guztiek arretaz entzuten duten hizkuntza bakarra delako. Erlijio guztiek arautu gura izan dute. Horren adibiderako, bere alaba elizan ezkon zedin txistua eta danbolina Sarako plazan erre behar izan zituen danbolinterua. Irrazionala da ukitu ezin daitekeen zeozerren bidez aurrean daukazun jende guztia dantzan jartzea, barrez lehertzea zein malkotan urtzea.

Musikak, gainera, badauka gatazken konponketarako irakaspen bat, soilik bere legeetara hurbiltzen denari azaltzen diona. Aurkako gauzak esaten dituzten ahots ezberdinekin batasun eder bat sortzeko gai da. Baldintza batekin, armoniaren arauak errespetatzea. Hori da polifonia.

Baina nori axola dio horrek musika ikasketak egitea kultur teknikari izateko meritua ere ez den basamortu honetan.

Gu gerra garaietatik gatoz, eta hor polifoniak ez du lekurik. Custer jeneralak korneta jotzen zuen, eta ipuinetako karistiarrek adarra. Danborrak laguntzen zien Yatanka Jotake Zezen eseria-ren gerlariei. Sirena hots sudurkariak ernetzen zituen submarino sobietarretako marinelak. Gerran ahots bakarrak du lekua, agindu behar duelako. Eta hala behar du, rugbyan ibili garen guztiok ondo dakigu elkarrengandik hurbil eta norabide berean ez jokatzea zein mingarria den bizkarrean.

Baina garaiak aldatu dira, eta independentzia eta sozialismoa erdiesteko ezinbestekoak ditugun herritar gehiengo operatiboak sortzeko polifoniara ohitzen hasi behar dugu. «Brianen bizitza»-ko dialektika etsai bilatzailea desaktibatu eta armoniarako arauak bilatu behar. Oraingoz behintzat, herritar batasunaren muga zabaletan sar litekeen inor ere ez baitaukagu sobran. Eta ondorioz, ez eta euren ideiak ere.

Gure proiektu politikoak eskatzen dituen adostasun handiak lortzea eta gure ideia iraultzaileek eragiten diguten egonezina armonizatu behar ditugu. Jarrera biak errespetatuta, batak bestearen akuilu izan behar baitu, bestea bataren bideratzailea den neurri berean. Iraganeko amorrutik hitzegiten dutenen aurrean zira existentzialak jantzi eta ideiak aprobetxatu, sekula ere mespretxatu gabe, eta beste guztiok dauzkagun komunikatzeko bitartekoak eskainita. Hori bai, eraso pertsonala ekiditea eskatu behar zaie, itsusia izateaz gain, ezintasun adierazlea baino ez baita.

Ezkertiar eta abertzaleen buruetan dauden ideia eta sentimentu guztiak ez dira egokiak izango helburu ditugun adostasunei eusteko. Baina komunikabideen bidez adieraziko dituzten herritar, kolektibo, elkarte eta herri mugimenduak egotea oso aberasgarria da. Borroka ideologikorako ezinbestekoa den eztabaida etengabea pizturik mantentzen duen txingarra. Kritika ez baita eraso pertsonala, hobekuntzarako aukera bat baizik. Baina euskaldunoi, kulturalki, asko kostatzen zaigu hori barneratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo