GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Ametsen harira, mundu berriak iradokiko dituzte argazkiek

«Ametsak» izenburupean garatuko den Getxophotoren 7. edizioarekin Christian Caujolle komisario berriak bere hiru urteko zikloa abiarazi du, «Beste mundu batzuk» gai generikoa lantzeko asmoz. Bere ustez, eremu publikoak pribatu bihurtzen ari diren garaiotan, Getxokoa bezalako jaialdiek leku horiek guztiak jendearenak direla gogorazten digute.

p042_f01_251x137.jpg

Alvaro HILARIO | GETXO

Ohikoa den bezala, Ereaga hondartzan emandako prentsaurrekoak iragartzen digu abian dela Getxophoto jaialdia, aurten bere zazpigarren ediziora -«Ametsak» izenekoa- iritsi delarik. Hauxe dugu Christian Cajoulle komisario berriari dagokion hiru urteko zikloaren aurreneko ekitaldia.

Erakusketak edota argazki jaialdiak gai zehatz baten inguruan garatzea, antolatzea, gogoko ez badu ere, «Beste mundu batzuk» dugu Cajoullek aukeratutako «gai faltsua», horrek zinez egin nahi duena egiten uzten diolako.

Erakusketak egiteko eremu publikoak erabiltzea dauka ezaugarri nagusitzat 2007an jaiotako ekimen honek. Herriko Begihandi elkarteak bultzatuta, Getxoko Udalak zein ostalariek lagunduriko jaialdia da Getxophoto. Izan ere, Kultura zinegotzi Koldo Iturbek adierazi zuenez, arlo publikoa eta pribatua uztartzea da udal kultura ereduaren ildo estrategikoetako bat.

150.000 euroren ingurukoa da aurtengo aurrekontua, iaz baino %20 gutxiagokoa.

Komisario berria

Getxophotoren filosofia da komisarioari hiru urteko epea ematea, bere ideiak nahiz diskurtsoa azaltzeko denbora nahikoa izan dezan. Lehen hirurtekoa Alejandro Castelloteren ardura izan zen; eta Frank Kalerorena, berriz, iaz bukatu zen bigarrengoa. Kaleroren hiru urteko zikloak -aisiaren, zaharren eta umeen gorazarreek osatutako trilogia- helburu bat izan zuen: bizitzako garai desberdinetan gizakien askatasunaren erretratua eskaintzea.

Christian Cajoullek, berriz, «Beste mundu batzuk» aukeratu du gaitzat, eta aurtengo «Ametsak» emango dio hasiera zikloari. Gai horrek ahalbidetzen ditu jorratu nahi dituen kontuak.

Cajoulle argazkigintzan egin daitekeen guztia egin duen kritikaria eta komisarioa da. Michel Foucault, Pierre Bourdieu eta Roland Barthesen ikaslea eta kolaboratzailea izan zen. Editore grafikoa izan da «Liberation»-en, VU´Agentziaren sortzailea, Les Rencontres d´Arles-eko zuzendari artistikoa eta Rotterdam-eko Foto Biennale eta PhotoEspañako nazioarteko jaialdietako komisarioa ere bai.

«Arlesekoa edota PhotoEspaña gero eta arazo gehiago eta zentzu gutxiago dituzten egitura erraldoiak dira. Zentzua aipatuz, kontsumo modu ezberdinetan pentsatu behar dugun bezala, kultura hedatzeko bideei ere begiratu behar diegu -esan zuen atzoko aurkezpenean-, eta zeregin horietan hurbiltasuna funtsezkoa da».

Bere ustez, halako esperientziak eremu publikoetan garatzeak esanahi berezia dauka: «Eremu publikoak pribatizatuz doazen heinean -eta publizitatea horren isla dugu- , publizitarioak ez diren irudiak leku publikoetara ekartzeak leku horiek bereak direla gogorazten dio jendeari».

Iazko Getxophoto bisitatu zuen Cajoullek, «eremuan bertan esperimentatu gabe ezinezkoa baita honelakoak egitea», aitortu zuen komisarioak. Hala ere, nahiz eta maketak edota ikerketak egin, ez da lan erraza gauza hauek burutzea, gauzatzea: «Egin aurretik, gauza hauek kalean zelan geratuko diren ezin da jakin. Horrek egitasmoa zaila izatea eragiten du, baina interesgarria ere bai, beti ikasten baitut zerbait».

Ametsak, amesgaiztoak

Aukeratutako gaiaren nondik norakoak ere aditzera eman zituen Christian Cajoulle komisarioak: «Bizitzaren zati handi bat amets egiten ematen badugu ere, ezin ditugu horiek gogoratu, ezta dakartzaten irudiak ere. Argazkilari hauek beren ametsak zein gureak ikustarazten dituzte -hegan egitea, esaterako-; gazteak dira eta nork bere estetika izan arren, ez dabiltza irudi dekoratiboen bila, estetika hutsaren bila: argazkien bidez galderak egiten dituzte; hau da, hegan egiteak (Denis Darzacq-en «Hyper» bildumaren gaia, Ereaga hondartzan bertan dagoena) kontsumo gizartetik ihes egitea iradokitzen du, adibidez».

Cajoullek uste du hamazazpi argazkilari hauekin argazkigintzan diren «estetika guztiak» biltzen dituela aurtengo Getxophotok, egungo mundua zein honi aurre egin liezaioketen beste mundu asko gurera ekartzen dituztenak: «Gaur egungo mundua krisian baldin badago, mundu berriak asmatu beharko ditugu, ezta?», ondorioztatu zuen komisarioak.

Asteburuko ekitaldiak

Begihandi elkarteko Jokin Aspururi egokitu zitzaion aste honetan izango diren ekimenak azaltzea. Berebiziko garrantzia eman zion aurten lehenengo aldiz egingo den «Itxialdia»-ri: ezohiko leku baztertu batean, argazkigintzaren kontsumoaren kanalen inguruko hausnarketa eta eztabaida egingo dute hainbat argazkilariren eta jendearen artean. Monica Allende («Sunday Times Magazine»), Jordi Socias («EPS»), Julian Baron (argazkilaria) eta Cristina De Middel (argazkilaria) dira hizlarietako batzuk. «Itxialdia»-n parte hartzeko izena eman eta matrikula ordaindu behar da. Ostiralean izango da.

Aurreko egunean, XX. mendeko lehen laurdenean Jesus de Echebarriak (Bilbo, 1882) egin zituen argazki estereoskopikoen erakusketa zabalduko da Algortako Amezti kalean. Lehenago, Monica Allendek «Ikusteko modu berriak» tailerra eskainiko du.

Larunbaterako interes handiko ekimena dute prestatuta, bisita gidatua edota berezia: erakusketak ikusteko oinezko txangoa egingo da, Christian Caujollek eta jaialdian parte hartzen ari diren egile batzuk lagunduta. Izan ere, bertaratu egingo dira, besteak beste, J.J. Levin, Laurent Chehere eta Cristina de Middel. Txangoa 11.30ean abiatuko da Algortako Villamonteko liburutegitik (Villamonte, A8).

Bestalde, badira sei edontzi-azpikok osatutako bildumak, Getxoko sei tabernatan eskuratu daitezkeenak. Erakusketa guztien informazioa nahi duenak eskura dauka www.getxophoto.com webgunean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo