GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Kontxako Bandera eta Sagardo Eguna, Donostiako Euskal Jaietako hitzordu nagusiak, gertu-gertuan

Bihar hasiko da Kontxako Banderarekin amaituko den Euskal Jaietako aztoramena. Egunez egun handituz joango den egitarauak hurrengo larunbateko Sagardo Egunean joko du goia, estropada nagusiaren atarian.

p041_f01.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Euskal Jaien zurrunbiloak eztanda egingo du Donostian. Kontxako Banderako emakumezko eta gizonezkoen sailkapen estropadek berotuko dituzte motorrak bihar arratsaldean. Ostiralean, hiriaren suntsiketa eta berreraikuntzaren bigarren mendeurreneko egitarau berezia dela-eta, hainbat ekitaldi izango dira, besteak beste, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertua emango du, Konstituzio plazan, eta larunbatean, abuztuaren 31ko ospakizunak izango dira. Igandean, Kontxako Banderaren lehen txanda jokatuko da, 11.00etan emakumeek, eta 12.00etan gizonek. Egun osoan eskulangintza azoka zabalik izango da San Juan kalean. Giroa alaitzen ibiliko dira, bestalde, Estropadetako Zortzikoa, txistulari bandak lagunduta, eta trikitilariak. Arratsaldean, dantza solteko txapelketa izango da Konstituzio plazan, 18.00etan, eta segidan, Lauroba taldeak zuzenean joko du Kontxako Banderaren abesti estreinatu berria, 20.30ean. Hurrengo igandera arte, aste barruan ere ekintza ugari izango dira Donostian: herri kirolak, pilota txapelketak, soinu jardunaldiak. Esaterako, asteartean, irailaren 3an, Anjel Lertxundik eta Antton Valverdek Lizardi, Lauaxeta eta Leteren poemak irakurriko dituzte Victoria Eugeniako Klub aretoan, 20.00etan, Poesia Orduak izeneko ekimenean. Eta ostegunean, irailaren 5ean, kaleko zinema emanaldia izango da, Gartxot filma, 19.30ean, Zuloaga plazan.

Larunbatean sagardoa izango da jaun eta jabe, eta iaz bezala, ibilbide musikatua egingo dute, Loiola kaletik 10.00etan abiatuta Konstituzio plazaraino, sagardoa gurdian eramanez antzina garraiatzen zen moduan. Sagardogileek 11.00etan irekiko dituzte postuak, eta orduan zabalduko da Donostiako Nekazaritza Ekologikoaren XII. Azoka Bulebarrean. Egun osoan dantza saio ugari izango dira, baita erromeria eta bertso-saioa ere. Buruhandi, zezensuzko, txokolate-jateak ere ez dira faltako Sagardo Egun oparoan. Kontxako Banderaren azken txanpa jokatuta bukatuko dira aurtengoz Donostiako Euskal Jaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo