GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Isiltasunarekin hitz egiten

Jon GARMENDIA Idazlea

Etxetik urrun zabiltzanean, ikusten duzun gauza orok atentzioa deitzen dizu, izango da ikusi duzun gaztelu zahar batek sortutako txundidura, itsas kala eder batek bestela, edo herri tipi batean gelditu, ostatu batean sartu, eta jendeari beha sumatuko duzunak. Barra ertzean dago nekazari bat, Ricard bat eskuetan duela, aperitiboaren tenorea da, eta agian, abereei jaten eman ondoren berak jan aitzin eztarria freskatzen du, arropa zikinak ditu, baina herriko jendeekin hitz aspertu bat ukaiteak garrantzi gehiago du hala jantzita agertzeko lotsak baino. Ikusi duzu bikote bat, eta ohartu zara ordubete daramatela zokoan dagoen mahaian. Parez pare eserita daude, baina ez dute hitz askorik elkarri eskaintzeko, isil-isilik baitaude. Silvio Rodriguez kantariak erranen luke aingeru bat heldu dela haiengana, zeukaten maitasuna ebatsi diela, eta haren ordez, isiltasuna utzi duela. Ez dela gehiago magiarik haien artean. Aingerua bukaera batentzat. Baina ez dira gazteak, adinean sartuta daude; bai, zahartuta daudela errateko manera fina. Seguruenik, hitz egin beharreko guztia errana denean, beste kode batzuk bilatzen dira komunikatzeko, eta hor, isiluneak beharrezkoak dira. Pozik daude elkarren ondoan, lasai eta gustura sentitzen dira, eta hori aski zaie momentuaz gozatzeko. Ez dira besteek zer errango duten beldur, ez zaie axola, batak bestea duelako ondoan, eta horrela, babestuak sentitzen dira. Eta guk, dena hitzekin bete nahi izaten dugunok, ederki kostata lortu ohi dugu sentsazio hori. Gutitan dugu lasaitasunik, gutiagotan goxotasunik. Agian, proiektatzen dugun irudiak kezkatzen gaituelako gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo