GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Mila gezur eta bat gehiago

Mounir lagun aljeriarrak dioenez, arabiarrek ipuin herritarrak, elezaharrak eta ahozko poesia biziki maite dituzte. Mendebaldekook, aldiz, Xerezadek narratu zituen «Mila gau eta bat gehiago» ipuinek liluratzen gaituzte. Garai batetik hona, Mounirren irudipen bera nik ere badut, hots, gerrak eta iraultzak justifikatzeko arabiarrei hainbeste ipuin -txar- kontatzen dizkietela, ezen jada ez baitute existitzen direnik ere sinisten.

Siriako arma kimikoen alegia horietako bat da. Punta-puntako teknologiaz narratutako alegia. Islamistek beren kamerekin egindako bideo aski susmagarriak baino harago, gerra pizteko egiten ari den muntaketa ez da soilik sare sozialen esklusiba bat. Komunikabide klasiko eta errespetagarriak ere gezurretan dabiltza jendea eta politikariak engainatzeko.

Memoria apur batez eta perspektiba hartzeko pauso batzuk atzera eginez gero, gerra eta iraultza guztiak gezur batetik hasi edo abiatu direla ikus daiteke. Horra egia. Iruzur eder bat espirituak nekatu arte kontatua, errepikatua eta matrakatua denean, azkenean onartu eta sinesmen egiten baita.

Vietnamez gogoratzen gara, Tonkineko Golkoko gertakari hartaz, mende erdi geroago argitara emandako paper sekretuek gezurtatu zuten itsasontzi amerikarraren hondoratzeaz hain zuzen. Edo Colin Powellez, bikarbonato flasko bat eskuan Nazio Batuetan hizlari, Irakek arma nuklearrak zituela esaka. Irakiarrek oraindik ere bizi duten sarraskia ezagutzen dugu. Libian Gadafik Bengazi hiria bere tankeekin xehatzear zelakoan muntatu zuten gerra, Tunisiako Sidi-Bouzid-en immolatu zen gazte batek Arabiar Udaberriaren metxa piztu zuela... Historia handi guztiak sarritan probokatuak eta gutxitan egiaztatuak izan diren gertakari txepel batekin hasi ohi dira.

Arabiarren aurkako gerra psikologikoa ipuin erridikulu bat da. Al Jazeera, BBC, CNN ala France 24 hain gupidagabe dabiltza beren nagusien gerrak saltzen, ezen errealitatea deformatu eta deontologia aspaldi zappingeatu baitzuten. Desinformazioa erregela bilakatu da, Sirian eta harago. Ziztu bizian barreiatu den gaitz toxiko bakarra gezurraren legea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo