GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

En Vivo jaialdia, rock festa berri bat Kobetamendin

Bilbo prest da asteburuan beste jaialditzar bat hartzeko: En Vivo. Printzipioz Bartzelonan eta Madrilen ere izatekoa zen festak Kobetamendi izango du azkenean kokaleku bakar. Bi oholtza, hogeita bi talde, eta bi izar nagusi, Berri Txarrak eta The Offspring.

p041_f01.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Bilbao BBK Live Festival-en antolatzaile den Last Tour Internationalek, Bilboko Udalaren laguntzarekin, prest du jada Kobetamendi, jaialdi berri baterako: En Vivo. Hura nazioarteko talde indie eta ez hain indie sonatuenekin osatzen bada, honek Estatuko rock talde borrokalariak erakarri ditu.

Festa etzi abiatuko da eta larunbata arte luzatu; azpiegitura prest da. Horrela, gaurko 15.00etatik igandeko 08.00etara itxita izango da Kobetamendi trafikorako, eta bertaratu nahi duenak BEC edo EITBren egoitzaren atzeko aldetik abiatuko diren hogei autobusetako bat hartu beharko du, ostegunetik igandera iraungo den doako zerbitzua erabilita. Goian, gainera, kanpaleku zabala dago festibal zaleentzako (120.000 metro koadro, Arraiz mendian).

20.000 lagun aurreikusita

En Vivo-rekin Last Tour Internationalek Madrilen eta Bartzelonan abiatu zuen jaialdiaren eredua dakar ondo egokitua (eta inoiz zigortua) den Bilboko Kobetamendira. Eta gauzak zer diren, gurean lehen urtea duen ekitaldiaren pareko Bartzelona eta Madrileko jaialdiak bertan behera gelditu dira, sarrera nahikoa saldu ez dutela-eta. Kontuak horrela, hiriburu horietatik autobuskadak etorriko dira Bilbora -mila lagun inguru Madriletik eta beste horrenbeste Bartzelonatik-, baita Euskal Herriarekin muga egiten duten lurraldeetatik ere. Bilbao Live-kin konparatuz, «programazio eta ekoizpen aldetik jaialdi txikiagoa da -adierazi zuen atzo antolakuntzako Alfonso Santiagok-, eta atzerriko zalea erakartzeko indar gutxiago du; Estatuko zalea espero dugu». Santiagok onartu zuen Madril eta Bartzelonarekin aurreikuspenak bete ez izana, baina pozik agertu zen Bilbok izan duen erantzunarekin: «Hogei mila lagun inguru espero ditugu (eguneko), eta sarrerak merkeak direnez, azken orduko mugimenduak ere izango dira». Bi egunetako bonoa 35 euro inguruan da salgai, gastuak barne (45 inguru txarteldegian). Bihar 18.30ean Potatok irekiko du festa eta etzi The Offspring izango da izar nagusia. Tartean, Kaotiko, Lendakaris Muertos, Reincidentes, The Toy Dolls, Banda Bassotti, S.A. eta El Drogasek ere joko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo