GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Sozialisten matrakak

 

Malin eramandako gerlaren esperientzia gustatu zaio Hollanderi. Prest dago beste gerla baten pizteko Sirian, AEBetako nahi inperialisten laguntzeko. Frantses estatua zorpetua da, dirurik ez du, zergen kopurua inoiz baino altuagoa da frantses estatuan eta orain prest dago konflikto armatu batean sartzeko. Nola ulertu nahikeria hori ez bada horren gibelean Israelen defentsa ikusten? Oso erabaki larria da, Parlamentuan ez da debatitua izan eta konfliktoak ez luke inongo irabazirik ekarriko. Sozialistek egunez egun egiten duten lanak, hartzen dituzten erabakiek demokraziatik urruntzen gaituzte. Aurre egiten oposiziorik ez dagoelarik! Nora ezean dabil Hollande, presidente negargarria da, aspaldi izan den presidenterik txarrena, alta ez da deus gertatzen, ematen du estatuko indar sozialak lokartuak direla erabat, inork jakin gabe itsasontzi hori nora doan. Harrigarria da!

Bitartean oporretan egon gara, Ipar Euskal Herriko etxe guztiak bete dira, leihoetan hondartzako oihalak idortzen ageri ziren, eguraldi ederra izanik jendea etorri da barra-barra; kutxa batzuk beteko ziren dudarik gabe.

Haatik, gazteek ez dute begi onez ikusi inbasio hori. Kezka bat hedatzen ari da gazteen artean, etxebizitzarena alegia. Bigarren etxebizitzaren kopurua sekula baino altuagoa da, mugarik ez zaio eman nahi, gazteek zailtasunak dituztelarik bizitzeko tokiak atzemateko, beren ahalen araberakoak noski! Orduan, etxegintzan aterabide bat aurkitu dute, auzapezek eraikuntza gehiago baimentzea erabaki dute. Horrela, kostaldeko herrietan etxe asko sortzen dira. Auzapezek diote gazteek etxebizitzak behar dituztela eta eraikuntza bakoitz ehuneko hogeita hamarra etxebizitza sozialak direla. Erraten ez dutena da ehuneko hirurogeita hamarra ez dela soziala eta ez duela inork neurtzen bigarren etxe kopurua zenbatekoa den. Bestalde sozialak deitzen dituzten horiek izena dute soziala bakarrik, prezioak ez baitira hilabete sari baxuendako eginak. Alokairuak ere garestiak izaten dira. Horrez gain, argi da ur zikinen kopurua emendatzen dela sobera eta ez dela gaitasunik horrenbeste etxebizitza kopurua behar den bezala kudeatzeko. Ezintasuna handia da eta ez da txikituko auzapezen arduragabekeria ikusiz.

Horren ondoan, laborarien kezka handia da laborantzako lurrak txikitzen baitira. Maila horretan plangintzarik ez dago, auzapezek eskumen guztiak dituz- telarik laborarien eskubideak eta lan baldintzak babesteko.

Baionako Plantoun auzokoen okupatzaileek debate interesgarri batera gomitatzen gaituzte. Hutsak zeuden etxegintza publikoko etxebizitza okupatu ondoren kanporatuak izan dira. Inork ez ditu etxe horiek baliatzen, zergatik ez etxe horiek zailtasun sozialetan daudenen esku utzi? Zailtasun sozialak gero eta zabalagoak dira. Gizarteak aterabideak aurkitu behar ditu, elkartasunean oinarrituak. 26an Baionan elkartzeko gomita luzatu dute.

Oso behar konkretuak dira, hori plazaratzeko manifestaldi bat antolatua zen Donibane Lohizunen. Bukaeran bi atxilotu, hiru zauritu. Hau da frantses sozialisten demokrazia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo