GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arraunean edo igerian, eskubide sozial eta politikoak portu onera eramateko

Donostiako badia eta portuaren inguruan kolore desberdinek osatutako ortzadarra osatua zegoen, urtero legez eguerdian. Kamiseta moreak, gorriak, berdeak, horiak... zeramatzaten soinean. Laranja batu zitzaien, ordea, atzo «Libre» ontzia guztien artean kuttunena zutenen kolorea. Harriz harri eta herriz herri osatutako herri harresiari tantaz tanta osatutako ur harresia batu zitzaion.

p014_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Begi gehienak Kontxako badian jokatzen ari zen arraun lehian jarriak zeuden; baziren, ordea, portuko aldapan laranjaz jantzita pilatzen ari ziren dozenaka lagunei arretarik kendu gabe zeudenak. «Zergatik horrenbeste kamiseta laranja?», galdegiten zuen emakume batek, kolore horretako talderik ez zegoela aipatzen zuen bitartean. Kamisetaren atzeko aldean zeramaten mezuak, «Epaiketa politikorik ez! Libre», eman zion pista.

Hamabi eta erdietarako ekimena iragarrita bazegoen ere, ordu erdi lehenago portuaren inguruan laranja kolorea han eta hemen ikus zitekeen. Orduan iritsi zen, halaber, lagun bat piragua batean, laranja hura ere. Geroago, beste bi lagun, plastikozko ontzitxoan eta jada, aldapa lepo zegoela, bistaratu zuten lehenengoz bertaratutakoek espero zuten trainerua, arraunkadaka eskubide sozial eta politikoen defentsa aldarrikatu eta portura ekarri zuena, «Libre» ontzia. Txalo artean hartu zuen jendeak hura, baita portuaren sarreran handi zabaldu zuten pankarta ere.

Euren lanari amaiera emanda lehian parte hartutako arraun taldeak ere porturako bidean jarriak ziren ordurako. Haien artean nahastu ziren «Libre» ontzia, portutik abiatutako piraguak, baita epaiketa politikoaren aurkako aldarria egiteko uretara jauzi egiteko nagirik izan ez zuten dozena bat lagun ere. Tantaz tanta osatu nahi izan zuten denek ur harresia. Geroago arraun talde desberdinetako zaleek beste ontziak jasoko zituzten modu berean jaso zituzten trapu laranjak astinduz aldapan, eta «Ez, ez, ez, epaiketarik ez!» edota «Gora herri harresia!» oihuka.

Auzipetuei hitza

Lehian parte hartzen ari ziren ontziei tarterik kendu nahi gabe, kofradiaren ingurura egin zuen bidea olatu laranjak ondoren, bertan kokatutako agertoki txikiaren bueltara. Eleak mugimenduak antolatutako ekitaldian epaiketa politikoak jasan edo jasatear daudenei eman nahi izan zitzaien ahotsa. Hala, lehenik euren burua gorde duten Luis Goñi eta Xabier Sagardoi Xapo barañaindarren hitzak Donostiara ekarri zituzten gutun forman.

Herri harresiarekin konpromisoa erakutsi dutenei eman zizkieten eskerrak, eta omen egin «desobedientziaren bide oparoa» zabaldu zutenei. «Ez dugu ezkutatzearen erabakia hartu kalean egotearren, gure ezinbesteko konpromezu moduan ulertzen genuelako baizik, militante moduan desobedientziaren aferan sakondu nahi genuelako», irakurri zuten, aurrerantzean ere «epai eta militar arrotzen gainetik, herria eginez eta desobedientzia errotuz» lanean jarraitzeko asmoa berrestearekin batera.

Ezkutura jo behar izan dutenen ondotik, datorren udazkenean Auzitegi Nazional espainolera joan beharko duten hainbat herritar igo ziren taulara. Gobernu espainolak 2013-2014 ikasturtea makroepaiketena bilakatu nahi duela salatu zuten eta erabaki horrek ez duela inondik ere Euskal Herrian zabaldu den giro politikoarekin bat egiten. «Kartzelak husteko garaia iritsi denean, Gobernu espainolak kontrako bidea hartu nahi du, kartzelak betetzen segitzearena; eta horretan jarraituko du erabaki antidemokratiko horiek gelditzeko euskal gizarteak hartu behar duen konpromiso irmoa erakusten ez duen bitartean», aldarrikatu zuten.

Jokoan dagoena asko dela hausnartuta, eragile politiko, sozial eta sindikalei eta instituzioei dei egin zieten «erantzun sozial sendo eta argia bidera dezaten». Aldarrikatzen dutena, izan ere, herri erantzuna da, jada Euskal Herriko hainbat txokotan indartu dena eta helburu gisa «Euskal Herri osoa laranjaz jantzi» nahi duena.

Beñat Gaztelumendi bertsolariak ideia hori eta atzoko ekimenaren muina hitzez borobildu zituen, bertsotan. Laranjaz jantzitako jendearen aurrean gogoratu zuen, izan ere, une honetan «marea kontran» izanik ere, tantaz tanta osatutako «itsaso oso bat» dutela «alde».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo